angle-left "Zinema eta Edukakzioa jazarpenaren aurrean” zine-foruma abenduaren 11tik 14ra

Saioak Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan izango dira; lau filma, 19:00etan, doan.

2017/12/08

Erakutsiko diren filmak

Hezkuntza departamentuak jazarpen egoerei aurre egiteko darabilen politikaren barruan, ikasle, irakasle eta familiei zuzendutako zine-foruma antolatu du abenduan. Lau film eskaini dira Iruñeko Golem Baiona zinemetan eta filma aurkeztu eta ondorengo eztabaida gidatzeaz arduratuko da Maria Castejón Leorza, zinema kritikaria eta ikerlaria.

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak prentsaurrekoan aurkeztu du “Zinema eta Edukakzioa jazarpenaren aurrean” zine-foruma. Jazarpenari aurre egiteko Departamentuak hainbat ekimen ditu abian ikastetxeetan, Bizikidetza aholkularitzaren bitartez. Joan zen ikasturtean Laguntza programa abiarazi zen eta aurten indartu egin da ikastetxe parte-hartzaile kopurua gehituz. “Hezkuntza departamentuan jabetuta gaude bizikidetza lehentasunezko eginkizun bihurtzeko beharra dagoela, bai eta genero indarkeria prebenitzeko jarrera onak lantzea ere. Ildo horretan, 2018 aurrekontuetan, laukoiztu egin du Departamentuak Bizikidetzara zuzendutako diru-partida; 120.000 euro bideratuko dira, “azaldu du Hezkuntza kontseilariak.

Zine-foruma ere ildo horretan antolatu da: “eskola-jazarpenaren aurrean esku hartzeko beharra ikustarazteko, eskola-jazarpenaren kontrako konpromisoa sustatzeko eta parte hartzen duten inplikatutako guztiek jazarpen horren ondorioak ezagutu ditzaten, izan ikasle, familia, nahiz hezitzaile”, azaldu du Solanak.

Hala bada, oraingoan, ekimen ludikoago baten bitartez heldu dio Hezkuntza departamentuak eskola-jazarpenaren auziari. Lau film erakutsiko dituzte Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan abenduaren 11tik 14ra bitartean, eztabaida saio eta guzti. Horretaz arduratuko da Maria Castejon Leorza zine-programatzaile eta ikerlaria. Berarekin elkarlanean aukeratu dira zikloan erakutsiko diren zintak: “aukeratutako lau filmak eskola-jazarpenaren argazki eraginkorra erakusten dute, zinemaren erregistro, ikuspegi eta prisma anitzetatik. Bullyinga bere konplexutasun osoarekin eta manikeismorik gabe erakutsi nahi da ekimen honekin”.

Emanaldi irekiak

Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, “Laguntza formazio programak ikastetxeetan eskaintzen duena publiko orokorrari zabaldu nahi diogu ekimen honekin”. “Eskola jazarpena moduko gai hain zail eta labainkorraren inguruko eztabaida, hausnarketa eta sentsibilizazioa gizarte osora zabaltzea bilatzen dugu”, gehitu du kontseilariak. Izan ere, Laguntza programak bilatzen duena da bizikidetza arloan egin beharreko esku-hartzeak ez daitezela diziplinazko prozedura hutsak izan. “Eta, horretara dator ikastetxean bertan bizikidetza eta eskola-jazarpena prebenitzeko proiektuak sustatzeko asmoa. Egia da zuzendaritza taldeari dagokiola lidergoa sustatzea, eta horretarako ikastetxean bizikidetza batzordea dinamizatu beharra badago ere, hezkuntza komunitatea ere inplikatu beharra dago: tutoreak, ikasle-laguntzaileak, guraso elkarteak eta herri erakundeak, besteak beste”, gehitu du Solanak.

Bestalde, Ebaluazioa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Hezkidetza zerbitzu zuzendari Aitor Lakastak gogoratu duenez, Laguntza programa esku-hartze eta interbentzio programa da eskola-jazarpenari erantzuteko formazio ekintzen planifikazio eta sekuentziatuen bidez. “Ikastetxeek bide horretan lan egin dezaten bilatzen du: ez ekintza isolatuak, aldizkakoak edo zentroko bizikidetzan eraginik ez dutenak, baizik eta adostutako, planifikatutako eta zentzuzko ekintzak, ikastetxean eragitea helburu eta jomuga duten ekintzak”. Lakastak azpimarratu du, Laguntza programan ari diren ikastetxeei zuzenduta dagoen bezala, “zine-foruma herritar, familia, guztiei irekita dago, euren seme-alabak Laguntza programan parte hartzen egon zein ez”.

Horregatik, aukeratutako filmen artean dira Juan Cruz eta José Corbachoren Cobardes (astelehenean), Susanne Bier daniarraren En un mundo mejor (asteartean), Francisco Espadaren El país del miedo (asteazkenean) eta Barry Jenkinsen Moonlight (ostegunean); azkeneko bi pelikulak helduentzako dira.


Astelehenean, lehenengo film-emanaldiaren aurretik, Txon Vega Bizikidetza Aholkularitzarako Bulego-buruak egingo du zikloaren aurkezpena. Ondoren, Maria Castejón Leorzak gidatuko du film osteko eztabaida. Abenduaren 13an, El país del miedo filmaren zuzendari Francisco Espada han izango da.