angle-left 3 urteko 6.196 ikasle berri Nafarroako Hezkuntza sisteman

Horietatik %63 sare publikoan eskolatu da eta %37 itunpekoan

2018/09/05

Hezkuntza kontseilaria matrikulazio datuen berri ematen prentsaurrekoan

18-19 ikasturtea atzo bertan hasi zen zentro goiztiarrenetan eta irailaren 10era bitartean hasiko direnekin 98.522 ikaslek hasiko dute urtea, Haur eta Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Oraindik ere matrikula egiteko ezohiko epea zabalik denez, behin betiko zerrendak irailaren 7an argitaratuko dira. Oraingoz nafar ikasleen %62,6k sare publikoan ikasiko du (61.638) eta %37,4k itunpekoan (36.884).

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak jakinarazi dizkie datuok exekutiboko kideei gaurko gobernu saioan. 3 urteko umeen matrikula berriei dagokienean, 6.196 ikasle batuko dira hezkuntza sistemara, iaz baino 213 gehiago. 2018-19 ikasturterako matrikula berri hauek adierazten dutenez, sare publikoak 4 hamarreko egin ditu gora iazko zenbatekoekin alderatuta, eta 6 hamarreko gora orain bi urtekoekin konparatuz gero. Hala, aurten sare publikoak 3 urteko 3.917 ikasle berri hartuko ditu eta itunpekoak 2.279.

Solana kontseilariak azaldu duenez, behin behineko datuak dira hauek. Izan ere, ikastetxeak matrikula berriak EDUCA sisteman sartzen ari dira oraindik. Gehiengoek datu bilketa egin duten arren, gorabehera batzuk egon daitezke irailaren 7an behin betiko zerrendak argitaratu bitartean. Eta ondoren, irailaren 10etik 11ra (14:00ak aurretik) eginen da ezohiko matrikulazioa.

Hizkuntza ereduak eta etapen banaketa

Matrikulazio datuek, ereduka, hurrengo islatzen dute: A eta G ereduetan ari direla 41.734 ikasle, sare publikoan eta 30.478 ikasle itunpekoan. B zein D ereduetan, aldiz, 19.904 ikasle daude sare publikoan eta 6.406, itunpekoan.

Hezkuntza zikloei erreparatuta, aldiz, Haur Hezkuntzak 18.971 ume ditu. Horietatik %63 sare publikoan eta %37 itunpekoetan. Lehen Hezkuntzako 42.870 ikasletik %64,5 publikoan ari da eta %35,5 itunpekoan. DBHn (27.744) %59,9 publikoan eta %40,1 itunpekoan. Azkenik, Batxilergoan (8.937) publikoan ari da %60,5 eta itunpekoan %39,5.

Ikasturte berriko helburuak

Hezkuntza kontseilariak, datuak azaltzeaz gain, gobernu saio ondorengo prentsaurrekoan Hezkuntza departamentuak ikasturte berrira begirako helburuak ere aurkeztu ditu. 18-19 ikasturtea “legegintzaldi hasieratik landutako plan eta programa guztiak martxan izango dira lehenengoz ikasturte honetan”, azaldu du Solanak: Lanbide Heziketa eta Aniztasunari erantzuteko plan estrategikoak, hezkidetza Skolae programa eta eskola jazarpenaren aurrean jarduteko Laguntza programa, zein Gaitasun Pedagogiko-Didaktikoa hobetzeko eta Eraldaketa Digitalerako programa pilotuak, Berrikuntza Metodologikoaren eta Auto-ebaluaketa eta Hobekuntza Planen orokortzearekin batera.

Horretaz guztiaz gain, Irakaskuntza Publikoaren Hobekuntzarako Itunean jasotakoa indarrean sartuko da ikasturte honetan. Izan ere, itunak era progresiboan hainbat neurri ezartzea jasotzen du eta dagoeneko ikasturte berriarekin batera hasi da horietako bat: Haur eta Lehen hezkuntzako irakasleen aurrez aurreko eskola orduen murrizketa. Neurri hauek guztiek Hezkuntza departamentuaren aurrekontua handitzea ekarriko dute eta lehendik aurreikusitako inbertsioei gehituko zaie: Arbizu eta Erronkariko ikastetxe berriak edo Sarriguren, Mutila eta Oronoz-Mugairin egin asmo diren ikastetxeak.

Hezkuntza kontseilariak zehaztu dituen erronka eta helburu horiez gainera, landa eremuko eskolei begira indarrean sartu diren neurriak ere gehitu behar zaizkie, irakasleei zein ikasle taldekatzeei eragiten dieten neurriak. Pirinioetako ikastetxeetan hasi dira ikasturte honetan, Pirinioen inguruko Parlamentuko lan-taldean adostutakoari jarraituz.