angle-left Adimen-desgaitasuna duten 14 gaztek merkataritzako jarduera osagarriei buruzko profesionaltasun-ziurtagiria lortu dute

Foru Komunitateak gainerako erkidegoek baino estaldura-tasa handiagoa du; 250 ikasle ari dira gaur egun Lanbide Heziketa Berezian

2018/05/19

Eskubide Sozialetako lehendakariordea den Miguel Laparrak, Hezkuntzako zuzendari nagusia den Roberto Pérezek lagunduta, zuzendu du Mª Ana Sanz IES Institutuan ikasleak, irakasleak eta enpresak bildu dituen ekitaldia, diplomak entregatzeko.

Guztira desgaitasun intelektuala duten 14 ikaslek gainditu dute enplegurako prestakuntza-ikastaroa, 1. mailako Profesionaltasun Ziurtagiriaren titulu ofiziala lortzeko aukera ematen diena, “Merkataritzako jarduera osagarriak” arloan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak - Nafar Lansarek sustatuta Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean.

Eskubide Sozialetako lehendakariordea den Miguel Laparrak, Hezkuntzako zuzendari nagusia den Roberto Pérezek lagunduta, zuzendu du Mª Ana Sanz IES Institutuan ikasleak, irakasleak eta enpresak bildu dituen ekitaldia, diplomak entregatzeko.

Laparra lehendakariordeak ikastaroaren indarra eta berezitasuna azpimarratu ditu: “Ikastaroak arrasto berezia utzi du, enpresen aurretiko prospekzioa sartu baitu eta antzeko aurreko ikastaroekiko jarduerak hobetu baitira. Gainera, lankidetzako eta talde-lanerako dinamika oso aberasgarriak sortu dira”, esan du.

Zehazki, ikastaro honetan, 1. mailako Ziurtagiria lortzeko eman ohi den prestakuntza egokitu egin da adimen-desgaitasuna duten pertsonek titulu ofiziala lortu ahal izate aldera. Horretarako, teknikarien lana %17 gehitu da, lan eta gizarte arloko trebetasunei eta enplegua bilatzeari buruzko saioak eta guzti, zazpi enpresatan ohiko praktikak egiteaz gain: Ostalaritza Kooperatiba, Egungo Fisiomedikoa, El Corte Inglés, Zabalza frutak, Carrefour, Landare eta Cenor Etxetresna Elektrikoak.

Ekimena NEZ-NLk garatzen duen lan-ildoan kokatzen da; hots, jarduera-urratsak egokitzea eta aztertzea, adimen-desgaitasuna duten pertsonek enplegurako prestakuntzako deialdi arrunteko ikastaroetan sartzeko aukera izan dezaten eta, hala behar izanez gero, beharrezko laguntzak jaso ditzaten. Horretarako, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren aholkularitza eta Hezkuntza Departamentuaren laguntza praktikoa izan ditu.

Laparra lehendakariordeak lanean sartzeko bizitzan zehar prestakuntza jasotzeak duen garrantzia azpimarratu du, eta baita ere desgaitasuna duten pertsonei dagokienean. Eta Gobernuak desgaitasunarekiko duen “konpromisoa” erakutsi ondoren (adibidez, Enplegurako Zentro Berezientzat funtsak %65 igotzea), adierazi du zailtasun handieneko taldeak enpresa pribatuetan sartzen aurrera egin nahi dutela, batetik 50 langiletik gorako enpresen kasuan araudiak horrela eskatzen duelako, eta, bestetik, nazioarteko, Europako, estatuko eta eskualdeetako arau eta estrategia berriengatik, publikoki babesten direnak laguntzen bitartez, Nafarroan: Garapen Iraunkorreko Helburuak, Eskubide Sozialetako Europako Zutabea, Enpresaren eta Giza Eskubideen Plan Nazionala edo Espezializazio Adimentsuaren Estrategia.

“Enpresek, balio ekonomikoa izateaz gain, balio soziala, gizatiarra dute. Eta hori gauzatzean, esperientzia honetan erakutsi bezala, oso positiboa da, erakundeak zein pertsonak indartuta ateratzen baikara”, adierazi du.

Hezkuntzako zuzendari nagusia den Roberto Pérezek Nafarroako Lanbide Heziketako eskaintza azpimarratu du, arrunta zein berezia; izan ere, 250 ikaslerekin, Foru Komunitateak Estatuko estaldura-tasa handiena du. Halaber, nabarmendu du LHko edo enplegurako prestakuntzako titulazioen malgutasunak premia bereziak dituzten ikasleei aukera ematen diela dagokion gradua lortzeko ziurtagiriak batzen joateko.

Errefortzu teknikoa eta trebetasun soziolaboraletakoa

Guztira 336 orduko ikastaroa egiten hasi ziren gutxienez %33ko desgaitasuna duten 22 eta 34 urte arteko 16 ikasle (9 neska). Pertsona batek utzi egin zuen osasun-arrazoiak medio eta beste batek, baita ere gaixotasunarengatik, oraindik ez ditu praktikak amaitu.

Ikasleek honako hauen inguruko prestakuntza jaso dute: salmenta-puntuan birjartzea eta antolatzea, eskaerak prestatzea, paketeak maneiatzea, bezeroak artatzea, lapurreten edo larrialdien aurreko jokaera, e.a. Ikasleek teknikoki baliozkotutako currículum vitae-a lortzen dute eta lanerako elkarrizketei aurre egiteko prestakuntza.

“Desgaitasunen batekin jaio ginen, eta horrek nolabaiteko desabantaila ematen digu zuen egungo langileekin alderatuta. Baina badugu abantaila bat, eta ez izan zalantzarik; hau da, gauzak egiteko dugun gogoa, erakusten dugun interesa eta gure taldeetan eragiten dugun barrea”, baloratu du Ion Baleztenak.

“Ikastaro hau beste batzuen antzekoa izango zela pentsatzen genuen, baina ezberdina izan da”, erantsi du, enpresetako praktikak aipatuz. “Lan-aukera bat ematearen aldeko apustua egin duzue, eta horrek gizarteratzeko benetako lehen harria jartzen laguntzen digu”, amaitu du.

“Esperientzia ahaztezina”

Prestakuntzan 60 orduko praktikak egiteko aukera eskaini da NEZ-NL aurrez harremanetan jarritako zazpi enpresatan, prospekzio-lan bat egin ondoren.

“Praktiketan dagoen ikasle batek talde osoa humanizatu du. Esperientzia ahaztezina izan da” berretsi du Iosune Ochoak, Ostalaritza Kooperatibako Giza Baliabideetako arduradunak"; enpresa horrek lehen kontratazioa egingo du.

Gainera, ekitaldian, langileen eskertze-bideo bat erakutsi du. Enpresek honako hauek bezalako gaiak ebaluatu dituzte: puntualtasuna, lanak betetzea, jarrera, interesa, higienea, erantzukizuna, autonomia, bezeroekiko tratua, e.a.

“Ikasleen merituak eta irakasleen lanak ez du ezertarako balio zirkulua ixten duten enpresen lankidetzarik gabe”, laburbildu du Jose Manuel Dafaucek, IES Mª Ana Sanz Institutuko zuzendariak.

Ikastaro egokituak lanean sartzea errazteko

Honako hau NEZ-NLk programaturiko hirugarren ikastaroa izan da, 1. mailako ziurtagiriko ikastaroak egokitzeko, sartzeko baldintza errazagoekin, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonek lanerako merkatu arruntean sartzeko aukera izan dezaten titulazio ofizial eta guzti.

Halaber, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, NEZ-NLk desgaitasuna duen pertsona bat sartu zuen lorezaintzako ikastaro arrunt batean, harentzat egokitutako material eta errefortzuekin. Pertsona horrek ziurtagiria lortu zuen.

Urtearen amaiera aldera, NEZ-NLk 1. mailako Ziurtagiria lortzeko beste ikastaro bat antolatzea aurreikusten du arlo honetan: “Zoruak eta altzariak garbitzea eraikinetan eta lokaletan”, baita ere adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat.