angle-left Astelehenean argitaratuko dira lanbide heziketa zikloetan onartutakoen bigarren zerrendak

Matrikulazioa uztailaren 23tik 27ra izango da; Elizondon, San Adrianen eta Tuterako ikastetxeetan, uztailaren 31ra arte luzatuko da epea.

2018/07/20

Burlatako lanbide heziketako sukaldeen irudia

Uztailaren 23an, astelehenean, argitaratuko da lanbide heziketako zikloetan onartutakoen bigarren zerrenda. Era horretan, lehenengo zerrendan agertu ez zirenek aukera izango dute orain plaza lortzeko, 18-19 ikasturterako. Egun horretan bertan, eta uztailaren 27ra arte, egin beharko dute matrikula.

7.473 lagunek eman dute izena 18-19 ikasturtean lanbide heziketako zikloren batean ikasteko, goi eta erdi mailan. 3.919k dagoeneko lortu dute plazaren bat. Gainerakoek, astelehenean izango dute aukera, orduan argitaratuko direlako  bigarren zerrendak. Bigarren fase bat ere egongo da, abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran. Izan ere, lanbide heziketa ikasketetan onartze-prozesua gainerako hezkuntza etapekin sinkronizatutako dago, gazteek egiten duten eskariaren eta eskaintzaren arteko egokitzapenik onena segurtatu ahal izateko. Hala, unibertsitatean eta goi mailako zikloetan ikasi nahi dutenen banaketa egokia izatea ahalbidetzen da.

Bestalde, azpimarratzekoa da dagoeneko plaza lortu dute 3.919 lagunen bi herenak euren lehenengo aukeran lortu dutela plaza, eta argitaratuko diren hurrengo zerrendetan gora egingo du lehenengo aukera lortu dutenen kopuruak. Era berean, plaza lortu duten horietatik, %47,8k erdi mailako zikloren bat aukeratu du; %52,12k, berriz, goi mailako zikloren batean ikasiko du.

Astelehenean, onartutakoen bigarren zerrenda argitaratzeaz gainera, matrikulazio epea irekiko da, uztailaren 27ra bitartean; Elizondoko Lanbide Eskola IIP, San Adriango EGA ikastetxean eta Tuterako ETIn, berriz, uztailaren 31ra arte luzatuko da.

Ikasleen lehentasunak

Eskari gehien izan dituzten familia profesionalen artean, Osasuna, Informatika eta komunikazioak, Gorputz eta Kirol jarduerak, Fabrikazio mekanikoa eta Garraioa eta Ibilgailuen mantentze-lanak izan dira erdi mailako zikloetan. Goi mailako zikloen kasuan, aldiz, Osasuna, Gizarte eta Kultur zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak, Administrazioa eta Kudeaketa, Merkataritza eta Marketina eta Elektrizitatea eta Elektronika familiek izan dute eskari gehien.

Generoari erreparatuz gero, lehenengo zerrendan onartutakoen artean, gizonezkoak dira gehiengoa. Emakumeek eskatzen dituzten zikloak bi familia profesionaletan biltzen dira, batez ere: alegia Osasuna eta Gizarte eta Kultur zerbitzuak eta komunitatearentzako zerbitzuak. Ziklo horietan oso zaila da dagoen eskari guztia hartzeko eskaintza egitea; izan ere, merkatuak ere ez du gero eskari hori guztia bereganatzerik. Hori dela eta, Lanbide Heziketako Zerbitzuak hausnarketa bati ekin dio bokazio profesional hori guztia berrantolatzeko asmoz, 2017-2020 Lanbide Heziketa Plan Estrategikoak, eta baita Skolae Hezkidetza Planak, zehazten duenaren ildoan.

Zikloak euskaraz

Eskaintza euskaraz ere baduten familia profesionalen kasuan, erdi mailako graduetan gaztelerazko plaza  bakoitzeko izen-emateen 1,66 gazteleraz izan dira eta 0,78 euskarazko plaza bakoitzeko. Goi mailako zikloetan, aldiz, ehunekoak gehitu egiten dira. Hala, gaztelerazko plaza bakoitzeko 1,84 eskari egon dira eta euskarazko plaza bakoitzeko, berriz, 2,04 izen-emate. Ildo horretan, LHko Zerbitzua euskarazko eskaintza zabaltzeko aukera baloratzen ari da.