angle-left Europako saria Nafarroako bi eTwinning proiekturi

Ablitaseko San Babil eta Garesko Padres Reparadores ikastetxeko bi proiektu saritu dituzte

2018/03/06

Europa mailako eTwinning saria eskuratu dute Nafarroako bi ikastetxetako proiektuek. Ablitaseko San Babil ikastetxeak, Hiritartasun sariarekin, batetik, eta Garesko Padres Reparadores, bestetik, frantses hizkuntzako sariarekin. Guztira 700 proiektu aurkeztu dira eta saritutako 14 proiektuen artean daude Nafarroako biak.

 “La estrella digital” izeneko proiektuan aritu dira Ablitaseko San Babil Haur eta Lehen ikastetxekoak, Saint Florent Sur Cher-eko (Frantzia) Collège Voltaire ikastetxearekin elkarlanean. Hiritartasunaren saria irabazi du eTwinning Enbaxadorea den proiektuak. Juan Peñas Viso irakasleak diseinatu du, Frantziako bere kidearekin batera, eta ikasleak zein euren familiak modu kolaboratiboan landu dituzte  konpetentzia digitalak bost arlotan: informazioa, komunikazioa, edukien sorkuntza, segurtasuna eta arazoen soluzioa. Egindako proiektua originaltasunagatik eta aktibitateen diseinua zaintzeagatik nabarmendu dute; izan ere, hainbat lan dinamika erabili dituzte ikasleen interesa erakartzeko, eta zenbait tresna eta aplikazioren bidez esperimentatzeko aukera emateko. Kasu honetan, Frantziaren eta Alemaniaren aldeko botoekin irabazi dute saria, Ablitasekoak 6. mailako ikasleek.

Garesko Padres Reparadores ikastetxeko proiektu irabazlea “Twinlettres : regards critiques sur le monde” deitzen da. Mathilde Hugrel Vidal irakaslearen gidaritzapean aritu dira DBHko 2., 3. eta 4. mailako ikasleak. Frantseseko irakasleen Nazioarteko Elkartearen eta Frantsesaren babeserako Espainiako Zerbitzuaren aldeko botoekin eskuratu dute saria. Izan ere, kasu honetan, frantsesez landutako proiektua izan da, Errumania, Grezia, Tunez, Belgika, Italia eta Murtziako ikastetxe batzuekin batera.

Garesko ikasleena frantseseko idazketa kolaboratibo digitalari buruzko proiektu bikaina da. Murtziako Rey Carlos III Bigarren Hezkuntzako Institutukoak (Águilas) ere parte hartu du. Bera izan da Padres Reparadoreseko Mathilde Hugrel Vidal irakaslearekin aritu dena proiektua gidatzen. Ikasleek gutun-kontaketa sortu dute, Montesquieuren Persiako Eskutitzetan inspiratuta, eta elkarlanean ikasten aritu dira.