angle-left Hezkuntza departamentuak Xake Hezigarria hautazko ikasgaiaren curriculuma helarazi die institutuei

Bigarren hezkuntzako ikastetxeek 2018-19 ikasturtetik aurrera eskaini ahalko diete ikasgaia 1. eta 2. mailako ikasleei

2018/03/15

Ebaluaketa, Kalitatea, Prestakuntza, Berdintasuna eta Bizikidetza Zerbitzu zuzendariaren instrukzioak helarazi die Hezkuntza departamentuak bigarren hezkuntzako ikastetxeei, Xake Hezigarria materiaren diseinurako. Hurrengo ikasturtetik eskaini ahal izango duten ikasgaiaren antolaketa apirilaren lehena baino lehen aurkeztu beharko dute.

Zerbitzu-zuzendari Aitor Lakastak azaldu duenez, “instrukzio hauen helburua da datorren ikasturtean xake hezigarria eskaini nahi duten ikastetxeei lana bateratzea eta erraztea ikasgaia diseinatzeko orduan”. Era berean, Lakastak gogoratu duenez, “Prestakuntza Atalak irakasleak trebatzeko apustu sendo eta gutxikakoa egin du 2014-15 ikasturtetik eta espero izatekoa da formazio horri esker ikasgaia ezartzen joan dadila modu naturalean”.

Eskuragarri dauden material eta baliabide didaktikoei dagokienez, “Xake Hezigarriaren 7 koloreak” metodologian oinarritutako maila zuri eta horietarako testu-liburuak daude. Gainera, formazio ikastaroetan sortutako ariketa anitzak daude , bai euskaraz, bai gazteleraz, interesa duten ikastetxeen eskura.

Ikasgaia eskainiko duen irakasleak, dena delako departamentu didaktikoan dagoela ere, irakasleen trebakuntzarako maila zuria gainditu beharra dauka eta bi urtetan maila laranjara heltzeko mailaz mailako prestakuntzarako konpromisoa hartu beharko du.

Formakuntza ahalmena

 

Hezkuntza departamentuak gogorarazi duenez, “badira hilabete batzuk elkarlanean ari garela Nazioarteko Xake Maisu Roi Reinaldo, irakasle eta xake-jokalari Carlos Soler eta Nafarroako Xake Federakuntzako begirale Batzordeko presidente Julián Pérezekin batera, xake hezigarria Nafarroako ikastetxe publikoetan ezartzeko”. Aukerako ikasgaiaren curriculuma bestelako hainbat ekimeni gehitu behar zaio, hala nola, proiektu berritzaileen deialdia, ILZen bidez irakasleen formazioan egindako errefortzua edo tresna hau erabili duten irakasleek euren esperientziak elkartrukatzeko aurreko ikasturte amaieran egindako praktika onen jardunaldia.

Bigarren hezkuntzako curriculumean Xake Hezigarria hautazko ikasgai bezala gehitu nahi da berez duen formazio ahalmenagatik, Europako eta Espainiako parlamentuek aitortu bezala eta gamifikazioa tresna hezitzaile indartsutzat duten korronte pedagogiko berriei erantzuten die. Ez baita bistatik galdu behar eskolari egokitzen zaizkion funtzioetako batzuekin bat datozela xakeak dituen hainbat funtzio. Hala, xakean lau funtzio bereizten dira: garapena, gizarteratzekoa, terapeutikoa eta ludikoa; lehenengo biak daukate eskola testuinguruarekin harreman gehien. Funtzio ludikoak indartu egiten ditu ikasgaiak era naturalean barneratzea ahalbidetzen baitu, ohituta ez gauden bestelako testuinguru batean. Halaber, xakearen funtzio terapeutikoa garrantzitsua da eta erabilgarria izan daiteke atentzio eta jarrera arazoak tratatzeko. Bestalde, garapen funtzioari dagokionez, etaparen curriculumean erreferentzia diren gaitasunekin estuki lotuta daude xakearen bitartez lortu daitezkeen ahalmen eta jarrerak.

Ikasgaiaren helburua ez da xakean jokatzen ikastea, baizik eta modu ludiko batean haren trebakuntza izaera baliatzea ohitura, ezagutza eta gaitasun prozesuak garatzeko. Hainbat gaitasun eskuratzen laguntzeko trena gisa erabili nahi da xakea, behin gaitasunak izanda beste arlo eta egoeretara erabiltzeko, eskolan nahiz maila pertsonal eta sozialean. Laburbilduz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion gaitasun gehienak lantzen laguntzen du xake hezigarriak