angle-left Hezkuntza kontseilari Maria Solanak Nafarroako Eskola Kontseiluaren “Hezkuntza espazioa” Jardunaldien irekieran parte hartu du

Hezkuntza departamentuak 18.6780.358 euro bideratuko ditu 2018an zehar ikastetxeen eraikuntza, mantenua eta ekipamenduetan

2018/03/05

Heike Freire, Maria Solana eta Aitor Etxarte irekiera ekitaldian

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak ireki ditu Nafarroako Eskola Kontseiluaren “Hezkuntza eta espazioa” jardunaldiak. Gaur eta asteazkenera bitartean ari dira egiten jardunaldiok Nafarroako museoan eta erkidegoko hainbat ikastetxek parte hartuko dute euren esperientziaren berri emateko.

Solana kontseilariak beren beregi aipatu du ikastetxeen eraikuntzan Departamentuak darabilen eredu-aldaketa, eraikin energetikoki eraginkorragoak eta bestelako hezkuntza proposamenak hartzeko egokiagoak diren espazioak sortzeko. “2016tik egiten ari garen proiektu arkitektonikoen lizitazioek passivhaus eraikuntza motaren estandarrei jarraituta egiten dira; hau da, isolamendu termikoa, filtrazioen kontrola eta eguzki-energia sistemak erabiliz, ahalik eta gehien murrizteko energia kontsumoa”, adierazi du kontseilariak. Gainera, espazioen antolaketa ere zaindu egiten da “irakaskuntza metodologia berriak gauzatu ahal izateko” eta adibide gisa jarri du Arbizuko ikastetxe publikoaren Montessori metodologia.

Espazioen antolaketen inguruko hezkuntza esperientziak ezagutzera emateko jardunaldietan, kontseilariak adierazi du Hezkuntza departamentuak gehitu egin duela 2018ko inbertsioa, bai eraikuntzarako, bai mantenu nahiz ekipamenduetarako: 18.670.358 euro. “Departamentuaren 246 ikastetxe publikoek dituzten behar anitzei erantzun egokiena eman nahi zaie, era guztietako ezaugarriak baitituzte: XIX. Mendeko eraikinak, Erronkariko ikastetxe publikoa kasu; edo udala edo-eta taberna eraikin berean hartzen dituen Iturengo erakina”, azaldu du Solanak.

Azkenik, Hezkuntzak egiten dituen eraikin guztietan hezkuntza komunitate osoaren inplikazioarekin egiten ari direla azaldu du, eta gehitu du “jardunaldi hauek hezkuntza maila guztiak hartu behar dituen espazioaren inguruan dauden sentsibilitate guztiak bistaratzeko erakusleiho bikaina” direla.