angle-left Hezkuntza kontseilariak Berriozarko Institutuan izan da gaur bisitan

Departamentuak eta Berriozarko Udalak 239.648 euro inbertitu ditu ikastetxeko aterpea egiten

2018/02/12

Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, Berriozarko alkate Raul Maiza, Institutuko zuzendari Carlos Arellano eta Hezkuntzako azpiegitura zuzendari Eneko Ardaiz.

Maria Solana Hezkuntza kontseilaria Berriozarren izan da gaur, hango institutuan, kirol-pista estaltzeko egin den egitura ikusten. Berriozarko Udalarekin elkarlanean egin du obra Hezkuntza departamentuak eta kontseilariarekin batera izan dira Berriozarko alkate Raúl Maiza eta institutuko zuzendari Carlos Arellano. Guztira 239.648 euroko inbertsioa egin da patioa estaltzeko.

Berriozarko Institutuaren aspaldiko eskaria zen kirol-pistak estaltzea, ikastetxeak ez baitu estalitako gunerik, eraikinetik kanpo. Eskari horri erantzunez, Nafarroako gobernuak hitzarmena sinatu zuen Berriozarko Udalarekin, patioaren estalpearen inbertsioa bi erakundeen artean gauzatzeko. Hala, gobernuak 171.250 euroko partida onartu zuen gobernu akordio bidez eta Berriozarko Udalak gainerakoa jartzeko konpromisoa hartu zuen; azkenean 68.408 euro. Izan ere, 2017ko Nafarroako aurrekontuei zuzenketa bat egin zion gobernua sustengatzen duten lau talde parlamentarioek, Legebiltzarreko gainerako taldeek ere babestu zutena. Beraz, Departamentuaren eta Berriozarko Udalaren artean sinatutako akordioari esker gauzatu dira lanak. Eraikitako estalkiak 677 metro koadroko azalera hartzen du. Lanen proiektua AGL arkitekto enpresak egin zuen eta aurrekontu osoa 239.648 eurokoa izan da, BEZ barne. Lanak 75 egunean egin dira, abuztuan hasi eta urrian amaituta.

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak goraipatu egin du “bi administrazioen artean egon den sintonia patioa estaltzeko lanak arazorik gabe gauzatu baitira eta aurreikusitako epean”. Izan ere, lanak Hezkuntza departamentuaren eta Berriozarko Udalaren arteko hitzarmenari esker gauzatu dira.

Raúl Maiza alkateak adierazi duenez, “egindako inbertsioa ez da bakarrik institutuaren mesederako bakarrik. Udalak ere erabiltzeko eskumena dauka, eskola orduetatik kanpo ikastetxearen eta Udalaren artean adostu bezala”.

Aniztasuna oinarri

Berriozarko Institutua 2010ean inauguratu zen eta gaur egun 470 ikasle ari dira, 253 A/G ereduetan eta 217 D ereduan. Berriozarko ikasleak hartzeaz gain, Buztintxuri, Artika Berri eta Juslapeña, Berriobeiti nahiz Izako ikasleak ere hartzen ditu. Horrez gainera, asko hazi den herria izanik ere, mugimendu migratzaileek eragin izan dute ikastetxeko aniztasunean. Horrek, hain justu, ekarri du Berriozarko Institutuaren arlorik garrantzitsuena bizikidetza izatea. Aniztasunari erantzuteko modu eraginkorrean lan egiten dute ikastetxean eta hainbat programa sustatzen dituzte, hala nola, Aniztasun Curricularra. Izan ere, institutuko zuzendariak adierazi bezala, “ikastetxearen helburua da hezkuntza eta formazio integratua eskaintzea garapen pertsonala eta ikasleen gizarteratzea sozial eta akademikoa bermatzeko”.

Aniztasunari erantzuteko planari dagokionez, hasierako ebaluaketa egiten dute ikasleen premiak zeintzuk diren ezagutzeko eta horren arabera neurriak hartzeko. Hala, 6. mailako tutoreak eta Lehen Hezkuntzako orientzaileak egiten dituzte txostenak eta hasierako egunetan irakasleak ikasleen ohitura eta jarrerak ikuskatzen ditu; ondoren, eta beharrezkoa balitz, arlo bakoitzean eduki-probak egiten dituzte.

Beraz, Berriozarko institutuan, gaitasun, jarrera eta interesen arabera programa eskaintza anitza daukate antolatuta, ikasle guztien beharretara egokitu ahal izateko: curriculumaren egokitze adierazgarria, errefortzua jartzea, gune taldeak sortzea, bikoizketak, curriculum berezituko unitatea, irakasle laguntzailea, pedagogia terapeutikoa, ikasketan hobetzeko eta errendimendu programa, curriculumaren dibertsifikazioa eta egokitutako curriculumaren programa.

Institutuan gainera pedagogia terapeutikoan dabiltzan hiru irakasle dituzte, bai euskaraz, bai gaztelaniaz.

Ate irekien eguna

Otsailean eta martxoan ospatzen dituzte Berriozarko Institutuan ate irekien jardunaldiak, Lehen hezkuntzako 6. Mailako ikasle eta gurasoek ikastetxea ezagutu dezaten hurrengo ikasturteari begira. Aurten D ereduko ikasleek otsailaren 28an daukate institutua ezagutzeko aukera, 16:30ean, Areto nagusian; A/G eredukoek, berriz, martxoaren 1ean, ordu eta leku berean.