angle-left Hezkuntza kontseilariak eta NUPen errektoreak unibertsitate publikoaren hainbat urtetarako finantzazio-hitzarmena sinatu dute

Finantzazioak emandako zerbitzu-kostua hartzen du aintzat eta lortutako helburuetara baldintzatuta dago

2018/01/02

Carlosena errektorea eta Solana kontseilaria sinadura ondoren

Gobernu kontseiluak asteon hartutako akordioaren ondoren, gaur bertan sinatu da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren hainbat urtetarako finantzazio-hitzarmena, hezkuntza kontseilariaren eta NUPeko errektorearen artean. Hartutako akordioak lehentasunezko jotzen du NUPen finantzaziorako hainbat urtetarako gastua, 2018, 2019 eta 2020 urteetan. Zehazki, 57.698.079,21 euro, 2018an; 60.086.337,82 euro, 2019an; 62.731.114,37 euro, 2020an. Hala ere, kopuru hauek guztiak behin behinekoak dira eta berrikusi egin beharko dira urtero. 2018ko kopurua, esate baterako, Jarraipen Batzordeak zehaztuko du Hainbat Urtetarako Hitzarmenaren sinaduraren eta Batzordearen osaketaren ondoren. Hurrengo bi urtetako kopuruari dagokionez, urtero zehaztu beharko da sinatutako hitzarmenak dioen bezala.

Hitzarmenak lau atal nagusi ditu: Egiturazko finantzazioa, Emaitzengatiko finantzazioa, Hobekuntzetarako finantzazioa eta Inbertsioetarako finantzazioa. Izan ere, NUPen finantzazioa emandako zerbitzuaren kostua hartzen du aintzat eta lortutako helburuetara baldintzatzen du, hala nola, irakaskuntza, ikerketa, nazioartekotzea eta ezagutzaren transferentzia. Horixe, justuki, azpimarratu du hezkuntza kontseilariak sinadura ekitaldian, eta adierazi du: “Nafarroako gobernuak legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoa izan dela Nafarroako Unibertsitate Publikoari finantzazioa nahikoa ematea, goi mailako irakaskuntza emateko zerbitzu publikoarekin bete dezan eta, azkenean, gaur gauzatu da”. Era berean, kontseilariak eskertu egin die akordioa gauzatzeko lanean aritu diren “teknikari guztiei egindako lan eskerga, finantzazio formularen akordioa lortzeko bilera asko egin behar izan baitituzte batzorde-kideek”. “Lehendakariak adierazi zuen bezala, ikasturte hasierako diskurtsoan, gobernu honek hainbat aldiz adierazitako desioa eta urteetako aldarrikapena gauzatzea lortu du: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren hainbat urtetarako finantzazioa bermatzeko hitzarmena unibertsitatearen eta Nafarroako gobernuaren artean. Izan ere, hitzarmena elkarlanaren eta talde lanaren ondorioa da”, gehitu du Solanak.

Bestalde, NUPen errektore Alfonso Carlosenak azpimarratu du hitzarmenari esker "Nafarroako Unibertsitate Publikoak utzi diola Nafarroako aurrekontuen lerro soil bat izateari", bere kargu-hartze ekitaldian adierazi bezala. "Zenbakitik harago, hitzarmen honekin aitortu egiten da unibertsitatea garapen ekonomiko eta sozialerako eragile gisa eta ez soilik goi mailako formazioan arduradun; gainera aitortu egiten da ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta hedapenean duen eginkizuna ere". Bestalde, errektoreak berretsi egin du "unibertsitatearen autonomia errespetatuz, hitzarmen honek unibertsitatearen benetako planifikazioa ahalbidetzen duela, baliabideak optimizatuz eta lana eraginkorragoa izan dadin".Azkenik, gehitu du hitzarmena "unibertsitateek bestelako finantzazio iturri publiko nahiz pribatuak bilatzen segitzeko pizgarria" ere badela.

Egiturazko finantzazioa eta Emaitzengatiko finantzazioa gauzatzeko hitzarmenak, batetik, zehazten du hasierako kopurua zehazteko formula zein izango den eta, bestetik, aplikatuko den eguneratze araua hitzarmena indarrean egongo den 3 urtetako finantzazioa kalkulatzeko. Gainera, unibertsitate ekintzetarako eta ekipoak berritzeko nahiz azpiegitura berriak izateko gehienezko kopurua ere zehazten du hitzarmenak.

Finantzazio lerroez gain, titulazio berrien finantzaziorako prozedura ere zehazten da. Medikuntza graduari dagokionez, hitzarmenaren jarraipen batzordeari dagokio zenbateko finantzazio gehigarria beharko litzatekeen zehaztea, kalitatea bermatzeko arlo akademikoan nahiz ikerkuntzan eta onartuko den planaren arabera ezarriko diren ikasketen kalitatea bermatzeko.

Hitzarmenaren eranskinean jaso dira hasierako kopurua kalkulatzeko balioak. Aplikatzen den eguneraketa-arauak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren gehienezko gastuak izango duen aldaera hartzen du kontuan, %25eko portzentajearekin eta Aurrekontuen Aurreproiektuko I. kapituluak jasoko dituen kredituen aldaera, %75eko portzentajean.

Hitzarmenak beren beregi jasotzen du, Jarraipen Batzordeak izango duela ahalmena ezarritako finantzazioa egokitzeko nahiz atxikitako soberakinaren erabilera finantzazio-iturri gisa erabiltzea erabakitzeko.

Egiturazko finantzazioa eta Emaitzengatiko finantzazioa Nafarroako gobernuaren aurrekontuen azkeneko partidan jasoko dira eta Hobekuntzarako finantzazioak eta Inbertsioetarakoak partida zehatzari lotuta egongo dira.

Hainbat urtetarako finantzazioa ezartzea eta beronen parte bat lortutako helburuei baldintzatua egotea aholkatu zuen Comptos ganberak 2010ean egindako “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kudeaketaren Analisia” informeak eta ildo berean ari dira ere, Unibertsitateen Kontseiluak eta Unibertsitateko Politika Orokorren Konferentziak 2010ean egin zuten “Unibertsitateen Finantzazio Politiken Hobekuntza eta Jarraipena Dokumentua” zein 2013ko “Espainiako Unibertsitate Sistemaren Kalitatea eta Efizientzia Berritzeko eta Hobetzeko Proposamenak” informea.