angle-left Iruñea eta eskualderako Lanbide Heziketa plana aurkeztuko dute Solana eta Elizalde kontseilariek

Azaroaren 30ean amaituko da Planari ekarpenak egiteko aukera

2017/11/22

Elizalde eta Solana kontseilariak

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eta Landa Garapena, Ingurumena eta Tokiko Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Lanbide Heziketa 2017-2020 Plan Estrategikoaren aurkezpenean parte hartu dute, Iruñeko Maria Ana Sanz ikastetxean. Iruñea eta inguruetako hainbat eragilek eta irakaslek parte hartu dute aurkezpenean, eta ondorengo lan-saioan. Izan ere, ekitaldia plana ezagutzera emateko ekimenen barruan antolatu du Hezkuntza departamentuak.

Nafarroako Lanbide Heziketa 2017-2020 Plan Estrategikoa uztailaren 3an eman zen ezagutzera, Gobernuko lau departamenturen eskutik: Hezkuntza, Garapen Ekonomikoa, Landa Garapena, Ingurumena eta Tokiko Administrazioa eta Eskubide Sozialak.

Iruñekoa eskualdeka egiten ari diren aurkezpenen barruan antolatu da; hala, bi kontseilariek Iruñera eta eskualdera planak dakartzak ontasunak izan dituzte hizpide. Izan ere, Solanak adierazi duenez, “Nafarroako lanbide heziketaren eskaintza eta etorkizuna eraldatuko duen egitasmoa da Plana. Eta aintzat hartzen ditu ikasleen formazioa, kalitatezko enplegua eta garapen ekonomikoa, eta, nola ez, gure lurraldearen eta herritarren arteko kohesioa”.

Hezkuntza kontseilariaren iritziz, “gazteen garapen pertsonal eta profesionalean Lanbide Heziketa giltzarri da; hori dela eta, Nafarroak ezin du titulazio profesionalik gabeko herritar, ikasle, etorkizuneko langileak izan. Gurea bezala erkidego aberats eta anitz bat lanbide heziketaren eredu izan behar da”. Horregatik, gehitu du Solanak, “lanbide heziketaren aldeko gobernuaren apustua irmoa da eta horren erakusle dira, esaterako, legegintzaldi honetan inbertitutako 4,4 milioi euroak eta ekipamenduetan egindako 800.000 euroko inbertsioa”.

Lanbide Heziketako 21 ikastetxe biltzen ditu Iruñerriak: 11 sare publikoan, 6 itunpekoan eta beste 4 ikastetxe pribatu. Guztira, beraz, 6000tik gora ikasle aurrez aurreko eskoletan eta ia 1000 online ikasketak egiten. Aurtengo ikasturtean 10 talde gehitu dira Iruñea eta eskualdean: euskaraz  3 talde eta 4 gehiago eskaintza berriari lotuta. “Lan handia egin da Lanbide Heziketa Zerbitzutik ikasketa hauen eskaintza sendotzeko eta oso pozik gaude egindako apustuak izan duen erantzunarekin”, adierazi du Hekuntza kontseilariak.

Era berean, iragarri du datozen ikasturteetan eskaintza zabaltzeko 12 curriculum garatzen ari dela Departamentua. Horietako bat da “Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi Mailako Teknikaria”. “Oso egoki datorren ikasketa eskaintza dela deritzogu, Plan Estrategikoak ezartzen duen helburuei atxikia; hau da, gizarteak dituen beharrei erantzutera datorrena eta Skolae Hezkidetza planaren baitan koordinatzen ari garena”, azaldu du Solanak.

Horrez gainera, dagoeneko departamentua hasi da ikastetxeetako orientzaileei zuzendutako formazioarekin, DBHn eta Batxilergoan ari diren profesionalei zuzenduta, bai sare publikoan, bai itunpekoan. Formazio  ikastaro horren helburua da ikasleei behar bezalako laguntza eta aholkua emateko gai diren orientatzaileak ondoen formatzea. Izan ere, gizarteak, Lanbide Heziketa formazio ibilbide arrakastatsu gisa aintzat har dezan, ezinbestekoa da Lanbide Heziketan eguneratutako eta osatutako ezagutza duen orientatzaile talde sendoa izatea.

Ikastaroa 6 saiotan banatzen da: horietako 4 teoriko-praktikoak eta 2 Lanbide Heziketa zentroetara bisitak. 51 orientatzaile ari dira gaur egun 2 taldetan eta oso pozik gaude izandako harreragatik, zeren eta Departamentuko Lanbide Heziketaren eta Orientazio Zerbitzuaren arteko elkarlanetik sortu da ikastaroa.

Bestalde, Landa Garapena, Ingurumena eta Tokiko Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek azaldu duenez, “plan estrategikoa landa eremuaren zerbitzura dagoen tresna bilakatu” behar dela, “lurraldea era orekatuan garatu ahal izateko, baita era jasangarrian ere”. “Horregatik, lurralde bakoitzak dituen erantzunei erantzuteko gai den lanbide heziketaren alde egiten dugu, gazteen lan merkaturatzea ahalbidetzen duena, gertuen duten eremu geografikoan”, gehitu du Elizaldek.

Erakusketa publikoa

Lanbide Heziketa plana erakustaldi publikoaren fasean dago egunotan. Erakundeek nahiz gizabanakoek ekarpenak egin ditzakete Nafarroako gobernuaren gardentasun atarian, azaroaren 30era bitartean. Ekarpenak jaso ondoren, eta lan saioen emaitzekin, txostena osatu eta plana ontzea da asmoa.