angle-left Lanbide Heziketako hamaika ikasle nafar ari dira Skills txapelketan lehiatzen Madrilen

Europako eta Mundu mailako skills txapelketen aurrekaria da Nafarroako sei ikastetxeetako ikasleak jokatzen ari direna

2019/03/27

Lehiakide nafarrak, irakasle eta Hezkunde Departamentuko ordezkariekin.

Gaurtik eta ostiralera bitartean lanbide heziketako hamaika ikasle ari dira #SpainSkills txapelketan lehiatzen, Madrilgo IFEMA azoka-gunean. Euren tutoreekin eta Hezkuntza departamentuko ordezkariekin batera joan dira bertara. Fresaketa, elektronika, instalazio elektrikoak, industria kontrola, ebanisteria, aroztegia, lorezaintza, ibilgailuen margotzea, paisaia-loregintza eta artatze sozio-sanitarioa modalitateetan ari dira lehiatzen.

2019 lanbide heziketako olinpiadetan Nafarroako 11 lehiakideak 10 modalitatetan lehiatzen ari dira. Hala, orain arteko parte hartzerik handiena da aurtengoa eta 10 tutoreren laguntza izan dute prestaketa lanetan. Foru Erkidegoko sei ikastetxetako ikasleak Europa eta Mundu mailako txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute, Madrilen lortzen duten emaitzen arabera. Virgen del Camino, Donapea, ETI, Donibane, Nekazaritza-Basogintza ZI eta Lizarrako Politeknikoko ikasleak dira 11 lehiakideak eta guztiek daramate 2017tik lehiaketa prestatzen. Izan ere, txapelketa bi urterik behin jokatzen da eta orduan jaso zuten ikastetxeek parte hartzeko aukeraren berri. Harrezkero, tutoreen laguntzaz aritu dira prestatzen gaur lehiaketari ekin dioten arte.

Gaurtik hasita eta ostiralera bitartean, beraz, parte-hartzaileetako bakoitza ebaluatuko dute epai-mahaikideek egiteko agindutako ariketatako bakoitzean. Egunero, gehienez 8 orduko lanaldia izango dute egin beharrekoa gauzatzeko eta agindutakoa amaitzeko.

Enpresa eta hezkuntza

Spainskills txapelketak lanbide heziketaren bikaintasuna erakusteko aukera ematen du kultura, ekonomia, teknologia eta zientzia arloetan. Plataformak erakusleiho gisa funtzionatzen du eta lanbide heziketaren etengabeko sustatzea lantzen du, aldi berean gara daitezen hezkuntza eta enpresa ehuna. Gobernu erakundeek, enpresa-babesleek eta hezkuntza erakundeek bat egiteko aukera dute ekimenari esker.

Hala, txapelketak aukera ematen du enpresaren eta hezkuntzaren bateratzea gauzatzeko eta enpresek behar dituzten profesionalen formazioa ahalbidetzen du, biek ala biek onurak izan ditzaten, baita sozialki ere. Gaitasunak sustatzeko lehiaketak dira eta lanbide heziketaren beraren zabalkundea egiteko tresna egokia. Horregatik ere, skills txapelketa-antolatzaileak irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeak dira, helburu bakarrarekin: informazioa hedatzea eta ezagutza partekatzea profesionalen gaitasunen garapenaren inguruan, kalitatea eta berrikuntza sustatuz eta lehiakideen artean eta munduko adituen artean kultura partekatzea ahalbidetuz.

Nafarroako 11 lehiakideek aukera izango dute Europako (EuroSkills) eta Mundu mailako (WorldSkills) txapelketetan lehiatzeko, urte bikoitia eta bakoitietan, hurrenez hurren.

2007tik lehiatzen

Nafarroako parte-hartzaileak 2007an izan ziren lehenengo skills txapelketan. Orduan 3 modalitatetan lehiatu ziren eta harrezkero gehitzen joan dira, gaur egun 10 izan arte. Dominei dagokienez, hainbat aldiz lortu dituzte urrezko dominak: 2011, 2013 eta 2017  urteetan. Azkenekoan, esaterako, lorezaintzan irabazi zuen ordezkari nafarrak eta Abu Dabhin jokatu zen mundu mailako lehiaketarako txartela eskuratu zuen, Marta Busto Montalvok, Nekazaritza-Basogintza eskolako ikasleak