Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalak urte akademikoa hasi du - Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalak urte akademikoa hasi du - Dpto
Maria Solana kontseilariak parte hartu du 2017-18 urte akademikoaren hasiera ekitaldian.
2017/10/19
Kontserbatorioko ikasleak Blackbinder aplikazioa erabiltzen zuzeneakon
Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalaren ikasturte akademikoaren hasieran parte hartu du gaur arratsaldean Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. Kontserbatorioak arte eta batez ere musika ikasketa profesionalen alde egiten duen lana goraipatu eta eskertu du kontseilariak, eta lan horretan Departamenduaren babesa adierazi nahi izan dio zuzendaritza taldeari.
Aurten bi espezialitate berri ezarri dira Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionalaren, baxu eta gitarra elektrikoa. Eskari handiko bi musika tresna dira bai Nafarroako Musika Eskoletan, bai Goi Mailako Kontserbatorioan, eta ikasturte honetan emandako urratsarekin ikasle horiek ikasketa profesionalak egiteko aukera ere izango dute aurrerantzean.
Era berean, bada ikasturte honetan abiaraziko den beste berritasun bat ere: partitura digitalak erabiltzeko sistema. "Ekintzailetza eta artea batu dira oraingoan, Nafarroako enpresa berritzaile batek sustaturik, eta hori ere garrantzitsua da gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko honetan", adierazi du Solanak. Blackbinder izeneko proiektua Hezkuntza eta Garapen Ekonomikoa departamenduen laguntzarekin jarriko da abian Pablo Sarasate Kontserbatorioan. Tabletetan erabiltzeko aplikazioak paperezko partiturak ordezkatzen ditu eta erraztu egiten du musikariaren jarduna. Aurten, esan bezala, Kontserbatorioa sistema horrekin lanean hasiko da.
Nafarroan musika-ikasle kopuru egonkorra dago maila profesionalean. Aurten 594 ikasle arituko dira kontserbatorio profesionalean eta beste 322 goi mailako kontserbatorioan.