angle-left Patxi Larraintzar ikastetxean astelehenean hasiko dute ikasturte berria

Hezkuntza departamentuak gaur bertan jakinarazi die familiei aurreikusitakoa baino egun bat beranduago hasiko direla eskolak, geletako sabai aizuna konpondu ahal izateko

2018/09/03

Iruñeko Udala eta Hezkuntza departamentuak elkarrekin egindako azterketaren ondotik, Patxi Larraintzar ikastetxe publikoaren ikasturte hasiera egun batez atzeratzea adostu da; era horretan, irailaren 7an hasi ordez, irailaren 10ean ekingo diote eskolei, konponketa-lanek ahalik eta eragin gutxien izan dezaten ikastetxearen funtzionamendu egokian.

Udaleko eta Nafarroako Gobernuko teknikariak elkarlanean aritu dira ikastetxeko gimnasioaren sabai aizunaren zati bat behera etorri zela jakin zuten unetik bertatik. Errotxapea auzoko ikastetxeko lantaldeak eman zuen gertaeraren berri irailaren 27an, eta kalteek hasiera batean gimnasioari eragin badiote ere 2006-2007an berritu zen ikastetxe osoaren sabaiak ikuskatu dira.

Hala, gaur goizean bertan bi erakundeetako teknikariek adostu dute konponbidea gimnasioaren segurtasuna bermatzeaz gainera, ikastetxearen gainerako geletakoa ere bermatzeko. Hori dela eta, kaltetutako sabai aizunak kentzeko eta gainerako azpiegiturak egokitzeko enpresa bat kontratatu da urgentziaz; izan ere, ikasturtea berehala hastekoa denez, ahalik eta kalte gutxien eragin nahi da eta hori dela eta,  irailaren 10ean hasiko dira eskolak. Horretara, hain justu, gimnasioko sabai aizunaren instalakuntza berbera duten gainerako sabai aizunak botako dira.

Udaleko eta Departamentuko teknikoez gainera, Hezkuntza departamentuko zuzendari orokor Roberto Perez Elortza ikastetxeko zuzendaritzarekin batzartu da sortutako arazoa konponbidea hartu den erabakiaren berri emateko eta Departamentutik gaur bertan jakinaraziko zaie ikasleen familia guztiei. Sabai aizuna behera etorri izanak eragindako kalteek eta ondoren egin beharreko lanek aparteko eraginik izan ez dezaten ikasturtearen ohiko funtzionamenduan erabaki da egun batez atzeratzea Rotxapekoa ikastetxearen ikasturte hasiera.

Ave Maria ikastetxea zen hartan sortu zen Patxi Larraintzar ikastetxe publikoa. 2004an, artean UPN gobernuan zela, zentroa handitzeko proiektua onartu zuen gobernuak eta bi zatitan egin zen. Lehenengoa 2006an eta bigarrena, berriz, 2007an. Ikastetxearen mantenua, berriz, udalari dagokio, gainerako ikastetxe publikoekin bezala.

Gaur egun Patxi Larraintzarren 567 ikasle ari dira Haur eta Lehen Hezkuntzan, D ereduan.