angle-left Solana kontseilariak eskertu egin die Skolaen parte hartzen ari diren irakasleei Nafarroako eskolan berdintasunezko hezkuntzaren alde egiten ari diren lana

Jarduneko kontseilariak Skolae Berdin bidean hezkidetza programa UNESCOren nazioarteko sariketan hautagai dela iragarri du, neskato eta emakumeentzako hezkuntza 2019 sarietan

2019/06/13

Maria Solana kontseilaria eta Roberto Perez zuzendari nagusia, Osasunako jokalariak, Fatima Djarra eta Amaia Remirez

Jarduneko hezkuntza kontseilari eta gobernuko bozeramaile Maria Solana Aranak "Skolae, bideak irekitzen" jardunaldian parte hartu du. Hezkidetza programan lanean ari diren pertsona guztiei egiten ari diren lana eta erakutsi duten konpromisoa eskertu nahi izan die kontseilariak, eta azpimarratu du "Skolae jasaten ari den salaketa, jazarpena eta, azken batean, sorgin ehiza, dagoeneko erreferente bilakatu den, eta atzera bueltarik ez duen, hezkidetza programa" dela. Nafarroako hezkuntza sistemak hezkidetzan trebatutako 2.300 irakasle ditu eta "geroz eta gehiago dira lanean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna 0 urtetik hasita ikasten den gaitasuna izan dadin". Halaber, jarduneko kontseilariak "Bideak irekitzen dituzten emakumeak, Skolae erreferenteak" banatu dizkie Fatima Djarra Sani, aktibista eta kultura arteko bitartekariari, Amaia Remírez García ekozile eta gidoilari eta emakumezkoen Osasuna fubtol taldea.

‘Skolae, Creciendo en Igualdad-Berdin Bidean’ hezkidetza programa UNESCOren Prize for Girl’s and Women’s Education sarirako hautagai izendatu dute. Hezkuntzako kontseilari María Solana Aranak iragarri du gaur Baluarten, Skolaeren ikasturte bukaerako jardunaldiaren barnean. Skolae UNESCOren sarirako hautagai izendatu izanak Emakumeen eta Zientziaren Unitatearen (UMyC), Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren eta UNESCO Espainiaren bermea du, eta nazioarteko epaimahai batek erabakiko du irailean proiektu irabazlea ote den. Jarduneko kontseilari eta Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, "hautagaia izatea bera erabateko errekonozimendua da hezkidetza programa honendako, zenbaitek hezkidetzarekin zerikusirik ez duela dioten arren. Skolae Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin batera landutako parte-hartze bidezko programa da, diseinu-aldian berdintasunean, hezkidetzan, psikologian nahiz sexu-heziketan espezializatuta dauden adituen laguntza izan duena. Ildo horretan, programan bildutako sexualitate eta tratu onaren ardatzak estu-estu jarraitzen die UNESCOk, Osasunaren Munduko Erakundeak zein Osasun Ministerioak sexu eta ugalketa osasunaren arloan finkatuak dituzten ildo estrategikoei. Laburbilduz, harro egoteko moduko programa da, Nafarroa Hezkidetzaren abangoardian kokatu duena. Hauxe da Skolae", nabarmendu du jarduneko kontseilari eta Gobernuaren bozeramaileak.

Solanaren hitzetan, "hezkidetzari aurka egiten ahalegindu arren, emandako urratsetan ez dago atzera egiterik. Nafarroako gehiengo sozial eta politikoaren babesaz eta ondo egindako lanaren indarraz aurre egin diogu gizartearen zati baten eraso mediatiko, politiko eta judizialari".

Gaur Baluarten antolatutako SKOLAE Jardunaldiak 2017an zehaztutako ildoari jarraitu dio, ikasturte hasiera nahiz bukaera guztietan elkarrekin ikasi eta partekatzeko aukera eskainiz ikastetxeei, irakasleei eta senitartekoei, Programaren bidez hartutako berdintasunaren aldeko konpromisoa hobetuz. Horrela, SKOLAE 2017-2021 Hezkidetza Planari atxikitako 100 ikastetxeren baino gehiagoren lana nabarmendu eta aitortu da berriz ere. Horretarako, Departamentuak "Skolae praktikarik onenetzako sariak" banatu ditu, hezkidetzari buruzko diagnosia lantzean zein Hezkidetza-Nortasunaren Plana landu eta abian jartzean nabarmendu diren ikastetxeak aitortzeko xedez. Plan horretan bildutako askotariko alderdiei esker, ikastetxea berdintasunaren arloko erreferentzia bihurtzen da neska-mutilentzat eta gizon-emakumeentzat, baita aniztasun guztien (kultura, erlijioa, sexu orientazioa eta identitatea, funtzioanala) errespetu eta integrazioaren erreferentzia ere, jokabide hori liburutegira, webgunera, jolastokietara, tokien izendapenetara eta abarretara hedatuz. Zehazkiago esanda, honako hauek izan dira sarituak: Sanduzelai haur eskola, Ibarberri eskola publikoa, Virgen de la Oliva ikastetxe publikoa, Eunate DBHI eta Hezitzaileen Eskola LHI.

Jardunaldian, jarduneko Hezkuntza zuzendari nagusi Roberto Pérez Elorzak adierazi du Skolae programa hedatzen jarraituko dela, Nafarroako ikastetxeen erdira baino gehiagora iristeko asmoz. "Horrekin batera, lanean dihardugu dagoeneko, irakasleen eta espezialisten unibertsitate-graduetan ere hezkidetza lan dezaten", ziurtatu du Pérezez, betiere "familiendako prestakuntza eta tokiko eragileekiko beharrezko koordinazioa" baztertu gabe.

Bestetik, Ebaluazio, Kalitate, Prestakuntza, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendari Aitor Lakasta Zuberok bere taldearen kudeaketa defendatu eta eskerrak eman dizkie irakasleen prestakuntza koordinatzen ari diren 33 tutoreei, nafar hezkuntzaren historian aurrekaririk ez duen lan eskerga egin izanagatik. Ildo horretan adierazi du, Skolaerekin, berdintasunerako hezkuntzak dagokion leku estrategikoa hartu duela dagoeneko.

Biek mahainguru batean parte hartu dute berdintasun eta hezkidetza arloko buru Pilar Mayorekin eta programaren egilekide diren Miguel Angel Arconada eta Marian Moreno hezkidetzaileekin batera. Mayok esan duenez, "ikasgeletan bestelako ereduak erakutsi behar ditugu, berdintasuna ikasten baita; horixe da administrazio bezala dagokigun erantzukizuna". Ildo horretan, Arconadak adierazi du, "ikastetxeetan hezkidetza lantzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko, Skolaeren hasiera-hasieratik, tutoretza pertsonalizatuak abiarazi direla, ikastetxeen diagnosiak bideratu direla eta ikastetxeetarako hezkidetza planak landu direla, hezkidetza programaren garapenerako eta funtzionamendu egokirako giltzarrizkoak suertatu direnak". Familiei Skolae landu duten ikastetxeak aukeratzea gomendatu diete seme-alaben hezkuntzarako. Bestalde, Morenok Hezkuntza Departamentuaren jarrera txalotu du Skolae hezkidetza programa irmotasun osoz defendatzeagatik, izan ere, "beste inork beste inon eman ez duen funtsezko aurrerapausoa da. Bat eginik pertsonek askoz ere hobeto lan egiten dute, eta Nafarroako eskola publikoak merezi du".

Skolae erreferenteak

Zalantzarik gabe, Skolae jardunaldiaren unerik hunkigarrienetako bat, bideak jorratzen dituzten emakumeei Skolae Erreferenteak banatzeko ekitaldia izan da. Emakumeen lana bistaratu eta horien parte-hartzea sustatzea da ekimen honen helburua. Hezkuntza Departamentuak iaz abiarazi zuen aintzatespen hau, hezkidetzaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten emakumeen lana bistaratu eta horien ibilbideak ezagutzera emateko xedez, ikasgeletan jarritako hormirudien bitartez. Aurten, Fatima Djarra, Amaia Remirez García eta Osasuna futbol taldeko emakumeen lana aldarrikatuko da. Ekimenaren helburua, emakume hauen aitorpenaz gain, ikasleei eredugarriak diren emakumeei buruzko erreferente hurbilak eta garaikideak eskaintzea da. Horrela, aurtengo hiru posterrak nafar ikastetxeetan dauden Uxua Lopez Flamarique, Amparo Tomé González eta Teresa Zabalegi Reclusaren hormirudiei gehituko zaizkie.

Comando Igualdade

Bestalde, Comando Igualdaderen koordinatzaile Chis Oliveria Mavarrek eta Priscilla T. Retamozok, "Gazteak prestatzen dituzten gazteak: Galiziako berdintasunaren aldeko komandoen esperientzia" aurkeztu dute jardunaldian. Berdintasuna, zainketak, enplegua, indarkeriaren prebentzioa, banakako zein taldekako ahalduntzea, eta banakako zein taldekako konpromisoari buruzko kontzientzia ardatz dituen berdinen arteko prestakuntza-proiektua da, berdintasunerantz elkarrekin aurrera egitea helburu duena. "Berdintasunaren aldeko komandoa" Vigoko institutu batean sortu zen, eta geroztik, beste institutu batzuk bisitatu ditu ideiak, gogoetak eta prestakuntza partekatzeko. Esperientzia inspiragarri hau pilotu gisa abiatuko da hurrengo ikasturtean Nafarroako bigarren hezkuntzako bost ikastetxetan: Zizur BHI, Iturrama BHI, Burlata HHI, Iruñeko Hezitzaileen Eskola.

Jardunaldian, halaber, Melillako emakumeen aurkako indarkeria unitatearen ordezkari Elena Fernández Treviñok adierazi duenez, "berdintasunaren beharra giltzarrizkoa da herritarren aniztasunari eusteko". Horren harira gogoratu du "feminismo ilustratuaren identitate generikoak bestelako feminismoen ikuspegia estali duela, eta horren ondorioz, kulturanitzeko ikuspegi batean feminismoaren ikuspegi hertsi eta bakarra sartzea ez da batere baliagarria". Fernandezen esanetan, beharrezkoa da “kulturarteko feminismoen artean planteatzen diren mugak eta bereizketak saihestea”. Izan ere, bizikidetza benetakoa izan dadin, nahitaezkoa da kulturartekotasuna ere benetakoa izatea, eta ikasgelak leku egokiak dira bide horretan aurrera egiteko, erresistentzia eta askatasunerako esparruak izaten jarraitzen baitute ".

Bestetik, 2016ko Emakunde saria irabazi zuen Marta Macho Stadler matekatikari eta UPV/EHUko irakasleak datu zientifikoekin frogatu du kolektibo jakin bati buruzko estereotipoak baldintzatu egiten duela, “eta emakumeen eta STEMen kasuan, baldintzapen horrek eragin zuzena izan dezakeela azterketa baten errendimenduan nahiz egin beharreko ikasketeetan". Ondorioz, zera proposatu du: "emakumeei buruzko klixeak haustea, haurtzaroaz geroko itxaropenak mugatzen dizkieten heinean". Horrekin batera, hezkuntza arloan esku hartzeko zenbait proposamen egin ditu sexismo akademikoari ekiteko eta ikasketak aukeratzerakoan duen eragina murrizteko, "ikasleek hainbat arlotan dituzten gaitasunei buruzko pertzepzio negatibo irreala saihetsiz, neska-mutilen arteko taldeen bitartez lehen hezkuntzako nahiz bigarren hezkuntzako ikasleen lana sustatuz, eta klixe sexisten gainetik aniztasunaren balioa nabarmenduz, adinik goiztiarrenetan eta haurrak, senitartekoak nahiz irakasleak inplikatuz lanbideetako sexismoa eta ideia estereotipatuak lantzeaz gain, estereotipo horiek neska eta mutilen motibazioan eraginik izan ez dezaten, tradizionalki gizonei zein emakumeei egotzitako gaien inguruan".

Jardunaldiaren bukaeran, Clownklusioak aurkeztu ditu Oihulari Klown taldeko Virginia Imaz Quijerak. Demode Quartetek eta Lauko taldeko Ane Garces eta Idoia Sobrino txalapartariek ere parte hartu dute jardunaldi honetan.