angle-left Unibertsitateko Aditua Eskola Bizikidetzan eta Ziberbizikidetzan titulu berria NUPen

Matrikulazio epea abenduaren 20ra arte dago zabalik. Eskolak urtarrilean hasiko dira.

2017/12/05

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren bidez, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak titulu berri bat jarri dute martxan: Unibertsitateko Aditua Eskola Bizikidetzan eta Ziberbizikidetzan. 2018ko urtarrilean hasiko dira eskolak. Hezkuntza-, psikologia- eta gizarte-arloko unibertsitate-tituludunentzat da, eta 2017ko abenduaren 20ra arte zabalik dago matrikula egiteko epea. Tituluari buruzko informazio guztia, edukiak, irakasleak eta prezioak NUPen webgunean daude kontsultatzeko.

Titulu berriaren helburua da eskoletako geletako bizikidetzari eta tratu onei buruzko informazio osoa eta sakona ematea ikasleei, eta baliabideak eskaintzea eskoletan gerta litezkeen indarkeria- eta jazarpen-egoerak prebenitzeko eta halako egoeretan zer egin jakiteko. Tituluak sei modulu ditu, eta 15 kredituko ikastordu-kopurua. Horretaz gainera, beste behar bati erantzun nahi dio: komunikazioak, errespetuak eta aniztasuna balioesteak bizikidetzan duten garrantzia transmititzeko gai diren profesionalak prestatzea. Testuinguru horretan, ezin dugu ahantzi zein garrantzitsua den kultura eta herritartasun digitalerako heziketan parte hartzen dutenak baliabide digitaletan alfabetatzea.

Irakasleak eta edukia

Alicia Peñalva Vélez NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea da titulu berriaren zuzendaria; María Asunción Vega Osés, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Bizikidetzarako Aholkularitzako zerbitzuburua, berriz, koordinatzailea. NUPeko zenbait irakaslek eta hezkuntza-, psikologia- eta gizarte-arloetan lanean diharduten profesionalek emango dituzte eskolak.

Azkenik, hauek dira modulu bakoitzean landuko diren gaiak: bizikidetza eta ziberbizikidetza; pertsona eta talde arteko harremanak; komunikazio gaitasunak, gatazkak konpontzea eta bitartekaritza; eskola bizikidetzaren antolamendu-alderdiak; eskola bizikidetzaren arloan jarduteko lehentasunezko ildoak, indarkeria egoerak detektatzeko eta haietan esku hartzeko; eta eskola bizikidetzako jardunbide egokiak.