angle-left “Hezkuntzan, genero estereotipoei aurre eginez” Erasmus+GATE proiektuaren amaierako ekitaldian parte hartu du SKOLAEk

Nafarroako bi irakasle hizlari aritu dira Parisen, maiatzaren 24ean eta 25ean izandako topaketaren harira antolatutako mahai-inguruan

2023/05/31

Maiatzaren 24an eta 25ean, Erasmus+ GATE (Gender awareness tackling stereotypes in Education - Hezkuntzako genero-estereotipoen aurka) proiektuko kide diren bost herrialdeetako ordezkariak, Bulgaria, Danimarka, Finlandia, Frantzia eta Espainia Parisen bildu dira, elkarlanerako proiektua amaitutzat eman duen azken konferentzian. Bi egunez, irakasleek, ikerlariek, unibertsitateetako eta administrazioetako ordezkariek bat egin dute lan-jardunaldi batzuetan eta Erasmus+ GATE programak utzi dituen emaitzak eta horietan oinarritutako partaideek adostutako gomendio politikoak aurkeztu dira.

 

Topaketaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dira. Hitzaldiak, esaterako; besteak beste, Edith Maruéjouls geografoak eskainitakoa. Edith Maruéjouls generoan aditua da eta ikastetxeetako patioen eraldaketaren inguruan egindako ikerketak aintzat hartuak dira generoa eta urbanismoa lantzen dutenen artean, baita hezkuntza alorrean generoan adituak direnen artean ere. Bere hitzaldian, hainbat ikastetxetan garatutako esperientzien emaitzak azaldu ditu. Horrez gainera, proiektuan parte hartu duten pertsonen artean tailerrak eta mahai-inguruak egin dira. Nafarroako bi irakasle, Marina Palazón Martínez, Monrealgo Santa Barbara ikastetxeko irakaslea, eta Clara Pérez de Eulate, Altsasuko Zelandi ikastetxekoa, mahai-inguru horietako batean parte hartu dute. Bulgaria, Frantzia, Danimarka eta Finlandiako beste irakasle batzuekin batera, genero-estereotipoak zalantzan jartzeko proposamen didaktikoak gelaratzean Lehen Hezkuntzako ikasgeletan izandako bizipenei buruz mintzatu dira

Marina Palazón eta Clara Pérez de Eulate.

 

Ados agertu dira parte-hartzaile guztiak eta azpimarratu zein garrantzitsua den ikasleekin, txikitatik, sistematikoki eta modu antolatuan elkarbizitza eta berdintasuna mugatzen duten genero estereotipoei buruzko ikuspegi kritikoa lantzea. Halaber, azpimarratu dute beharrezkoa dela irakasleak ohartzea ikastetxe eredu hezkidetzaileetarantz egin behar diren eraldaketez, genero-identitateagatik edo sexu-orientazioagatik indarkeria edo bereizkeriarik egon ez dadin.

 

Bost herrialdetako bost hezkuntza-erakundek hartu dute parte Erasmus+ GATE proiektuan: Finlandiako Abo Akademi Unibertsitatea, Danimarkako KP University College Copenhagen, Bordeleko Académie (Frantzia), Bulgariako European Institute, eta, SKOLAE programaren bidez, Nafarroako Hezkuntza departamentua.

 

2019-20 ikasturtean hasi zirenetik, bazkide parte-hartzaileek hezkidetzaren inguruko praktika onak bildu dituzte, irakasleentzako prestakuntza modulu bat diseinatu dute eta 7 eta 12 urte bitarteko ikasleekin gauzatu diren proposamen didaktikoak gelaratu dituzte. Nafarroan, bost ikastetxek eta 15 irakaslek hartu dute parte SKOLAE-GATE Erasmus + proiektuan eta, horrenbestez, 300 ikasle ingurura iritsi da ekimena. Parte hartu duten bost herrialdeetan, guztira 54 irakasle aritu dira eta 9 eta 16 urte bitarteko 1.700 ikasleengana heldu da ekimena.

 

Esperimentazio fasearen ondoren egindako ebaluaziotik abiatuta, parte hartu duten erakundeek ondorio batzuk atera dituzte, eta ondorio horietan oinarrituta, konferentzian aurkeztu eta Europar Batasuneko hezkuntza-agintariei helaraziko zaizkien hainbat gomendio zehaztu dituzte

 

Gomendietan lehenak dio, “irakasleek denbora eta lan-antolaketa malguagoa behar dutela haien arteko lankidetza eta ekimen bateratuak bultzatzeko”. Halaber, proiektuak utzi dituen ondorioak ikusarazi dute genero-berdintasuna eskolako programa guztien txertatzearen garrantzia, eta Europako Batasunari horren alde egin dezan eskatu zaio. 

 

Argibide gehiago: 

https://gateproject.eu/

Bideoa:  Erasmus + GATE