angle-left ‘Artez hazi’ formazio lankidetza programak sekulako arrakasta izan du

Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek lan-arriskuen prebentzioa lantzeko bideoa osatu dute, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren kanpaina baterako

2017/12/14

Barañaingo auditorioa leporaino bete da "To rent or not to rent" ikuskizunaren estreinaldian

110 ikaslek, Oinarrizko Lanbide Heziketakoak, Gizarteratze Zentroetakoak eta baita langabezian direnak, aritu dira ‘Artez hazi’ formazio programan. Barañaingo Auditorioarekin elkarlanean jardun dute Hezkuntza departamentuak, Nafarroako Osasun eta Lan Publikoaren Institutuak eta Nafarroako Lan Sarek. Helburua izan da Virgen del Camino, Donibane, Uharte eta Burlata zentroetako nahiz Etxabakoitz, Haritz Berri, eta Lantxotegi tailer profesionaletako ikasleek lan-arriskuen prebentziorako material didaktikoa osatzea, Osasun departamentuak Lanbide Heziketa zentroetan hedatu dezan.

 

Ekitaldiaren aurkezpenean izan dira Hezkuntza kontseilari Maria Solana, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari María José Pérez Jarauta, Nafar Lan-saretik Trebakuntza Profesionalen Garapenerako zerbitzu zuzendari Ignacio Catalán, Nafarroako Osasun Publikoaren Lan Osasunerako zerbitzu zuzendari Iñaki Moreno, Lanbide Heziketa zerbitzu-zuzendari Esther Monterrubio eta Barañaingo alkate Oihaneder Indakoetxea. Arratsaldeko saioan Hezkuntza Zuzenari Orokor Roberto Perez eta Lanbide Heziketako zerbitzu-zuzendari Esther Monterrubio izan dira.

Hezkuntza administrazioak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak interesa daukate laneratu aurreko etapetan lan osasuneko edukiak eta irizpideak ezagutzen joateko metodologia zehatz eta berritzaileak ezartzen joateko. Horrela sortu da guztien arteko elkarlan programa.

Hezkuntza kontseilariak ‘Artez hazi’ moduko formazio programen garrantzia nabarmendu du, “ikasleak protagonista baitira. Gure geletan eta baita kanpoan ere (gaur bezala) gizarteratzeko baliagarriak diren ikasgaiak sustatu behar ditugu ikasleen egunerokoan aberasgarriak diren esperientziak direlako. Eskola tradizionalaren ereduak gainditzeko urratsak ematen segi behar dugu, eta hau bezalako esperientziak sekulako aukera dira bestela formazio prozesu batean era hain aktiboan inplikatuko ez liratekeen ikasleak erakartzeko”.

Lankidetza programa

‘Artez hazi’ proiektuaren bidez hainbat diziplina artistiko landu dituzte, bai ikasleek, bai irakasleek. Artea balioan jarri dute hazteko eta ezagutzara heltzeko metodo gisa, modu transbertsalean landuz. Modu kolaboratiboan egindako lana da; izan ere, lehenengo irakasleek jaso dute formazioa, metodologia aktiboen bitartez beharrezko ezagutzak helarazteko ikasleei. Era berean, modu aktiboan eta parte-hartzailean jardunez, proiektuak, gainera, balio izango du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunerako Institutuak garatu nahi duen kanpaina gauzatzeko, gazteen artean lan-arriskuen prebentzioa lantzeko. Hezkuntza kontseilariak adierazi bezala, hasierako helburua “handinahia” izan da, alegia, “prebentzio okupazionala lantzea dantzaren, hip-hoparen eta raparen bitartez; era horretan, gainerako lanbide heziketa zentroetan hedatuko den material didaktikoa sortzeko. Eta, gainera, ikuskizuna sortzea eta gauzatzea!”, azpimarratu du.

Barañaingo auditorioan aurkeztu duten ikuskizuna izan da programan parte hartu duten ikasleen ekoizpen lanaren amaiera. Esan bezala, aurrerantzean lan-arriskuen prebentziorako kontzientziazio kanpainari ekingo zaio, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Irabazi Asmorik Gabeko 26 zentrotan, 800 ikaslerengana iristeko. Lehenengo esperientzia honekin etorkizun hurbilean gainerako hezkuntza etapetara heltzeko oinarriak jarri nahi dira, batez ere Lanbide Heziketaren esparruan.

Oraingo honetan, Hezkuntza departamentuak ikasleen garraioa, lanbide heziketako irakasleen formazioa eta Barañaingo auditorioan egindako ikuskizunaren gastuak hartu ditu bere gain. Ikastetxeetako materialaren elaborazioa, maketazioa eta gainerako formazioa Osasun departamentuak hartuko du beregain. Nafarroako Lan-Sarek, bestalde, beregain hartu du ikasleen formazio zuzena. Eta La Caixa eta CAN Fundazioaren laguntza ere izan du programak.

“To rent or not to rent”

To rent or not to rent izena du ikuskizunak eta hainbat diziplina nahastuz osatu dute, rap, hip-hop eta antzerkia barne. Pertsonen arteko desberdintasunek sormen artistikoan ez dutela eraginik adierazten du ikuskizunak. Kulturen eta errealitateen arteko nahasketak berritzeko eta ekimen artistiko berriak sortzeko fusio perfektua sortzen du arteak, gizarte eraldaketa gauzatzeko eragilerik onena. Hala,  Barañaingo Auditorioak ekintza lerro nagusiari eusten dio: artea erabiltzea hezkuntza-tresna integratzaile gisa eta garapen pertsonalaren esperientziak ahalbidetzeko.