angle-left 500 emakumetik gora eta ia 200 gizonek parte hartu dute Skolae Hezkidetza programan

Hezkuntza departamentua gustura agertu da parte hartu duten 16 ikastetxetako klaustroen eta zuzendaritza taldeen nahiz tutoreen inplikazio mailarekin

2018/04/16

Aitor Lakasta, Maria Solana eta Pilar Mayo prentsaurrekoan

Hezkuntza departamentuak SKOLAE Hezkidetza Programaren martxa zein izan den azaldu du prentsaurrekoan. Lehenengo fase honetan Nafarroako 16 ikastetxek parte hartu dute, hezkuntza maila eta hizkuntza eredu guztietakoak. 700dik gora irakasle, gizon nahiz emakume, trebatu dira 0-3tik 18-20ra bitarteko etapetan hezkidetza integratzeko materialarekin. 

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak, Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Bizikidetza Zerbitzu-zuzendari Aitor Lakasta eta Berdintasun Atalburu Pilar Mayorekin batera, prentsaurrekoan eman ditu SKOLAE hezkidetza programa pilotuaren hasierako garapenaren xehetasunak. Nafarroako 16 ikastetxetan ezarri da ikasturte honetan SKOLAE. Solanak gogoratu duenez, iaz onartu zen ikastetxe eta hezkuntza komunitateari zuzendutako 2017-2021 Hezkidetza Plana, prozesu parte-hartzaile batetik abiatuta diseinatu eta garatua, Hezkuntza departamentuak koordinatuta, Osasun Publikoaren Institutuaren, Nafarroako Eskola Kontseiluaren, irakasleen eta sexologian, berdintasunean eta hezkidetzan adituak diren kanpoko teknikarien laguntzarekin. “Departamentuak hartutako sektorekako konpromisoetatik abiatzen da plana, Nafarroako gobernuak onartutako berdintasunerako urteko planaren baitan, Nafarroako Berditasun Institutuak proposatuta”. SKOLAEren erronka nagusia berdintasunarekiko konpromisoa adierazteko gai diren ikasleak lortzea da, jarrera berriak eta mutil berdinzale nahiz neska ahaldunduak ikustaraziz lagundu dezaten kultura berdinzale bat sortzen, zaintzarekiko arduratsua, emakumeen kontrako indarkeriatik libre, eta indarkeriaren, diskriminazioaren eta genero desberdintasunen aurrean modu arduratsu, argian eta irmoan erantzuteko gai izango dena.

Ikasketa ibilbidea

Planak proposatzen duen ikasketa ibilbideak hezkuntza etapa guztietarako helburuak eta urratsak zehazten ditu, 0-3tik 18-20ra bitartean. “Ibilbide horretatik abiatuta sortzen da SKOLAE Berdin Bidean programa, hezkuntza komunitate bakoitzaren bidelagun izateko era horretan umeek, jaiotzen direnetik eta hezkuntza etapa guztietan zehar, berdintasunean eta bakoitzak egindako hautuan bizitzeko beharrezko gaitasunak gara ditzaten”, azaldu du kontseilariak. Ibilbide anitz horren bitartez sortzen da zentro bakoitzean hezkidetzarekiko parte hartzea eta konpromisoa. Helburua da oinarrizko gaitasunak eskuratzea “neskato eta mutikoei ahalbidetuko dietenak bizitza proiektu propioa hautatzen, eraikitzen eta bizitzen, ezagutzatik, askatasunetik eta erabakitzeko gaitasunetik, genero baldintzarik gabe, desberdintasunak identifikatzeko eta haien kontra borrokatzeko gai izanik eta kultura, erlijio, klase sozial, egoera funtzional edo dena delakoan berdintasun eskubidea gauzatzeko gai izan”, azpimarratu du Solanak.

Era berean, kontseilariak aintzat hartu du “ikastetxe parte-hartzaileetako zuzendaritza taldeek adierazi duten konpromiso aktiboa eta bizikidetza lantzeko koordinatzaileak izendatu izana ikastetxe bakoitzean, talde sustatzailearekin zuzenean aritzeko ikastetxearen hezkidetza identitate integratzailearen ekintzak lantzen: jolas-tokiaren antolaketa, hizkuntzaren erabilera inklusiboa, familiekin komunikazioak, webaren irudia, eta abar”.

Solanak azaldu du zein izan den programa pilotuan zentroek hartu duten parte hartze konpromisoa. Formazio planean eta aholkularitza erdi presentziala izan dute ikasturte osoan zehar, bost formazio moduluren bitartez: “Ari gara esaten, trebatu diren 16 klaustroetan 700dik gora pertsonek parte hartu dutela (510 emakume eta 197 gizon) eta trebakuntza moduluetan ia 400dik gora irakasle eta tutorek parte hartu dutela (322 emakume eta 95 gizon). Gainera, horietako 90ek (77 emakume eta 13 gizon) trebakuntza berezitu bat jaso dute zentroaren diagnostikoa egin eta hobekuntza planak egiteko”.

Hezkuntza kontseilariak azpimarratu nahi izan du “esperientzia pilotuan aritu diren irakasleek izan duten parte hartzea, erakutsi duten motibazioa eta egin duten esfortzua, hausnarketa maila handia erakutsi baitute eta irakaskuntza hobetzeko autokritika zein berdintasunarekiko konpromisoa erakutsi baitute”.

Lehenengo ikasturte honetan barne koordinazioan lan egin du Hezkuntza departamentuak, parte hartze baldintzak nahiz eskakizunak bermatuko dituen araudia garatzeko. Parte hartu duen ikastetxe bakoitzak arduradun bat dauka departamentuan. SKOLAE programak 9 pertsonako formatzaile talde baten laguntza izan du lehenengo ikasturte honetan, irakaskuntzak eta berdintasuneko formakuntzan trebatuak. Programaren orokortze fasearekin taldea ere handitu egingo da.

SKOLAE programak hainbat eduki landu ditu; hala nola, formakuntzakoak, orientazio materialak eta gelarako aplikazioak. Online trebakuntza programa ere badauka eta datorren ikasturterako hobetu egingo du esperientzia. Gainera ikaskuntza helburuen ibilbidea garatu du etapako eta sistematizatutako orientazio didaktikoak zehaztu ditu 208 fitxen bidez formazio planean parte hartu dutenek geletan erabili ditzaten. Halaber, parte hartu duten ikastetxeentzako hedapen materialak ere egin dira, hala nola, posterrak, esku-orriak eta beste.

SKOLAEk, gainera, Haur hezkuntzako ikastetxeetako gurasoekin lan egin du, izan ditzaketen formazio premiak identifikatzeko eta hezkuntza ez formalean ari diren begirale gazteekin ere aritu da berdintasun eredu izateko duten gaitasunagatik.

Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Bizikidetza Zerbitzu-zuzendari Aitor Lakastak azaldu duenez, anitza da Hezkidetzari buruzko estatu eta foru mailako araudia. “Hezkidetzan oinarritutako eskola eredua aintzat hartu beharko genuke Hezkuntzaren kudeaketan ardura dugun administrazioek. Hezkuntza departamentuak Hezkidetza Plan garatua aurrera eraman nahi du, araudia betetzeko bermea izan daitekeelakoan”. Era berean, esan du: “zerotik ez garela hasi esan beharra dago. Duela 10 urte dagoeneko Berdintasun Plan bat onartu zen, baina murrizketengatik ez zen inondik inora gauzatu. Irakasleon ekimen gogotsuak, prestakuntza eta ikastetxe ezberdinen elkarlana bertan behera geratu zen. Skolaek ahalegin partekatu horren lekukoa hartzeko asmoa du, emakumeon eta gizonon benetako berdintasuna lortzearren”.

208 orientazio didaktiko geletan

Berdintasun Atalburu Pilar Mayok ikasgelan erabiltzeko sortu diren material didaktiko eta hezkuntza ekintzetan landutako edukiak sortzeko egindako lana azaldu du. SKOLAE programak egutegian zehaztutako 208 fitxa ditu, lau etapa nagusienentzako: 0-3 urte arteko zikloa, lehen eta bigarren hezkuntza, batxilergoa eta lanbide heziketa. 208 fitxa horietatik autonomia, independentzia zein lanaren zentralitatea dituzte hizpide 47 orientazio didaktikok; desberdintasunarekiko kontzientzia kritikoa eta aldaketarako konpromisoa latzen dute 43k; lidergoa, ahalduntzea eta gizarte parte-hartzea, berriz, 37k; 40k sexualitatea lantzen dute; 24k indarkeria zehatzak ekiditea eta beste 7k, berriz, jai eremuetako erasoak saihestea.

Mayok nabarmendu duenez, “datorren ikasturteko formazioak hasiera-hasieratik uztartuko ditu teoria eta praktika, eta gehituko zaizkio parte-hartzaileekin martxoan egindako orain arteko ebaluaketa eta analisi estrategikoetan bildu ditugun hobekuntza proposamenak”.

Gainera, Mayok esan duenez, SKOLAE programaren erronka nagusia da, “ikasleek ikasi dezaten euren gertuko ingurune sozialean ekarpenak egiten, parte hartze sozial, lidergo nahiz bai banakako zein taldeko ahalduntze ikasketetan geletatik ateraz. Berdintasunarekiko konpromisoan ekinez eta jarrera berriak erakusten, gizon berdinzale eta emakume ahaldundu ereduak ikustaraziz, horrek lagunduko baitu sortzen kultura igualitario, feminista, zaintzarekin arduratsua, askea, emakumeen kontrako indarkerietatik libre eta indarkeriari, diskriminazioari nahiz genero desberdintasunei modu argi eta irmoan erantzuteko gai”.