angle-left Alemaniako Berufskolleg Geldern lanbide heziketa zentroa bisitan izan da gaur Hezkuntza departamentuan

Dusseldof hiriko ikastetxea Iruñeko Virgen del Camino ikastetxearekin elkarlanean ari da Erasmus+ programaren bitartez

2018/01/19

Berufskolleg Geldern eta Virgen del Camino ikastetxeko kideak Kontseilaria eta LHko arduradunekin

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak, Lanbide Heziketako zuzendari Esther Monterrubiorekin batera, Dusseldorf hiriko Berufskolleg Geldern lanbide heziketa zentroaren eta Iruñeko Virgen del Camino zentroko zuzendaritza taldekideak hartu dituzte Hezkuntza departamentura egindako bisitan. Bi ikastetxeak Erasmus+ programaren baitan mugikortasun programa batean ari dira elkarlanean eta orain arteko esperientziaren berri ematera eta aurrera begirako proiektuez aritzeko baliatu dute bisita.

2015ean hasi ziren elkarrekin lanean Alemaniako eta Iruñeko lanbide heziketa ikastetxe biak. Orduan bi irakasle alemaniar izan ziren Virgen del Camino ikastetxean eta 2016-17 ikasturtean, berriz, hango ikasleak izan ziren Iruñean aprendiz automobilgintzan, lanbide heziketa ikasketekin amaitzeko azterketa prestatzen. Aurten Virgen del Caminok beste 10 ikasle hartzeko asmoa du, apirilaren 8tik 25era bitartean. Era berean, Iruñeko bost ikaslek bidaiatuko dute Alemaniara Geldern inguruko enpresetan praktikak egitera.

Berufskolleg Geldern ikastetxeko ordezkaritza osatu dute Administrazio eta Kudeaketa departamentuko arduradun Ulrich Joekenek, Departamentu Tenikoen arduradun Martin Lentyk, gaztelera eta administrazioa eta kudeaketa irakasle Waia Gudrubik eta europea proiektuen koordinatzaile eta gaztelera irakasle Erich Gisbert Thissenek. Virgen del Camino ikastetxetik, berriz, Dioni Butrón zuzendaria eta Imanol Laspidea irakaslea izan dira.

Berufskolleg Geldern institutu politeknikoa Renaniako distrituan dago, Iparraldeko Westfalian eta 2000 ikasletik gora ditu, gehien-gehienak lanbide heziketa dualean. Ikastetxeak lau familia profesionaletan eskaintzen ditu ikasketak: administrazio eta kudeaketa teknikoak (automobilgintza, elektrizitatea, elektronika, eraikuntza metalikoak, lorezaintza, igeltserotza eta zur eta harri eraikuntza). Virgen del Camino lanbide heziketa zentroarekin lantzen ari direna automobilgintza proiektua da.

Lanbide heziketa duala

Bisitan, gainera, lanbide heziketa dualaren inguruan proiektu gehiago abiarazteko interesa erakutsi du Alemaniako ikastetxeko delegazioak, eta halaxe adierazi diote Solana kontseilariari, Erasmus+ programaren bitartez. Nekazaritzako elikagaien inguruko proiektu bat sustatzeko proposamena egin dute, bertako produktuen ekoizpen eta kontsumoa sustatzeko, garapen ekonomikoaren estrategia gisa.

Era berean, bisita honetan Iruñeko Maria Ana Sanz ikastetxearekin ere elkarlanerako akordioa gauzatu da eta Administrazio kudeaketa eta Sistema informatikoak graduetako ikasleek ekintzak eta praktikak egin ahalko dituzte bi astez, mugikortasun programari esker.

 

Bestalde, apirilaren 18an Lanbide Heziketa Dualaren inguruko jardunaldia egingo dute Iruñeko Virgen del Camino ikastetxean, Alemaniako eta Nafarroako esperientziak elkartrukatzeko asmoz.