angle-left Buztintxurik, Uhartek eta Burlatak gela berriak dituzte

Hiru ikastetxeetako ikasleek Gabonetako opor ostean estreinatu dituzte gelak

2018/01/09

Uharteko automozio nabe berria. Argazkia: Uharte BHI

Hezkuntza departamentuak 7 milioi pasatxo inbertitu ditu Buztintxuri Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan, Burlatako lanbide heziketa zentro integratuan eta Uharteko Institutuan.

Buztintxuri ikastetxe publikoak gaur bertan hartu ditu eraikin berrian Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak. Eraikin berriak 27 gela izan ditzake. Lanak egiteko kontratua zuen enpresak lanak bertan behera utzi ondoren, Erriberri enpresak hartu zuen bere gain eraikin berria amaitzeko ardura eta Hezkuntza departamentuak aurreratu bezala, bete egin da konpromisoarekin Gabonetako oporraldiaren ondoren gelak erabilgarri izateko. Lanen aurrekontua 3.989.246,14 eurokoa izan da. Buztintxuri ikastetxearen eraikin berriak 4.268,92 metro koadro ditu eta 27 gela har ditzake. Guraso Elkarteak urtarrilaren 26rako antolatu du ate irekien eguna eta Hezkuntza kontseilari Maria Solana han izango da.

Lanbide Heziketako azpiegitura berriak

Era berean, Uharteko Institutuko eta Burlatako Lanbide Heziketako zentroek ere azpiegitura berriak estreinatu dituzte urte berriarekin. Uharteko institutuan 900 metro koadroko automoziorako nabe berri bat eraiki da eta bigarren solairuan, 700 metro koadroko birmoldaketa egin du Hezkuntza departamentuak. Aurrekontua 1.129.086 eurokoa izan da.

Bestetik, Burlatako ikastetxean azpiegitura berritzeko eta zabaltzeko lanak burutu dira. Sukaldeak zeuden eraikina bota eta 1485 metro koadroko berri bat eraiki da, sukalde berriekin, aldagelekin eta estetika gelekin. Aurrekontua 1.930.432 eurokoa izan da.

Lanbide heziketa bi zentroetan egindako lanek azkeneko urtetan bi ikastetxeetan zeuden azpiegitura arazoak konpontzera datoz. Hezkuntza kontseilariak bi eraikinetan egindako hobekuntzak bisitatzeko asmoa dauka urtarrilaren amaiera aldera.