angle-left Hezkuntza departamentuak 700.000 euro banatu ditu ikerlari berrien formazioan eta nazioarteko mugikortasunean

Doktore tesiak egiteko 10 laguntza eta atzerrian ikerketa lanetan aritzeko doktorego aurreko beste 13 eman ditu

2018/02/01

Hezkuntza departamentuak 2017ko Formazio Plana eta I+Gari dagozkion Nafarroaren intereserako doktore tesiak egiteko eta ikerlariek atzerrian egonaldiak egiteko laguntzak banatu ditu.

Doktoretza aurreko laguntzek formazio eta ikerketa programetan trebatzea bilatzen dute, laguntza ekonomikoen bidez Nafarroaren intereserako izango diren doktore tesiak egiteko, era horretan unibertsitate ikasle nafarrak goi mailako hezkuntza eta ikerketa zientifiko sistema europarrera gehitu daitezen eta, bide batez, Nafarroako ekoizpen egiturara. 88 eskari aurkeztu dira oraingo deialdian eta horietako 10ek lortu dute diru-laguntza; 5 emakumek eta 5 gizonezkok. Tesia egiteko laguntza jaso dutenetako 4 ikerlari NUPekoak dira, beste 4 Nafarroako Unibertsitatekoak eta bana UPV/EHU eta UNEDekoak.

Onuradunek hiru urtetako doktoretza aurreko kontratua izango dute. Batez beste, laguntzak 63.300 eurokoak dira. Guztira, beraz, 633.000 euro eman ditu Hezkuntza departamentuak.

Nazioarteko mugikortasuna

Bestalde, gaur egun doktoretza aurreko laguntzarekin lanean ari diren ikerlariek nazioarteko egonaldiak egin ahal izateko deialdia ere ebatzi du Hezkuntza departamentuak. Laguntza hauen helburua da tesia egiten ari direnen formazio programa indartzea eta euren ikerketaren garapena sustatzea, baita ikerlari nafarren ikerketa-lanak nazioartekotzen laguntzea ere.

Aurtengo deialdian 13 doktore aurreko ikerlarik jasoko dituzte laguntza osagarriak, hileroko soldata eta bidaia-poltsarekin batera. Laguntza bakoitzaren batez bestekoa 5.200 eurokoa da. Guztira, beraz, 67.476 euro.

Laguntza hauek bi eratakoak dira. Batetik, egonaldi laburrak (1-3 hilabete) egiteko atzerriko egoitzetan, formazio programa indartzeko eta tesiaren garapena sustatzen laguntzeko. Egonaldiek esanguratsuak eta onuragarriak izan behar dute, eta ikerketa laborategietan lanean aritzeko, funts bibliografikoak edo dokumentalak kontsultatzeko, teknika instrumental berriak ikasteko edo landa-lanak egiteko baliatu behar dira, besteak beste.

Bestetik, aldi baterako egonaldiak errazteko balio dute; 4-9 hilabete bitarteko egonaldiak atzerriko zentro batean euren tesi proiektua han garatzeko, ahal dela ikerketa lan kooperatibo batean, edo unibertsitateen arteko doktoretza aurreko programa batean aritzeko.

Nafarroako gobernuak doktoretza aurreko laguntza-deialdia 2016an berrartu zuen eta mugikortasun programa, berriz, 2017an.

Gaur egun 33 doktore aurreko ikerlari ari dira programa honi esker euren tesi proiektuak garatzen. S3 estrategiaren erronkatako bat da, hain justu, goi mailako titulazioa duen herritar aktiboen %24 sektore zientifiko teknikoan aritzea eta helburu horretara iristeko inoiz baino premiazkoagoa da ikerlari berrien formazioa, eta horri erantzutera dator Hezkuntza departamentuaren doktore aurreko laguntza programa.