angle-left Hezkuntza metodologia aktiboen formazio ibilbidearen diseinu eta garapenean ari da

Datorren asteartean, Nafarroako Museoan, Bartzelonako unibertsitateko soziologian katedradun eta metodologia aktiboetan aditua den Ramon Flecha izango da hitzaldian, eskolaren eraldaketaren eta irakasleen trebakuntzak horretan duen garrantziaz.

2017/12/14

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak prentsaurrekoan aurkeztu du datorren asteartean, abenduak 19, metodologia aktiboen, proiektuetan oinarritutako ikasketa prozesuen, adimen anitzeko eta ikasketa kooperatiboen inguruan egingo den jardunaldia. Metodologia horiek guztiak dagoeneko lantzen dira Nafarroako hezkuntza sisteman, baina trebakuntza ibilbide batean bildu nahi ditu orain Hezkuntza departamentuak. Horretarako lanean hasita dago Formazio Zerbitzua eta era horretako proiektuetan liderrak diren  40 bat irakaslek parte hartuko dute asteartean egingo den lan-saioan.

 

Solanak gogoratu du legegintzaldiak ezarritako helburuetako bat dela “gaur egungo gizarteak dituen hezkuntza eskakizunei erantzutea” eta eskola publikoa eguneratzeko eta modernizatzeko konpromiso horretan “giltzarri dira metodologia aktiboak”.

“Eskola publikoa hobetzeko konpromiso irmoa daukagu XXI. Mendearen beharretara egokitzeko eta eskola tradizionalaren ereduak gainditzen joateko”, gehitu du Solanak. Horretarako, ezinbestekoa da “ikasleak protagonista izatea eta, beraz, gure gela barruetan eta kanpoan gizarte ikuspegitik adierazgarriak diren ikasketak sustatzea bilatu behar dugu, esperientzia aberasgarriak izan daitezen ikasleen egunerokoan”. Helburu horretan “beharrezkoa da hezkuntza komunitatearen elkarlana, bereziki Nafarroako hezkuntza sisteman ari diren irakasleena. Irakasleak lagundu nahi ditugu metodologien berrikuntzan”, adierazi du kontseilariak.

Ekainean bertan, Hezkuntza departamentua, Formazioa Zerbitzuaren bidez, hezkuntza arloko hainbat kide esanguratsurekin ari da lanean irakasleen gaitasun pedagogiko-didaktikoa hobetzeko programa diseinatzen eta garatzen. Testuinguru horretan antolatu da abenduaren 19ko saioa, Nafarroako museoan, 18:00etan. Han arituko da Bartzelonako unibertsitateko soziologian katedradun Ramon Flecha. Eskolaren eraldaketaren eta irakasleen trebakuntzak horretan duen garrantziaz ariko da. Hitzaldia irekia da, eta hezkuntza sistema osoari zabalik egongo da. Hitzaldiaren aurretik, ladiz, 17:00etan hasita, 40 irakasle liderren arteko lehenengo lan-saioa egingo da, proiektuetan oinarritutako ikasketa prozesuak, ikaskuntza komunitateak, ikasketa kooperatiboak, gaitasun giltzarriak, adimen anitzak eta bestelako metodologiak darabilten irakasleekin.

Aitor Lakastak, Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Bizikidetza zerbitzu-zuzendariak, azaldu bezala, “bereziki kualifikatutako profesionalak dira eta Nafarroako irakasleentzako trebakuntza ibilbidea diseinatzen eta garatzen lagunduko digute XXI. mendean hezteko; hau da, adierazgarria den ezagutzaren bidez hezteko. Horrek ezinbestean eskatzen du ingurune kolaboratiboan gertatzen diren testuinguru anitzak, osagarriak eta ikaskuntza prozesuan inplikatutako prozesuak sakontasunean ezagutzea eta ulertzea, UNESCOk berak dioen bezala”. Diseinuaren ondoren programa proiektu pilotu gisa ezarriko da 2018-19 ikasturtean.

Aurrekontuan inbertsio sendoa

“Anbizio handiko ekimen honek”, kontseilariak adierazi bezala, “2018ko aurrekontuetan ere badu isla”. 90.000 eurotan gehitu da pedagogia aktiboen formazioa. “Nafarroako hezkuntza sisteman pedagogia aktiboen sustatzea Hezkuntza departamentuaren lan lerro estrategikoetako bat da. Hala, milioi bat eurotik gora bideratuko du Hezkuntzak irakasleen trebakuntzan”, azaldu du Solanak. Zehazki, 1.238.200 euroko inbertsioa egingo da dagoeneko abian diren hiru plan estrategikoen bitartez.

Ildo horretan, Hezkuntza Zuzendari Orokor Roberto Perezek adierazi duenez,  “indarrean diren plan estrategikoen helburua da datozen hamarkadetarako hezkuntza eredua definitzea”. Plan guztiek dituzte hainbat gauza amankomunean; hala nola, kudeaketa modua, planifikazio sakon eta parte-hartzailea, gutxienez urtebeteko sortze-epea, baina, baita, “ikuspegi pedagogikoaren aldaketa nahiak eraginda sortu direla, hezkuntza sistemaren etapa guztietan metodologien eguneraketa gauzatzeko. Ezin da bestela egin, eta, partekatutako helburua lortzeko, beharrezkoa da irakasleen trebakuntza arlo guztietan”, gehitu du Perezek.

Hala, Aniztasunari erantzuteko planak hezkuntza inklusiboaren erronkak erantzuteko aldaketa metodologikoak ezarri nahi ditu. Lanbide Heziketa planak berritze etengabea bilatzen du arlo pedagogikoan eta ikastetxeen %100ean metodologia pedagogikoak erabili daitezen, batetik, eta ikasleek atzerrian ikasteko aukera izan dezaten formazio hitzarmenak gauzatzea beste herrialdeekin, bestetik, eta baita metodologia flexibleak sustatzea eta praktika eta dinamikak erabiltzea, ikasleen ikasketa prozesuan laguntzeko ikasleen aniztasunari egokituz, besteak beste. Skolae Hezkidetza plana, bestalde, irakasleei zuzendutako formazio programan oinarritzen da.Unibertsitatez kanpoko etapa guztietarako hezkidetza ibilbidea barnebiltzen du (0-3tik Bartxilergora eta Lanbide Heziketako goi zikloetara) era transbertsalean jaso dezan indarkeria sexistaren prebentzioa, emakumeen ikusgaitasuna, nortasunen, sexualitateen eta aniztasunaren errespetua, parte hartze soziala nahiz partekatutako konpromisoa. Azkenik, bizikidetza lantzeko Laguntza programak eskola jazarpena prebenitzeko formazioa lantzen du eta horretan ere beharrezkoa metodologia berritzea. Ikasketa-komunitateak, ikasketa kolaboratiboa eta, oro har, ikasleen arteko lankidetza harreman sakon eta eraikitzaileak ahalbidetzeko ikuspegi guztiak lantzea, enpatia landuz.

Formazioaren aldeko hezkuntza departamentuaren apustua ez da metodologia aktiboetara mugatzen. Izan ere, IKTen formazioak ere berebiziko garrantzia dauka XXI. mendeko eskolan. Datorren urtean 3 milioi euro inbertituko ditu Hezkuntzak “Informazioaren Gizartearen Garapenerako”, aurten baino 6 aldiz gehiago. Ordenagailu pertsonalak izateko proiektu pilotua abiaraziko da, ‘ikasle 1=gailu 1” eskemari jarraituz, departamentuaren babes metodologikoarekin, berrikuntza pedagogiko  eta metodologikoa lortzeko, eta ez dadin gailu aldaketa hutsean geratu. Bilatzen dena da teknologiaren erabilera moldakorra izan dadila, gauzagarri eta gardena erabiltzailearentzat; hau da, ez behar izatea ezohiko ezagutzarik edo erabilera zailtasunik ez egotea. Hala bada, hasita daude hainbat proiektu: CRISS proiektu europarra, ikaslean ahalmen digitalaren markoa sortzeko eta ebaluatzeko; Etorkizuneko Gela, irakasleen formazio etengabean sortzen ari diren metodologiak erabiltzeko (dagoeneko ari dira gela hori muntatzen, Bruselako batzordearen Future Classroom ereduari jarraituz); INTED Irakaslearen Ahalmen Digitalaren ponentzia; edo zentroak hornitzeko egitasmoa (1=1 gailuak, konektibitatea, zentroetarako zerbitzariak).