angle-left Lanbide heziketako ikasleek lan arriskuen prebentziorako baliabide didaktikoak garatu dituzte

Gaur goizean aurkeztu dira materialak irakasleei eta LHko zuzendaritza taldeei zuzendutako jardunaldietan

2018/09/06

Hezkuntza departamentuko Lanbide Heziketa Zerbitzuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak elkarrekin aurkeztu dute Lanbide Heziketara bideratutako lan arriskuen prebentziorako gida didaktikoa; ikasleek eurek sortu dute materiala.

Gelan erabiltzeko ikus-entzunezko edukia ere barne hartzen duen materiala gaur goizean egindako jardunaldietan aurkeztu da, Iruñean. Han izan dira Lanbide Heziketa zentroetako zuzendaritza taldeak, eta baita Trebakuntza eta Lan Aholkularitza moduluetakoak ere.

 

Sortutako gida lan arriskuen prebentzioa sustatzeko eta laneratzeko diseinatu dute lanbide heziketako ikasleek, metodologia aktiboen lanketaren bidez, ikasleei eta euren aniztasunari egokituta.  2017-18 ikasturtean ekoitzi dute materiala ikasketa kolaboratiboa landuz, eta Hezkuntza eta Osasuna departamentuen eta Barañaingo Auditoriaren laguntzarekin.

 

Gaurko jardunaldietan hitza hartu dute Lan Osasun Zerbitzuko arduradun Iñaki Morenok, Lanbide Heziketa zerbitzu-zuzendari Esther Monterrubiok, eta ISPLNko Trebakuntza eta Informazio saileko arduradun Javier Cañadak, Iruñeko Arte Eskolako nahiz San Juan ikastetxe integratuko irakasle Olga Luci eta Luis García ikasleekin batera.

 

Plan estrategikoak eta Kimua programa

Nafarroako Lanbide Heziketa 2017-2020 planaren barruan aurreikusitako ekimena da gaur aurkeztu dena, hezkuntza metodologien berrikuntza barne hartuz eta, era berean, Lan Osasun Planari jarraituz, laneko arriskuen prebentzioren hedapena eta trebakuntza lantzeko. Gainera, lanbide heziketa tituluen konfigurazio eta egituran lan arriskuen aurreko prebentzioa ere jasotzen da modu zehatzago batean, Trebakuntza eta Lan Orientazioa moduluan, hain justu, eta zeharka gainerako modulu profesionaletan.

Hezkuntza departamentutik Kimua programa sustatzen ari dira Lanbide Heziketan metodologia aktiboak sustatzeko. Ikaslea oinarri hartzen duen hezkuntza eredua, ikasketa prozesuaren ardura berak har dezan, jarrera kritikoa landuz eta ebaluaketa jarraituaren arduradun izanik.

 

Hala, ikasketa kolaboratiboan oinarritutako proiektu eredua landu da proiektu zehatz honetan. Funtzionamendua ondorengoa da: ikasleari proiektu bat luzatzen zaio, arazo bat edo egoera bat non ikasleak soluzio bat landu beharra duen eta ezarritako helburua lortzen saiatu. Era horretan, arazoaren zailtasun maila epaitzen laguntzeko gaitasunak sustatzen dira, estrategia alternatiboen erabilera eta baita bere garapena ebaluatzeko tresnen erabilera ere.

 

Horretan guztian oinarritzen da Hezkuntza departamentutik sustatzen den paradigma metodologikoaren aldaketa, Lanbide  Heziketan; ikasleak, bere trebakuntza prozesuaren amaieran, lor dezan gai izatea benetako egoerei aurre egiteko, sozialki, maila intelektualean eta baita laneratzeko orduan ere, gaitasun tekniko, pertsonalak eta sozialak izango dituelako ordurako.