angle-left Nafarroako bederatzi ikastetxek hartu dute parte Europako Euroscola lehiaketan

Maiatzaren 9an, Europaren egunaren baitan, emango dira ezagutzera Nafarroako Foru Erkidegoko talde irabazleak

2018/05/03

Nafarroako Foru Erkidegoko ikastetxeetako 12 taldek parte hartu dute Euroscolaren XXIV. lehiaketan. Antolatzaileek datorren maiatzaren 9an emango dituzte ezagutzera erkidegoko irabazleak. Ikasleek kultura ondarearekin lotutako ikus-entzunezko lanak aurkeztu behar izan dituzte aurtengo lehiaketan.

2018an ospatzen den Nazioarteko Kultur-ondarearen urtearekin bat eginez, “Gure ondarea: iragana eta etorkizunarekin bat egiten duen lekua” gaia aukeratu dute antolatzaileek aurtengo lehiaketarako. Hala, 15 eta 19 urte bitarteko ikasleek, goiburu horri jarraituz, bi ikus-entzunezko osatu behar izan dituzte (90 segundukoa bata, eta lan hori azalduz 5 minutukoa, bestea). Lehiaketan parte hartu duten ikastetxeak honakoak izan dira: Lumbier IIP ("King-Ball taldea eta "Strongpower", Elizondoko Lanbide Eskola, Azagrako Reyno de Navarra DBHI, Noaingo Elortzibar DBHI, Garesko Colegio Seminario Padres Reparadores Dehonianos (1. taldea eta 2. taldea) eta Iruñeko Colegio Hijas de Jesús (Europatrimonio taldea), Donapea LHI, Plaza de la Cruz BHI eta Colegio Sagrado Corazón.

Lehiaketa Espainiako Europar Parlamentuko Informazio Bulegoak antolatu du, Espainian aurkitzen den Europako Komisioko Ordezkaritzaren laguntzarekin, Kanpo Gaien Estatuko Idazkaritzarekin eta Kulturako Estatuko Idazkaritzarekin batera. Maiatzaren 9an, Europaren egunarekin bat eginez, emango dute antolatzaileek erkidego bakoitzeko irabazleen berri.

Lehiaketako irabazleek Europako Parlamentuak Estrasburgen duen egoitzan egingo den #Euroscola programan parte hartzeko aukera izango dute, eta bidaia ordaintzeko diru-laguntza jasoko dute.