angle-left Padre Moret-Irubide institutuko ikasleak bisitan izan dira Hezkuntza departamentuan

2018/01/22

Irubideko eta Turkia, Grezia, Italia, Portugal eta Danimarkako ikasle eta irakasleak, Solana kontseilariarekin

"Kultura aberastu egiten da immigrazioarekin” programan ari dira parte hartzen Turkia, Grezia, Italia, Portugal eta Danimarkako hainbat ikastetxerekin

Padre Moret-Irubide DBHko institutua Erasmus+ programan ari da parte hartzen Turkia, Grezia, Italia, Portugal eta Danimarkako hainbat ikastetxerekin batera. “Culture Enriched with Migration” izeneko proiektua ari dira lantzen eta gaur Maria Solana Hezkuntza kontseilariari horren berri ematen eta Hezkuntza departamentua ezagutzen izan dira beste bost herrialdeetako ikasle eta irakasleekin batera.

Izan ere, proiektu-kideak ostiralera bitartean izango dira Iruñean eta hainbat ekintza antolatu dituzte, tartean gaur Hezkuntza departamentura bisita egitea. 19 ikasle eta 12 irakasle etorri dira Iruñeko ikastetxera aste osorako saioetara eta mugikortasun programa izanik, Padre Moret-Irubidekoek ere aukera izango dute haien herrialdeetara bidaiatzeko, gaiaren inguruan landutako materiala komunean jartzeko.

“Culture Enriched with Migration” proiektua bi urterako da eta herrialde bakoitzaren jatorria, kultur ondarea, europar hiritartasuna eta arrazismoa dira lantzen dituzten gaiak, ikasle eta irakasleen mugikortasun ekintzak koordinatuz.

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak harrera egin die gaurko bisitan eta talde argazkia ere atera dute Departamentuko klaustroan. Elisa Etxenike eTwinning programen departamentuko koordinatzaileak lagunduta egin dute bisita.

Bi urteko elkarlan proiektuaren helburua da, batetik, harremanak sendotzea eta europar hiritartasun kohesionatuagoa lortzea; eta, bestetik, kultura ezberdinetara hurbiltzea, errespetutik eta ulermenetik, guztien aberastasuna eta aniztasuna aitortuz. Ildo horretan, Hezkuntza kontseilari Maria Solanak eskertu egin die hartutako konpromisoa, “egungo egoera sozial, ekonomiko eta politiko aldakorrak erronka berrietara egokitzera behartzen baikaitu”. “Zuen hezkuntza komunitateari iritziak elkartrukatzea zein garrantzitsua den helarazteko balioko dizue esperientzia honek, esperientziak elkar banatuz, kooperazioa landuz eta errespetuz elkar ulertzen”, gehitu du Solanak.

Erasmus+ programaren barruan Programa KA219 mailako proiektua da “Culture Enriched with Migration” eta SEPIEren bidez kudeatzen diren programa europarren barruan 21.680,00 euroko diru-laguntza jaso du ikastetxeak Turkia, Grezia, Italia, Portugal eta Danimarkako hainbat ikastetxerekin elkarlanean aritzeko bi urtez.