angle-left Solana: “Hizkuntz eskola publiko eredugarria da IHEO, beste hainbat hizkuntz eskolentzako eredu”

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren 40. urteurreneko ekitaldi nagusian izan da gaur Hezkuntza kontseilaria

2018/04/28

Solana kontseilaria 40. urteurren ekitaldian

Iruñeko Hizkuntz Eskola Ofizialak, IHEOk, 40 urte bete ditu eta han izan da gaur Maria Solana hezkuntza kontseilaria. Solanak iragarri egin du eskola handituko dutela, “irakaskuntzarako beste bi gela gehiago eta baliabideetarako gela berritzailea izan dezan”. Era horretan, eskolak historikoki egindako aldarrikapen bati erantzun dio Nafarroako gobernuak; gaur egun eskolak CNAIrekin partekatzen du egoitza.

Maria Solana Hezkuntza Kontseilariak Iruñeko Hizkuntz Eskola Ofizialaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da gaur. Helduen hizkuntza irakaskuntza oinarri duen zentro publiko honetan ehun irakasle baino gehiago ari da lanean gaur egun. 5.121 ikasle (3.993 ofizial eta 1.128 libre) ari dira euskara, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera ikasten modu ofizialean; eskolaz kanpoko ekintzetan, txinera, portuguesa, arabiarra, japoniera zein atzerritarrentzako gaztelania ere irakasten da.

Ekitaldian Solana eskolako arduradunei zuzendu zaie esanez, “eskola bizia zarete, aktiboa eta konprometitua. Eskola publiko eredugarria, beste hainbat hizkuntza eskolentzako eredu”. Ikasturtero 7.000 expediente baino gehiago burutzen dituzte eskolan eta kontseilariak eskertu egin die 100dik gora kidek osatzen duen lan-taldeari egiten duten lana: “zuek ondo egindako lana goraipatzeko garaia da, motibatutako irakasleak, helduei hizkuntzak irakatsi eta ikasteko jardueran adituak”. Eta gehitu du, “norbanakoari jakintzarako zenbat eta lehio gehiago ireki gizarte berdintsuagoa egiten dugu eta hain gorabeheratsua den munduarekin hobeto konektatzen gara”, gehitu du Solanak.

Halaber, kontseilariak azpimarratu du Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala moduko ikastetxeek, “balioan jartzen dute kalitatezko hizkuntzen irakaskuntza. Ekimen pribatua beti adi dabilen gizarte batean, eskola, hezkuntzaren gidaritza publikotik, estatuko beste eskolen eredu izan da, eta da”.

Eskola publikoaren erronkak

Solana kontseilariak gaurko ekitaldia baliatu du iragartzeko datorren ikasturteei begira eskolak baliabideen gela berritzailea eta irakaskuntzarako bi gela gehiago izango dituela; izan ere, eskolak egoitzaren espazio guztia erabili ahal izango du. Modu horretara, Nafarroako Gobernuak Iruñeko eskolaren aldarrikapen historikoari erantzungo dio.

Azkenik, Solanak gogoratu nahi izan du, hurrengo lan eskaintza publikoetan hizkuntza eskolako espezialitate plazak gehituko dituela Hezkuntza departamentuak.