angle-left Hezkuntzak murrizketen itzulketa mailakatua proposatu du itunpeko sarearentzat

Proposamenean %2,5eko soldata-igoera aurreikusten da hiru urtetan, irakasleentzat eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileentzat

2019/02/15

 

Hezkuntza Departamentuak itunpeko sareko patronal eta sindikatuei proposamena aurkeztu die gaur, krisian zehar irakasleei aplikaturiko soldaten jaitsiera itzultzeko. Akordioaren Segimendu Batzordeak oso positibotzat jo du proposamena, 2017an lortutako akordioa betetzeko hartutako konpromisoari erantzuten baitio, Hezkuntzako kontseilari Maria Solana Aranak azpimarratu duen moduan.

%2,5eko soldata-igoera mailaz maila egingo litzateke; hau da, lehen bi urtetan, %1 igoko litzateke irakasleen soldata eta %1 Administrazioko eta Zerbitzuetako langileak barne hartzen dituzten bestelako gastuena. Hirugarren urtean, berriz, igoera %0,5ekoa litzateke irakasleentzat. Horrela azaldu du Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusiak, Nekane Oroz Bretonek, itunpeko irakaskuntzaren sektoreko Akordioaren Segimendu Batzordearen 2019ko lehen bileraren hasieran; Akordio horretara iritsi ziren patronala, sindikatuak eta Hezkuntzako Administrazioa 2017ko irailaren 7an. Itzulketa mailakatuarekin, hasiera batean, Nafarroako aurrekontuak 3.162.664 euro gehituko lirateke.

Segimendu Batzordeko ordezkariek konpromisoa hartu dute proposamena berrikusteko eta nahi dituzten ekarpenak egiteko; horiek hurrengo bileran partekatuko dituzte, eta, bertan, itunpeko irakaskuntzaren sektoreko Akordioaren negoziaketari hasiera emango diote. Akordioa 2017. urtean sinatu zuten honako hauek: ANEG-FERE, CECE FED ACES eta NIE Eskola Katolikoen erakunde patronalak; SEPNA, UGT eta LAB sindikatuak eta Administrazioak. Akordioa 2019ko irailean amaitzen da.

Gaurko Segimendu Batzordean aurkezturiko proposamenetik haratago, dagoeneko martxoko nominan itunpeko irakaskuntzako langileei (irakasleak zein Administrazio eta Zerbitzuetako langileak) soldata %2,25 igoko zaie, asteazken honetan Gobernuaren Kontseiluan horrela onartu baita. Aurretik, %1 igo zen 2017an, eta 2018an funtzionarioen neurri berean egin zen (%1,5 urtarriletik ekainera eta %0,25 gehiago uztailetik abendura). 2017. urtetik hona pilaturiko soldata-igoera %5ekoa da, eta Administrazioak Akordioaren barnean konpromisoa hartutako zenbait neurriri erantzuten die; hala nola, irakasleak ordezkatzea ordainketa eskuordetuan, jolastordua irakastordu bezala hartzea haur-hezkuntzako etapan, jardunaldiaren murrizketa adinaren arabera, erretiro aurreratua eta txanda-kontratua, irakasleek prestakuntzarako duten eskubidea eta antzinatasunaren aparteko ordainsaria.

Albiste osoa ikusi