angle-left Hezkuntzako euskara atalak sustatutako hiru programak arrakastatsuak izan dira

Ikastetxeek oso ongi erantzun diete 2018an estreinatutako hiru ekimenei

2018/12/28

Musikariak ikastetxeetan programako unetako bat

Hezkuntza Departamentuko Euskara atalak A eta D ereduko ikasleentzako hiru programa antolatu ditu aurten; zinema, musika, kanpaldiak eta bestelakoak eskainiz. Erantzun oso ona jaso dute hiru programek ikastetxeen aldetik, kuantitatibo zein kualitatiboki. Musikariak Ikastetxeetan programan 2.500 ikasle baino gehiago izan dira; euskarazko egonaldietan 780 ikasle eta “euskaraz mintza laguntzailea” ekimenean, berriz, 150 taldetik gora aritu dira.

Lehen hiru hilekoan hiru programatan izena ematen ahal zuten ikastetxeek: “Musikariak ikastetxeetan” programa berriari esker punta-puntako abeslariak izan dira DBHko ikasleekin musikaz, hizkuntzaz eta ahozko tradizioaz hitz egiten. Zuriñe Hidalgo, Ines Osinaga ala Jon Basaguren izan dira besteak beste ikasgeletan eta hitzaldia ez ezik kontzertu akustikoa ere eskaini dute. Bigarren programa “euskaraz bizitzeko egonaldiak” da, Arantzan eta Beintzan euskaraz bizitzeko kanpaldiak, eta ikastetxeen eskariak nabarmenki gora egin du. Azkenik DBHko ikasleentzat “euskaraz mintza laguntzailea” izeneko solaskide programan 150 talde baino gehiagok parte hartu dute. Balorazio ona beraz, ikasturteko lehen ebaluazioari dagokionez Euskara Atalak egin duena.

2.500 ikasle baino gehiago, ‘Musikariak Ikastetxeetan’ programan

Nafarroa osoko 2.500 ikasle baino gehiagok izan dute, aurten, euskal musikariekin zuzeneko harremanaz gozatzeko aukera, ‘Musikariak ikastetxeetan’ programari esker. Programa honen bidez, 88 saio antolatu dira azaroan eta abenduan zehar Nafarroa osoko ikastetxeetan, D eta A ereduan, DBHn eta Batxilergoan. Estilo eta mota guztietako musikariek parte hartu dute programan, hala folka, rocka edo rapa interpretatzen dutenak nola bakarlariak, taldeetako ordezkariak edo kantautoreak. Programa aurten lehen aldiz antolatu du Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalak, eta asmoa dauka hurrengo urteetan ere ikastetxe guztiei eskaintzeko.

Saioan zehar, euskal kanten tradizioa esplikatu dute musikariek, nola egiten dituzten kantak, nondik jasotzen dituzten letrak, eta non kokatzen duten beraien kantagintza euskal musikaren baitan. Bideoen eta audioen laguntzarekin, zuzeneko musika ere jo izan dute geletan. Saioak grabatu izan dira, eta ikastetxe bakoitzaren esku geratuko da materiala.

710 ikaslek parte hartu dute euskaraz bizitzeko egonaldietan

2018. urtean Nafarroako 20 ikastetxeetako 710 ikaslek parte hartu dute ‘Euskaraz bizitzeko egonaldiak’ egitasmoan. Hizkuntza-murgiltze egitasmo horren bidez, ingurune euskaldun batean ikasteko eta gozatzeko parada eskaintzen die Hezkuntza Departamentuak Nafarroako A eta D ereduetako ikasleei. Egonaldiak hiru edo bost egunekoak izan daitezke, eta Arantza eta Beintzako aterpeetan egin ohi dira. Bertako hezitzaileek balorazio bikaina jaso dute ikastetxeen aldetik. Ikastetxeen eskariak gora egin du nabarmen: 2019ko udaberrian, otsailetik maiatzera bitarte, beste 457 ikaslek parte hartuko dute euskarazko egonaldietan.

Programaren xedea kultur transmisioa eta ahozkotasuna lantzea da, ikasleen motibazioa eta jakin-mina akuilatuz, programa didaktiko eta ekintza egitarau aberatsaren bidez.

Bigarren Hezkuntzako 151 ikastaldek izan dute euskarazko mintza laguntzailea

Solaskide programari esker, bestetik, Bigarren Hezkuntzako 151 ikastaldek euskarazko mintza laguntzailea izan dute 2018an. Otsailetik ekainera bitarte, 78 ikastaldek izan zuten irakasle solaskide baten laguntza, hamar saiotan. Udazkenean, berriz, 73 taldek jaso zuten mintza praktikarako laguntza, seina saiorekin.

Solaskide programak ahozkotasuna hobetzea du helburu. Ikastaldeak bi talde txikiagotan zatitzen dira; horrela, ikasle batzuk mintza laguntzailearekin aritzen dira gainontzekoak ohiko irakaslearekin gelditzen diren bitartean.