Lanbide Heziketa, arte plastiko, diseinu eta kirol-irakaskuntzetarako hezkuntza-proiektuen lehiaketa martxan da - Lanbide Heziketa, arte plastiko, diseinu eta kirol-irakaskuntzetarako hezkuntza-proiektuen lehiaketa martxan da - Dpto
Halaber, epea ireki da Lanbide Heziketa edo arte plastikoak eta disenua 2017-18 denboraldian amaitu duten ikasleak ezohiko sarietara aurkeztu ahal izateko
2019/01/04
Hezkuntza Departamentuak hezkuntza-proiektuen lehiaketa deitu du Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunpekoetan, arte plastikoen eta diseinuaren irakaskuntza profesionalen ikastetxeetan nahiz kirol-irakaskuntzakoetan, 2018-2019 deialdiari begira. Aurrekontua gehienez 10.000 eurokoa da.
Lanbide Heziketako Zerbitzuak berrikuntza metodologikoaren "Kimua Programa" jarri du abian 2018-19 ikasturte honetan, eta, horren barruan, lehiaketa bat dago irakasleek eta ikasleek diseinaturiko eta garaturiko hezkuntza-proiektu onenak saritzeko; hots, ondorengo ikasturteetarako pizgarriak izan daitezkeenak. Era berean, lehiaketaren bitartez, ikastetxe-mota horietan metodologia aktiboak erabiltzea bultzatu eta erraztu nahi da.
Proiektuen baldintzetariko bat da orijinalak izatea eta ikasturte honetan garatzea, teknika horretan oinarritutako lankidetza-ikaskuntza erabiliaz, eta gutxienez ziklo bateko talde oso batek parte hartzea. Horrez gain, lan bakoitzak koordinatzaile bat izan beharko du, taldeaz zein proiektuaz arduratuko dena.
Proiektu bakoitzaren koordinatzaileek izena emateko fitxa bidali beharko dute posta elektroniko honetara: metodologiasactivas.fp@educacion.navarra.es. Izena emateko azken eguna 2019ko martxoaren 8a izango da, eta proiektuak 2019ko apirilaren 17ko 14:00ak baino lehen entregatu beharko dira.
Lana epaimahaiaren aurrean aurkeztuko da, ekitaldi publikoan, 2019ko maiatzean, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin deituko den egun, leku eta orduan.
Lehiaketaren sarietan ondorengo kategoriak egongo dira: Kimua proiekturako saria, goi mailakoa, erdi mailakoa, oinarrizko lanbide heziketakoa eta lanbide heziketa berezikoa. Proiektuak honela puntuatuko dira: orijinaltasuna, 5 puntura bitarte; aurkezpena, 15 puntu; plangintza, 20 puntura bitarte; ikasleen eta irakasleen parte-hartzea, 10 puntura bitarte; hezkuntza-komunitateko beste kide batzuen parte-hartzea, gehienez 10 puntu; IKTeen erabilera, beste 10 puntu; ebaluazioa, 10 puntu; eta metodologia, gehienez 20 puntura bitarte.
Ezohiko sariak prestakuntza-ikastaroa 2017-18an amaitu dutenentzat
Halaber, Hezkuntzak ezohiko sarien deialdia egin du Lanbide Heziketako eta arte plastiko eta diseinuko irakaskuntzetako ikasleentzat; hots, heziketa-zikloa 2017-18 ikasturtean amaitu dutenentzat. Sari-mota horiek goi mailako, erdi mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat izango dira, azken kalifikazio handiena lortu badute. Berdinketa gertatuz gero, honako hauek hartuko dira kontuan: hizkuntzen ikasketak, heziketa-egonaldiak atzerrian, titulazioarekin loturiko prestakuntza espezifikoa edo bestelako ikasketa-motak.
Ezohiko sari horietara aurkeztu nahi duten Lanbide Heziketako ikasleek ondorengo izapide-fitxan agertzen den inskripzio-orria eta dokumentazioa aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean Eta Erregistro Orokor Elektronikoan. Bestalde, arte plastikoetako eta diseinuko ikasleek fitxa honetan argitaratutako beste eskaera hau bete beharko dute. Entregatzeko azken eguna 2019ko urtarrilaren 18a izango da, hori barne.