Solana kontseilaria Iparralde DBHI institutuaren inaugurazio ekitaldi ofizialean izan da - Solana kontseilaria Iparralde DBHI institutuaren inaugurazio ekitaldi ofizialean izan da - Dpto
Ikastetxea irailean hasi zen klaseak ematen, eta gaur egin dute irekiera ekitaldia, Gurasoen Elkartearekin eta Hezkuntza departamentuko ordezkariekin batera.
2018/12/20
Solana kontseilaria eta departamentuko arduradunak, ikastetxeko irakasle eta gurasoekin
Iruñeko San Jorge auzoan, hiriaren iparraldean, dagoen bigarren hezkuntzako ikastetxeak 2018-19 ikasturtearen hasieran ireki zituen ateak lehen aldiz. Ikasleak, irakasleak, altzariak, ikasgelak, tresna informatikoak eta lehen ebaluazioko noten lehen buletina… Iparralde DBHIk dena zuen, inaugurazio ofiziala izan ezik. Gaur, ostegunean, abenduaren 20an, María Roncesvalles Solana Arana Hezkuntza konsteilariak, ikastetxeko zuzendaritza taldearekin eta gurasoen elkartearekin batera, inaugurazio ekitaldian hartu du parte.
Eguneko egitaraua antolatzeaz arduratu den zuzendaritza taldeak Roberto Pérez Elorza Hezkuntza zuzendari orokorra, Eneko Ardaiz Ganuza azpiegitura zerbitzu-zuzendaria, Aitor Etxarte Nafarroako Eskola Kontseiluko presidentea eta beste ikastetxe batzuetako eta auzoko elkarteetako ordezkariak eta hezkuntza proiektua errealitate bilakatzeko prozesuan parte hartu duten pertsonak ere gonbidatu ditu. Horrez gain, gero Iparraldera joango diren lehen hezkuntzako ikastetxeetako hezkuntza komunitateko ordezkariak ere bertan egon dira: Buztintxuri, Sanduzelai eta Auzalar (Orkoien).
Hezkuntza kontseilariak txalotu egin du hezkuntza proiektuan inplikaturiko eragile guztien partaidetza “auzoa bizirik irauten laguntzen baitu”. Hala, institutu berrian murgildu diren eta “ikastetxeak ikasleen hezkuntza beharrei erantzun diezaien” lan egin duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie. Gainera, “irakasleen prestakuntzarako metodologia aktiboen eta ikasgelan IKTen erabileraren aldeko apustua egin dute, departamentuak bultzaturiko zenbait estrategiaren eta planen eskutik”.
Mikel Rípodas DBHIko zuzendariak eskertu egin du Hezkuntza departamentuko zuzendaritza taldeak erakutsi duen jarrera eta erantzuna ikastetxearen eraikuntza proiektuan zehar egiten joan diren proposamenei, eta baita guraso elkarteak lan egiteko eta hezkuntza proiektua bultzatzeko izan duen prestutasuna ere. Hori dela eta, goiburua “egin nahi dugu, eta elkarrekin egin nahi dugu” izan da, azpimarratu du Ripodasek.
Eraldaketa digitalaren aldeko apustua
Ibilbide berri honetan Iparralde DBHIk eraldaketa digitalerako planean parte hartzeko apustua egin du, alde batetik, eta irakasleen trebezia pedagogiko-didaktikoa hobetzeko planaren alde, bestetik. Eta horrela azaldu du ekitaldian Mirian Erkizia Ikasketa-buruak. Gogorarazi duenez, urtarriletik aurrera DBHko ikasleek ordenagailu eramangarriak jasoko dituzte, aurretik irakasleek ikasketa prozesu berrirako prestaketa jaso dute. Horrez gain, espazioek eta horiek erabiltzeko moduak ikasketaren eta metodologia berrien prozesu osoan duten garrantzia azpimarratu du. “Hori dela eta, Iparralden, ikasleen ikasketa prozesua motibatzen lagunduko digun espazioaren aldeko apustua egin dugu”.
Ikasleen gurasoen elkarteko ordezkariak ere puntu hori azpimarratu du, eta eskertu egin du departamentuak Sanduzelain beste ikastetxe bat sortzeko egin duen apustua, urte luzeetako errebindikazioaren ondoren, eta auzoan ahalik eta zerbitzu publiko onenak izateko aldarrikapenetan jarraituko dutela adierazi du.
Amaitzeko, ikastetxeko zuzendariak, instalazioak ezagutzeko bisitan gidatu ditu bertaratu direnak. Bitartean, ekitaldian zehar ikasgelatan egon diren ikasleak izan dira ondorengo ospakizunen protagonista. Ikastetxe berri batean ikasten dutela ospatzeko, zuhaitz bat landatu dute, testuak irakurri dituzte eta Iparraldeko ikasleen artean sortu den Batukadak eskaini duen lehen kontzertuaz gozatu dute. Amaieran, soka-dantza dantzatu dute guztiek.
Ikastetxeari buruzko datuak
Irailean ateak ireki zituenetik, Iparralde institutua D ereduko DBHko 6 lerro jasotzeko prestaturik dago eta, horrez gain, 10 ikasgela osagarri (musika, zientzia laborategiak, plastika, teknologia, informatika…), liburutegia, gimnasioa, administraziorako guneak eta beste gune auxiliar batzuk ditu, eraikitako 5.300 m² inguruetan. Iparralden, Hezkuntza departamentua ikastetxe berrietan ezartzen ari den proposamen pedagogikoetako batzuk sartu dira: ikasgela bikoitzak, barruan leiho baxuak, panel mugikorrak, ikasgelen arteko barne komunikazioa, irakaskuntzarako kanpoko espazioak, anfiteatro txikia, etab.
Eraikina, aisialdira bideratzen den gune handi batek osatzen du, gehi 44x22 metroko kirol anitzeko pista estaliak eta ikastetxe kanpoko jarduera ludikoetarako eta irakaskuntzakoetarako berariaz diseinaturiko altzariak.
Hezkuntzako eraikin berri guztiak bezala, Iparralde DBHI energiaren eraginkortasunean oinarriturik diseinatu zen. Iparralde multzo bateratu eta trinko gisa proiektatu zen, energiaren kontsumoa nabarmen murrizteko. Horrela, A Energia Sailkapena lortu du.