angle-left "Eskolako sustatzailea" proiektuak erdira jaitsi du ijito ikasleen absentismoa

Proiektuaren arduradunek topaketa batean azaldu dute zein izan diren ekimen horren arrakastaren gakoak

2019/10/15

"Eskolako sustatzailea"ren figura sendotu da Nafarroako ijito ikasleen eskola-absentismoa murrizteko ezinbesteko gako modura.

Halaxe nabarmendu da "Gaz Kaló" Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioak, Carlos Gimeno Gurpegui Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariarekin batera, antolatu duen topaketa batean. Topaketa hori San Adriango Alfonso X el Sabio HLHIPn egin da.

Topaketari esker ezagutzera eman da ijitoek eskolan arrakasta izatera bideratutako proiektu bat, hezkuntzaren erronkari aurre egiteko zailtasun gehien dituen herritar multzoetako bat baita ijitoena.

Alfonso X el Sabio HLHIP aitzindaria da Eskolako Sustatzailearen proiektua ezartzen. Proiektu hori diruz lagundu dute Hezkuntza Departamentuak eta Andosilla, Azagra, Cárcar eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta azken honekin du sinatua lankidetza hitzarmena Gaz Kaló elkarteak.

Carlos Gimeno Gurpegui Hezkuntzako kontseilariak eta Emilio Cigudosa San Adriango alkateak ezagutu dute nola landu den programa azken lau urte hauetan –ijito ikasleen eskola-absentismoa erdira jaitsi da–. Proiektu honi esker familien eta eskolaren arteko harremana hobetu da; ijito familiak eskolako bizitzan parte hartzeko jarduketak egin dira eta horrekin ikasle ijitoak ikastetxean gehiago egon dira.

Hartara, topaketan zehar programaren gaineko argibideak eman dituzte Rubén Fuertes Alfonso X el Sabio HLHIPko zuzendariak, Ricardo Hernández Gaz Kaló elkarteko koordinatzaile orokorrak, Carmen Calvo ikastetxeko orientatzaileak, Esther Aramendia San Adriango Gizarte Zerbitzuko hezitzaileak eta Antonio Jiménez Andosilla, Azagra, Cárcar eta San Adriango Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko eskolako sustatzaileak.

Era berean, parte hartu dute Esperanza, Vanesa eta Tamara Jiménez San Adriango hezkuntza komunitateko ijito amek, ikastetxeko ijito komunitateko ikasle neskekin, Mari Carmen de Carlos irakasle erretiratuak –eskolan Bigarren Hezkuntzako ijito ikasleekin arrakasta izandakoa da–, Natalia Jiménez Nafarroako ijitoen garapenerako 2019-2022ko Estrategiarako Gizarte Integrazioko goi mailako teknikariak, Ángela Gabarre, Silvia Jiménez eta Amara Jiménez hezitzaileen eskolako ijito ikasleek, eta Ana Sainz Gaz Kalóren San Adriango eskualdeko teknikariak.

Mari Carmen de Carlosek azaldu du zein izan zen bere esperientzia Azkoiengo Ribera del Arga BHIko irakasle izan zenean. Lortu zuen Bigarren Hezkuntza utzi behar zuten lau ijito neskek DBHko gradua nota onarekin atera eta ikasten jarraitzea.

Bestalde, Bruno Jiménez Kasedako Francisco Javier Sáenz de Oiza HLHIPko zuzendariak eta Hezkuntza Departamentuak hezkuntzako curriculumean ijito herriaren kultura eta historia sartzeko duen aholkulariak azaldu du zer esperientzia izan duen arlo honetan.

Topaketan parte hartu dutenek hausnartu dute gaur egungo legeria eta araudia hobetzeko aukeren gaian, ijito komunitateko ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu eta erdi eta goi mailako heziketa zikloak ikasten segitu nahi dutenak ez daitezen posturik gabe gelditu. Era berean, gaur egungo beka sistema hobetzeko aukera eskatu da.

Javier Arza NUPeko Soziologia eta Gizarte Laneko Departamentuko irakaslea topaketan izan da eta topaketan sortzen joan diren proposamen guztiak dokumentu batean bildu ditu, gero Hezkuntza Departamentuaren esku uzteko.

Jarduketa-ildo berean, Hezkuntza Departamentuak "Eskolako sustatzaile"en 19 proiektu onetsi berri ditu 2019-2020 ikasturterako, Nafarroako oinarrizko gizarte zerbitzuei edo gizarte zerbitzuetako mankomunitateei laguntzak emateko deialdiaren ebazpenaren bitartez.