angle-left "Skolae, Berdin bidean” hezkidetza programa aurkezteko jardunaldiak egingo dira irailaren 13 eta 14an

Hezkuntza departamentuak antolatuta, Baluarten izango dira jardunaldiak

2017/09/07

Aito Lakasta, Maria Solana eta Pilar Mayo, hurrenez hurren

 Ikastetxeetan hezkidetza lantzeko Hezkuntza departamentuak garatuko duen programari hasiera emango dioten jardunaldiak aurkeztu ditu prentsaurrekoan Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. "Ikastetxeak indarkeria matxista eta sexismotik libre dauden espazioak izan daitezela nahi dugu. Eta horixe da planaren helburu nagusia: ikasle guztiek izan dezatela gaitasuna euren bizi-proiektua eraikitzeko askatasunetik, aukera aniztasunetik eta genero baldintzatik kanpo, desberdintasunak antzematen ikasten, haien kontra borrokatzen ikasiz eta berdintasunerako eskubidea erabiliz euren kulturan, erlijioan, gizarte mailan, egoera funtzionalean eta abar”, adierazi du Solanak.

Jardunaldietan parte hartzeko 848424777 telefonora deitu, edo skolae@educacion.navarra.es postara idatzi edo formulario honetan https://goo.gl/forms/jlAx8w20d15bkMum1

Hezkuntza kontseilariak azaldu du, “departamentuaren ardura dela hezkidetzan sakontzea errealitatearen ikuspegi kritikoa garatu ahal izateko, bai ongi oinarritutako genero ikuspegi batetik, bai berdintasunezko identitate berrien eraikuntzatik”. Izan ere, “emakumeok oraindik ez dugu hiritartasun osoko subjektu izatea lortu, eta desio edo zerbitzu objektu gisa hartzen gaituzten bereizitako gizarteratze arauak nonahi ikusten jarraitzen dugu”. 

Hori dela eta, Solanak ezinbestekotzat jo du “hasiera-hasieratik ikasleen autonomia, zaintza, erantzunkidetasuna, ahalduntze pertsonala eta lidergo gaitasuna berdintasunetik lantzea”.

Ebaluazioa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Elkarbizitza Zerbitzu zuzendari Aitor Lakastak azaldu duenez, prozesua aurreko ikasturtean hasi zen “hezkidetzaren inguruko araudi eta legedien azterketa eta diagnosiarekin” eta urtarrilean, berriz, “hezkuntza komunitatea, Nafarroako Eskola Kontseilua eta Osasun Publikoaren Institutuarekin elkarlanean hasi ginen ‘Scolae, Berdin bidean’ programa gauzatzeko”. 

16 zentro pilotutan hasiko da hezkidetza programa 2017-18 ikasturtean eta asmoa hezkuntza sare guztira zabaltzea da. Horretarako “ikasturte honetan behar den doikuntza egingo zaio programari, hurrengo ikasturtean 170 ikastetxe gehiagotara zabaldu ahal izateko, plana era progresiboa ezarriz”.

Berdintasuna eta Elkarbizitza Atalburu Pilar Mayok, bestalde, azaldu du, Scolaeprozesua eta konpromisoa dela, aldi berean. “Hezkidetza ibilbidea integratua unibertsitatez kanpoko maila guztietarako aurreikusten du (0-3tik batxilergora eta lanbide heziketara) eta modu transbertsalean barne hartzen ditu indarkeria sexista, emakumeen ikusgarritasuna, identitateen errespetua, sexualitatea eta aniztasuna, parte hartze soziala eta berdintasuna benetakoa izateko konpromisoa lantzea”, azaldu du Mayok.

Jardunaldiak Baluarten izango dira irailaren 13an eta 14an. Irekiera ekitaldian parte hartuko dute Hezkuntza kontseilari Maria Solanarekin batera, lehendakariorde eta Garapen Ekonomikoko kontseilari Manu Aierdik, Osasun kontseilari Fernando Dominguezek eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Departamentu horiek guztiak egongo dira inplikatuta planean.