2018ko abuztuak 24: Nafarroan inoizko babes zabalena lortu duen irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Hezkuntza departamentuak eta Mahai Sektorialaren gehiengoak - 2018ko abuztuak 24: Nafarroan inoizko babes zabalena lortu duen irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko hitzarmena sinatu dute Hezkuntza departamentuak eta Mahai Sektorialaren gehiengoak - Dpto
Aurreko legegintzaldian hezkuntza publikoan egindako murrizketetan atzera egiteko hainbat neurri jasotzen ditu Mahai Sektorialaren %90etik gorak babestutako akordioak
2018/08/28
Solana kontseilariak hitzarmena sinatu du. Ondoan ditu, ezkerretik eskuinera, UGT, ANPE, AFAPNA, LAB, STEILAS eta CCOO
Hezkuntza kontseilari Maria Solana Aranak eta hezkuntza publikoaren LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuen ordezkariek sinatu dute Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2018-2022 Hitzarmena gaur goizean egindako ekitaldian.
Sinatutako hitzarmenak Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrez aurreko eskola orduetatik bi ordu murrizteaekarriko du. Neurria hau hastear dagoen 2018-19 ikasturtean sartuko da indarrean Haur eta Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan, aldiz, 2019ko irailean hastea aurreikusten da hitzarmenean.
Adostutako itunak jasotzen dituen beste neurrien artean 55 urtetik gorako irakasleen lanaldi murrizketa ere badago: zuzeneko irakaskuntza bestelako lanengatik ordezkatuko da, ordainsaria murriztu gabe. Murrizketa era progresiboan ezarriko da. Horiek 2018-2022 Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko Hitzarmenak jasotzen dituen neurrietako batzuk, eta Hezkuntzako Mahai Sektorialean ordezkaritza duten LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu dute. Alegia, denek ELAk izan ezik, uztailaren 4an jakinarazi bezala kanpoan gelditu baita eta, ondorioz, Hitzarmenaren Jarraipen Batzordetik kanpo geratuko da; izan ere, sinatzaileek osatutako batzordea izanen baita, 251/1993 Foru Dekretu Legegilea, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren 84.2 artikuluak dioenari jarraituz.
Hezkuntza kontseilariak gaur sinatutako akordioaren garrantzia azpimarratu du “batetik, UPNren gobernuak gauzatutako murrizketak lehengoratzea ahalbidetzen duelako eta, bestetik, hezkuntza publikoaren aldeko urratsak egiteko gobernuak hartutako konpromisoarekin betetzen delako”.
Negoziazioak luze jo du eta tarteka departamentua ere kritiko agertu da, baina azkenik zehaztasun handia lortu da iraskaleen lan-baldintzen hobekuntza dakarten neurrietan; legegintzaldi hasieratik ezartzen ari diren neurriak, hala nola, hezkuntza berrikuntzan, irakasle taldeen egonkortzean, aniztasunari erantzuteko neurrietan, irakasleen trebakuntzan eta abar. Guztiak ere Akordio Programatikoan jasotako konpromisoak dira. Ildo horretan, Solanak adierazi duenez, “2019ko aurrekontuak aurrera atera daitezela espero dugu, beharrezko diru-partida eta babes parlamentarioarekin”.
Era berean, gogoratu du Espainiako gobernuak iragarri duela 14/2012 Erret Dekretuan aldaketak egingo dituela, Barkos presidenteak Sanchez presidenteari egindako aldarrikapenaren ildoan, eta kontseilariak ere Celaá ministrari uztaileko Hezkuntzako Batzordean gogorarazi bezala, “2015etik Nafarroan aurrera daramatzagun murrizketak lehengoratzeko neurriei marko juridikoa eta babes handiagoa emanen baitio”.
Hobekuntzak lan-baldintzetan
Aurrez aurreko eskola-ordu kopuruaren murrizketa dago; 2019 aurrekontuetan 10,4 milioi euroko igoera eragingo du neurriak. Akordioak jasotzen dituen beste neurri azpimarragarrienen artean dago 55 urtetik gorako irakasleen irakaskuntza-orduen murrizketa. Aurrez aurreko eskola-orduak bestelako lanengatik ordezkatu ahal izanen zaizkie, soldatan eraginik izan gabe. Murrizketa era progresiboan ezarriko da. Hala, 55 urterekin sesio bat murriztuko da (2 Haur Hezkuntzan); 56 urterekin, 2 sesio (3 HHn); 57 urterekin, 3 (4 HHn) eta 58 urtetik aurrera, berriz, 5 sesio gutxiago izango dira.
Sindikatuek egindako beste aldarrikapen bat ere jasotzen du gaur sinatutako itunak: berehalako ordezkapenak. Modu horretan, aurreko hitzarmenean (2007-2011) jasotako ordezkapenez gainera, irizpide berriak ezarriko ditu Hezkuntza departamentuak ordezkapenak lehenbailehen gauzatzeko irakasle talde guztietan, laguntza-langileen kasuetan eta baita aldez aurretik programatutako bajak betetzeko orduan ere. Era berean, Mahai sektorialeko sindikatuekin adostu denez, eta aldi baterako postuen ordezkapenak arintze aldera, era telematikoaren eginen da plazen banaketa.
Gainera, kontrataturiko irakasle taldearen aldarrikapenei erantzunez, 2018/19 ikasturtean aldi baterako langileen kontratuak udako hilabeteetan ere mantendu eginen zaizkie, beti ere, ikasturtean zehar gutxienez 5 hilabete eta erdi lanean aritu badira.
Kontaktua: Hezkuntza Kabinetea