angle-left 40 ikastetxe sarean ari dira dagoeneko lanean, eskola uztearen arazoari aurre egiteko

PROEDUCAR-HEZIGARRI programako sareek beraien lehenbiziko lan saioa izan zuten atzo, inor atzean ez uzteko helburuarekin

2018/10/04

Roberto Pérez eta Ander Domblas Proeducar programaren lehenbiziko lan jardunaldia ireki zuten

40 ikastetxe sarean ari dira dagoeneko lanean, eskola uztearen arazoari aurre egiteko. PROEDUCAR-HEZIGARRI programako sareek beraien lehenbiziko lan saioa izan zuten atzo, inor atzean ez uzteko helburuarekin 

Hezkuntzaren erronketako bat da, sistemak ez dezala inor atzean utzi. Izan ere, hezkuntza, orokorrean, gizarte batek mota guztietako desberdintasunak konpentsatzeko duen tresna onena da. PROEDUCAR-HEZIGARRI programak, arrakasta dutela erakutsi duten ikastetxeen eraldaketarako ekimenei jarraipena ematea eta Nafarroako ahalik eta ikastetxe gehienetara zabaltzea du helburu. Horien artean Kontratu-programa dago. Horren bitartez, azken bi urteetan 25 ikastetxek eraldaketa prozesua landu dute, familien eta ingurunearen partaidetzara zabaldurik egongo den hezkuntza inklusiboagora, alegia. Halaber, Ikasketa Komunitateek egin duten lana azpimarratu behar da. Gure Komunitatean ia hamar urteko ibilbidea duten Ikasketa Komunitateak orain arte Nafarroako 10 ikastetxetan ezarri dira. 

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren funtsezko helburua, ikasle guztiak gizarte eta lan arloko bizitzarako beharrezkoak diren gaitasun guztiak sortzeko gai izatea da, horrela eskolako porrota eta eskola uztea ekidinez. Beraz, programa hori gizarte arloko prestakuntza sustatzeko eta berdintasunerako bidean aurrera egiteko tresna da. Hezkuntzan arrakasta lortzeko ezinbestekoa da ikasleek eta beraien familiek ikasketarekin lotura emozionala, kognitiboa eta soziala lortzea, izan ere, eskolako porrota eta eskola uztea oso erlazionaturik daude hezkuntzarekin loturarik ez izatearekin.

Hezkuntza arloko arrakasta lortzeko proiektua, hau da, ikasleak ikasketarekin lotura emozionala, kognitiboa eta soziala izatea lortzea, izan ere, eskolako porrota eta eskola uztea oso erlazionaturik daude hezkuntzarekin loturarik ez izatearekin.

Roberto Pérez Elorza Hezkuntza zuzendari nagusiak eta Ander Domblás García Antolakuntza, orientazio eta aukera berdintasun zerbitzuko zuzendariak ireki zuten atzo PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren lehenbiziko lan jardunaldia. Proiektu hori, ikastetxearen eta hezkuntza Departamentuaren artean sinaturiko kontratu baten bitartez gauzatzen da. Kontratuan alde bakoitzak hartzen dituen konpromisoak zehazten dira. Hezkuntza departamentuak hainbat gairi buruz trebatzen ditu irakasleak: azterketarako eta diagnostikorako prozedurak, kudeaketa eta antolakuntza ereduak, prozesu osoaren jarduketa eta ebaluazio plan koordinatuen garapena eta ezarpena… Horrez gain, beharrezkoak izan daitezkeen adituen kanpoko aholkularitza eta laguntza ere eskainiko ditu.

PROEDUCAR-HEZIGARRI Nafarroak irakasleei zuzenduriko zenbait prestakuntza ekintza proposatzen ditu, baina baita ikastetxeei zuzenduriko antolakuntza eta metodologia eraldaketa ere. Horrek, batzuetan, ikastetxeak arkitekturaren ikuspegitik duen osaketan ere badu eragina. Eraldaketa hiru jarduketa ildo jarraituz ematen da: metodologia inklusiboak, elkarbizitza sustatzea ikasgelan egiten den lan emozionaletik, eta familien eta komunitatearen partaidetza ikastetxean. Horrela, Faltzeseko ikastetxeak dagoeneko eraldatu ditu bere ikuspegia, xedea eta eskola bera. 

Faltzes: ikastetxeak 180 graduko bira eman du

Faltzeseko Doña Álvara Álvarez ikastetxeak argi eta garbi izan zuen, bere zuzendariaren hitzetan, ikastetxean aldaketak bultzatu nahi zituela, antolakuntzari eta metodologiari zegozkionak, inklusioari erantzuteko, eskolara ez joatearen, porrotaren eta eskola uztearen kontra borrokatzeko eta elkarbizitza giro positiboa sortzeko. Horretarako, hasiera-hasieratik, familiek ikastetxearen bizitzan benetako partaidetza izatea bultzatu zuen, eta ingurunearekin koordinatzen ere hasi zen. Horrela, Maria José Cortés zuzendariak azpimarratu duenez, “familiek erabateko konfiantza dute ikastetxean, laguntza ematen digute eta ikastetxearen eta hezkuntza komunitatearen koordinazioaren eta talde lanaren garrantzia ulertzen dute”.

Faltzeseko ikastetxeak PROEDUCAR-HEZIGARRI programarekin lan egingo duen hirugarren urtea izango da. Zuzendariaren hitzetan, hainbat alderdi biltzen dituen ikastetxea da, “klaustroaren motibazio handia aldaketa lortzeko eta ikasleen aniztasun kultural handia”. Hori dela eta 180 graduko bira eman diote ikastetxeari, irakasle taldeen antolakuntzari zein ikasleei dagokienez. Faltzeseko ikastetxean ikasgelak nahastuta daude adinen arabera, testuinguruetan oinarriturik egiten dute lan eta mediateka erabiltzen dute dokumentatzeko.

Ikastetxe sareak informatzeko eta erabakiak adosteko

Orientazio eta berrindartze programa 2015-2016 ikasturtean abiatu zen, hasiera batean pilotatzea egin zuten 12 ikastetxerekin. Hurrengo ikasturtean beste 12 ikastetxe murgildu ziren eraldaketa estrategiak diseinatzeko lan horretan, eta ikasturte honetan PROEDUCAR-HEZIGARRI egitasmoak 40 ikastetxe biltzen ditu jadanik. Horietatik batzuek badute esperientzia lan ildo horretan, eta beste batzuk atzo bertan hasi ziren. Egia da proposatzen diren ekintzak eta estrategia praktikoak ez direla prozesu erraza, ezta berehalakoa ere. PROEDUCAR-HEZIGARRI Nafarroa ikastetxe bakoitzaren testuinguruaren eta berezitasunaren azterketatik abiatzen da; ondoren hobekuntza plana jartzen du martxan eskolako porrotari aurre egiteko eta ikasle guztien inklusioa lortzeko neurriak aplikatuz.

Programaren helburu nagusia hezkuntza inklusioa bultzatzea da, eskolako absentismoaren, porrotaren eta eskola uzte goiztiarraren aurka borrokatuz. Hori lortzeko planteamendua informatzea, ikastetxe bakoitzera egokitzen diren jardunbideak zehaztea eta klaustro bakoitzean horiek aplikatzea erabakitzea da.

Lankidetzan oinarrituriko lana da, eta bertan irakasleen prestakuntza bultzatzen da, gogoeta partekatuaren eta esperientziak eta jardunbide egokiak profesionalen sareetan trukatzearen bitartez. Sare horiei baliabideak eskaintzen zaizkie, gaitasunen garapenerako.

Prestakuntza eta irakaskuntza jardunbideen garapenerako prozesu hori hiru fasetan egituratzen da:

- Ikastetxearen hasierako egoerari buruzko gogoeta, partekaturiko diagnostikoa eta hobekuntzarako proposamenak. Eskolarako amets bat definitzea.

- Inklusiora eta partaidetzara daraman norabidean aurrera egingo duten antolakuntza eta curriculum arloko neurriak indarrean jartzea, horien eraginaren ebaluazioa eginez.

- Ikastetxearen “nortasuna” oinarritzeko adostu diren neurrien eta jardunbideen sistematizazioa.

2018-19 ikasturte honetan proiektuarekin bat egin duten ikastetxeak 4 ikastetxeko 10 saretan egituratzen dira (horietatik 2 proiektu horietan ibilbidea dutenak eta une honetan hasten diren beste bi). Sare horien eraketa Aniztasunaren Arretarako Plan Estrategikoan dago aurreikusirik, alderdi metodologikoen hirugarren ildoan.

Ezarpenaren egutegia kontuan izanik, datozen urteetan gehiago izango dira ikastetxeak eguneratzeko prozesu horretan lanean arituko diren ikastetxeak, prestakuntzarako espazioak sortuz eta PROEDUCAR-HEZIGARRI SAREAK osatzen dituzten ikastetxeen artean esperientziak trukatuz eta lankidetzan arituz. Parte hartzen duten ikastetxeen arteko lan sareek laguntza, jarraipen eta aholkularitza espezializatua dituzte. Ikastetxe sare horiek esperientziak trukatzeko, indarrean jartzeko eta ekintza hori hezkuntzan arrakasta lortzen ari den ala ez ebaluatzeko balio dute.

 
 

Irakasleek erabakiko dute prestakuntza saioetan jakinarazi zaien hezkuntza arloko zein jardunbide eraman behar den gero ikastetxe bakoitzeko klaustrora, nola egokituko duen eta lanak zuzendaritza taldeekin batera nola egituratuko dituzten. Azken finean, hezkuntzako arrakasta bermatzeko beharrezkoa da hezkuntza sistemari, ikastetxe eta etapa bakoitzean berdintasuna eta kalitatea murrizten duten oztopoei, buruzko gogoeta egitea eta desberdintasunen, ikasleak sistematik urruntzen dituzten arrazoien, porrotaren eta eskola uztearen arriskuen eta egoera zaurgarrienean dauden gizarteko taldeen diagnostikoa egitea.

 

Programa honen funtsa, hezkuntza Departamentuak hezkuntza berdintasuna lortzeko beharrari erantzutea ziurtatzeko egin duen mugimenduan dago. Metodologia eta antolakuntza aldaketa sakonak egin dira, aniztasunaren arretarako plana egin da eta hobekuntzarako proposamenak egiten dira etengabe. PROEDUCAR-HEZIGARRI programan murgildurik dauden 40 ikastetxe horiek, hezkuntza sistemaren arreta ekitatiboa hobetzeko ezarpenaren abangoardia dira. Azken helburu gisa, kalitatezko hezkuntza bilatzen duen erantzuna. 

Kontaktua: Gabinete de Educación