angle-left Zabalik dago ikastetxe publikoetan obrak egiteko tokiko entitateei zuzendutako laguntza-deialdia

Hezkuntza Departamentuak milioi bat euro bideratuko du udal eta kontzejuentzako

2019/01/30

 

 

Gaur bertan argitaratu da NAOn udalek eta kontzejuek Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hobetzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egiteko diru-laguntzen deialdia. Era honetara, tokiko entitate, udal eta kontzejuek beren titulartasuneko ikastetxeetan obrak egiteko finantziazioa eskatu ahal izango dute, diru-laguntza prozesuaren bitartez.

Deialdi honetan ikastetxeetako eraikinak eta instalazioak 2019. urteko ekitaldi ekonomikoan hobetu edo birmoldatzeko obrak egiteko proiektuek jaso dezakete diru-laguntza; eta salbuespenez, diru-laguntza jaso dezakete 2018ko ekitaldian egindako obrengatik, presakoak eta nahitaez egin beharrekoak izan badira, eta udalak presako deklarazio formala jakinarazi badio Hezkuntza Departamentuari, 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Hezkuntza Departamentuak milioi bat euro bideratuko du diru-laguntza hauetara, gehienez ere 60.000 euro ikastetxe bakoitzeko. Hala, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %65 jasoko dute, gehienez; Lehen Hezkuntza-DBH ikastetxe mistoetako egoitza edo instalazio komunetan, edo erabilera partekatua dutenek, gehienez zenbatekoren %80; DBHrako soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetako obrek gehienez zenbatekoaren %100; eta Pirinio aldeko udal ikastetxeetako egoitza edo instalazioetako obrek, diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %95, gehienez, edo diruz lagundutako proiektuaren zenbatekoaren %100 gehienez, DBHrako soilik erabiltzen diren egoitza edo instalazioetako obren kasuan.

Diruz lagundu daitezkeen ekintzak, ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obra proiektuak izango dira; hala nola eraikinaren segurtasunarekin lotutakoak, eraikinaren iragaiztea, berokuntzaren instalazioa, elektrizitatea eta iturgintza eta saneamendu instalazioak. Diruz lagunduko dira ere oztopo arkitektonikoak kentzeko proiektuak eta energia aurrezpen eta efizientziarako jarduketak, esaterako, eraikinaren inguratzaileari (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta berokuntza eta argiztapen instalazioei lotutakoak.

Eskaerak bihartik hasita, urtarrilak 29, hogei egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Hezkuntza Departamentuan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri diren lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Tokiko entitateen titulartasuna duten ikastetxeen diru-laguntzen kopurua handitu du Departamentuak legegintzaldi honetan. Iaz, 55 eskaera jaso ziren eta milioi bat euro bideratu ziren 37 ikastetxeetara.