Euskaraz bizitzeko egonaldiak programan izena emateko epea zabalik da - Euskaraz bizitzeko egonaldiak programan izena emateko epea zabalik da - Dpto
Hezkuntza Departamentuak diruz lagundutako 1.050 toki eskaintzen ditu Nafarroako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
2019/06/03
Aurten eskaera egiteko bi epe izanen dira: ekainaren 21era bitarte lehena, eta irailaren 9tik 20ra bitartea bigarrena. 2019-20 ikasturteko txanda guztiak iraileko azken astean esleituko dira.
Programa ezagutzeko bideoa:
“EUSKARAZ BIZITZEKO EGONALDIAK” HIZKUNTZAN MURGILTZEKO PROGRAMAREN 2019-20 IKASTURTEKO DEIALDIA
1.- Deialdiaren objektu eta xedea.
1.1. Hezkuntza Departamentuak 1.050 toki eskaintzen ditu 2019-20 ikasturtean “Euskaraz bizitzeko egonaldiak” hizkuntza programan parte hartzeko, Nafarroako ikastetxeetako A, B eta D ereduetan Lehen Hezkuntzako 3. ikasmailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4.era arte eskolatutako ikasleei zuzendua.
1.2. Programaren helburua da komunikazio gaitasunak handitzea, bereziki elkarreragin linguistikoa eta ahozko ulermena eta adierazpena, erabileraren testuinguru naturaleko jardueren bitartez. Ikasleei aukera eskaini nahi zaie euskaraz mintzatzeko, ikasgelatik kanpo hizkuntza erabiltzeko aukera emanez, jatorrizko hiztunekin, testuinguru naturaletan. Programako beste helburu batzuk honako hauek dira: ikasleei bestelako hizkuntza estrategia eta baliabideak ematea, bizikidetza sustatzea, autonomia pertsonala hobetzea, geure kultura ezagutzea, natura zaintzea, etab.
2.- Egonaldien deskribapena eta ezaugarriak
2.1. Hemeretzi egonaldi-txanda antolatuko dira, bederatzi udazkenean (urria-abendua) eta hamar udaberrian (martxoa-maiatza); hamabost txanda 5 egunekoak izanen dira, astelehenetik ostiralera, eta beste laurak hiru egunekoak. Hizkuntza murgiltze programa denez, lehentasuna emanen zaie 5 eguneko egonaldia eskatzen duten ikastetxeei (ikus 5.2. puntua). Bost eguneko txandak 3 eguneko bihur daitezke ikastetxeek hala eskatuz gero.
2.2. Txanda bakoitzean, gutxienez, 20 ikaslek eta, gehienez, 75ek hartuko dute parte, eta bertan ikasleek mantenu osoa jasoko dute. Bi ikastetxe edo gehiago elkar daitezke gutxieneko kopurura iristeko (ikus 4.4. puntua). Maila desberdinetako ikasleekin ere osatu daiteke taldea.
2. 3. Egonaldiak Arantzako Aterpe aterpean eta Beintza-Labaiengo Orbela aterpean eginen dira. Tokiak 40 eta 35 izanen dira, hurrenez hurren. Nafarroako bi herri horietan nagusi dira euskal hiztunak (% 90etik gora).
2.4. Egonaldietako programa hizkuntza jardueraz osatuta dago, eta bi ardatz nagusi ditu: 1) ikaskuntza kooperatiboko dinamiketan oinarritutako praktika trinkoa eta 2) elkarrekintzazko praktika, bisita eta jarduera kulturaletan.
2.5. Ikasle bakoitzak 88,00 euro, BEZa barne, ordainduko du 5 eguneko egonaldiaren truke. Hiru egunekoetan, berriz, 52,80 euro, BEZa barne, ordainduko du. Programan onartuak izan direla jakin bezain laster, ikastetxeek erreserba bermea ordaindu beharko dute: ikasle bakoitzeko 25 euro bost eguneko egonaldien kasuan, eta 15 euro hiru eguneko egonaldien kasuan.
Erreserba bermea egonaldiaren amaieran ordaindu beharreko diru kopurutik deskontatuko da. Programan onartuak izan ondoren ez joatea erabakitzen duten ikasleek galdu egingo dute bermea. Ordainketaren titularra ikastetxea izanen da, eta behin ere ez da pertsonalizatua izanen.
2.6. Ikastetxeen ardura da garraiobideak kontratatzea eta ordaintzea.
3. Egonaldien egutegia.
Txanden egutegia 2019-20 ikasturterako:
- 1. txanda: urriaren 7tik 11ra
- 2. txanda: urriaren 14tik 18ra
- 3. txanda: urriaren 21etik 25era
- 4. txanda: urriaren 28tik 30era (3 egun)
- 5. txanda: azaroaren 4tik 8ra
- 6. txanda: azaroaren 11tik 15era
- 7. txanda: azaroaren 18tik 22ra
- 8. txanda: azaroaren 25etik 29ra
- 9. txanda: abenduaren 9tik 13ra
- 10. txanda: martxoaren 2tik 6ra
- 11. txanda: martxoaren 9tik 13ra
- 12. txanda: martxoaren 16tik 18ra (3 egun)
- 13. txanda: martxoaren 23tik 27ra
- 14. txanda: martxoaren 30etik apirilaren 3ra
- 15. txanda: apirilaren 6tik 8ra (3 egun)
- 16. txanda: apirilaren 20tik 24ra
- 17. txanda: apirilaren 27tik 29ra (3 egun)
- 18. txanda: maiatzaren 4tik 8ra
- 19. txanda: maiatzaren 11tik 15era
Antolaketa dela eta, egutegia alda liteke (aste batzuk kentzea, kasu).
Taldeen harrera astelehenetan izanen da, 10:00etan, eta irteera, asteazken edo ostiraletan, egonaldia hiru egunekoa izan edo bostekoa izan, 14:30ean.
4. Eskaera noiz eta nola egin.
4.1. Eskaerak bi epe hauen barnean aurkeztuko dira:
a) 2019ko ekainaren 3tik 21era bitarte.
b) 2019ko irailaren 9tik 20ra bitarte (eskaerak egiteko epea irailaren 20an bukatuko da, 15:00etan).
Deialdia honako webguneetan argitaratuko da: www.navarra.es/home_eu/ eta www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad. Txanden esleipena ere web-orri horietan argitaratuko da irailaren azken astean.
Eskaera guztiak 5.2. puntuan agertzen den baremoaren arabera baloratuko dira.
4.2. Eskaera ondorengo loturan agertzen den inprimaki elektronikoaren bidez osatu eta bidali beharko da:
https://forms.gle/SVCTVvxWRDwsutRRA
4.3. Esleitutako txanden behin betiko zerrenda argitaratutakoan, ikastetxeei ordainketa egiteko jarraibideak eta eskatu beharreko baimenak helaraziko zaizkie.
Ikastetxeek konpromisoa hartuko dute ikasleen zerrendak bidaltzeko eta gurasoen baimena, behar den bezala beteta eta sinatuta, eskatu eta ikastetxean gordetzeko.
4.4. Eskaerak direla-eta, garrantzitsua da ondorengoa aintzat hartzea:
a) Bi ikastetxek edo gehiagok eskaera bateratua aurkez dezakete 20 ikasleko taldea osatzeko. Eskaera orrian zehaztu beharko dute ikastetxeek norekin partekatu nahi duten egonaldia.
b) Ikastetxe bakoitzak egonaldi bakarra eskatu ahalko du deialdi bakoitzean.
c) Bi hizkuntza eredu dituzten ikastetxeek eredu bakoitzeko eskaera bana egin dezakete. Hala egiten badute, eredu bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko dute.
d) 2 irakasle laguntzailek, gutxienez, joan beharko dute egonaldi bakoitzera.
5.- Hautapen Batzordea eta baremoa.
5.1. Hezkuntza Departamentuak hautatzeko batzordea izendatuko du, ondorengo kideekin:
Presidentea: Euskara Ataleko burua edo bera ordezkatzeko izendatzen duena.
Batzordekideak: Euskara Ataleko bi aholkulari tekniko.
5.2. Hautapen irizpideak eta baremoa.
Batzordeak ikastetxeen eskaerak baloratuko ditu ondorengo baremoaren arabera:
- 5 eguneko egonaldia eskatzea lehenengo aukera gisa: 10 puntu.
- 2018-19 ikasturtean programan parte hartu ez izana: 5 puntu.
- Ikastetxe publikoa izateagatik: 5 puntu.
5.3. Azken puntuazioetan berdinketarik balego, zozketa eginen da.
5.4. Egonaldi-txandarik esleitu ez zaien ikastaldeak erreserban geldituko dira, ikastalderen batek egonaldiari uko eginen balio. Ikastalde horiei eta hautaturik gertatu direnei horren berri emanen zaie.
6.- Deialdiaren ebazpena.
6.1. Hautapen Batzordeak hala proposatuta, Hezkuntza Departamentuak deialdiko behin-behineko emaitzen berri emanen du ondorengo web-orrietan 2019ko iraileko azken astean:
www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad. http://www.navarra.es/home_eu/
Une horretatik aurrera, 2 eguneko epea izanen da horren kontrako erreklamazioa egiteko, edo, hala balegokio, falta den dokumentazioa aurkezteko.
6.2. Balizko erreklamazioak ebatzitakoan, behin betiko emaitzak aipatu web-orrietan argitaratuko dira. Behin betiko esleipena posta elektronikoz jakinaraziko zaie ikastetxeei, eta hauek bide beretik bi eguneko epea izanen dute onetsi edo uko egiteko.
7.- Irakasle laguntzaileen funtzioak.
7.1. Ikasleekin joaten diren irakasleek euskaldunak izan beharko dute, EGA tituludunak edo titulu baliokidea dutenak. Era berean, berariazko premiak dituen ikaslerik balego, ikastetxeak zaintzaileak izan beharko ditu aipatu ikasleak egonaldian zehar laguntzeko. Ikastetxeek txandak ezarri ahalko dituzte irakasle laguntzaileen artean, beti ere irakasle bera 24 orduz egotea bermatzen badute.
7.2. Funtzioak.
-Antolatzaileek emandako informazioa eta dokumentazioa jaso eta parte hartzen duten familiei eta ikasleei haren berri ematea.
- Joan eta etorrian taldea laguntzea.
- Egonaldiak irauten duen bitartean, taldearekin egotea eta ziurtatzea ikasleek egoki parte hartzen dutela jardueretan.
- Jarduera programan parte hartzea, zuzendaritzari eta erreferentziazko hezitzaileei lagunduz.
- Bizikidetza arauak ezagutu eta betetzen laguntzea, jangelakoak eta atsedenaldikoak barne, eta familiei eta ikasleei jakinaraztea. Neska-mutilak jarduetara eta otorduetara garaiz ailega daitezen kontrola izango dute; hala nola otorduak antolatu eta hauen ordena kontrolatuko dute. Logelen ordenaren kontrola izanen dute eta jaiki eta oheratze ordutegiak betetzeaz arduratuko dira. Astean zehar suerta daitezkeen gatazka edo hartu beharreko erabakien arduradunak izanen dira.
- Larrialdi medikuaren kasuan, ikaslea osasun zentrora lagunduko du.
- Parte-hartzaileren batek, edozein arrazoi dela-eta, egonaldia bertan behera utzi beharko balu, familiarekin harremanetan jarri beharko du, etxera itzultzeko desplazamendu mota adosteko.
8.- Irakasle laguntzaileen ziurtagiriak eta ebaluazio galdetegia.
8.1. Egonaldi guztian irakasle laguntzaile aritzen direnei prestakuntzako 50 orduko egiaztagiria emanen zaie, eta hiru egunekoan parte hartzen dutenei, 30 ordukoa.
8.2. Irakasle laguntzaileek galdetegi elektroniko bat beteko dute azken ebaluazioa egiteko.
9.- Parte hartzeko baldintzak.
9.1. Parte hartzeak dakarren ondorioa da Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintza eta arauak onartzeko konpromisoa.
9.2. Ikasleen zerrendan aldaketarik gertatuz gero, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko zaie aterpetxeetako arduradunei.
10.- Bestelako xedapenak
10.1. Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du eskatzaileek aurkezten dituzten datuak ikuskatzeko.