angle-left “Euskaraz bizitzeko egonaldiak” programan izena emateko epea zabalik dago

Hezkuntza Departamentuak, iragan ikasturtean berreskuraturiko programa honen bitartez, ikastetxeei inguru euskaldunean bizitzeko 655 lagunentzako eskaintza eginen die. Izena emateko epea irailaren 16ra arte zabalik egonen da

2018/09/04

"Euskaraz bizitzeko egonaldiak" euskararen paisaia naturalean egiten dira.

 “Euskaraz bizitzeko egonaldiak” programan parte hartzeko deialdia berreskuratu eta zabaldu du Hezkuntza Departamentuak. Guztira 655 toki eskainiko ditu 8 eta 16 urte bitarteko ikasleek euren ikasgelarekin joan daitezen. Egonaldiak  urritik abendura bitarte behar du izan eta Beintza-Labaien eta Arantza herrietan eginen dira. Biak ala biak egokiak euskarazko egonaldiak egin ditzaten, bertan euskaraz murgiltzeko helburuarekin. Ikastetxeek irailaren 16ra arte dute izena emateko epea.

Ekimen honi esker, A, B eta D ereduetako Lehen Hezkuntzako 3. ikasmailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4.era arte eskolatutako ikasleek bost egunez, inguru euskaldun batean ikasi, jolastu eta bertakoekin harremanetan hasteko aukera izanen dute.

Euskara Atalak kudeatutako programaren helburu nagusia da euskaraz bizi den ingurua ezagutzea. Horrela, hizkuntza geletatik atera eta bestelako jardunean erabiltzeko estrategiak eskaintzen zaizkie ikasleei. Ikuspegi pedagogikoa eta ludikoa tartekatuz, beraz, honako ekintzekin osatzen da egonaldiaren egitaraua: kontrabandisten joan etorriekin lotutako jolasak eta dinamikak; kobazuloetara eta San Juan Xarrera bisitak; talo tailerrak; gynkanak; Mihiluze dinamika eta distentsio jolas kooperatiboak; Sanberro (Arantza) eta Gurutzalde (Beintza-Labaien) baserrietara irteerak eta herri kirolak.

Azken finean, gaztetxoen komunikazio gaitasunak handitu asmo ditu programa honek, erabilera naturala duen paisaia batean antolaturiko jardueren bitartez. Programak dituen helburuen artean, ikasleei bestelako hizkuntza estrategia eta baliabideak ematea, bizikidetza sustatzea, autonomia pertsonala hobetzea, geure kultura ezagutzea eta natura zaintzea daude.

 

Datak eta egonaldien iraupenak.

Ikasturte honen lehen deialdia martxoan zabaldu zen. Orain irekitako bigarren epealdian, abendura bitarte, hamar egonaldi eskainiko dira:

  • 5 egunetako (astelehenetik ostiralera) 8 egonaldi
  • 3 egunetako (astelehenetik asteazkenera) 2 egonaldi

Egonaldi denak Arantzako aterpean eta Beintza-Labaiengo Orbela aterpean eginen dira eta taldeak 75 lagunekoak izan daitezke, gehienez ere: 40 Arantzakoan eta 35 Beintza-Labaiengoan. 

 

“Euskaraz bizitzeko egonaldiak” programa 2017-18 ikasturtean berreskuratu zuen Hezkuntza Departamentuak, 115.005 euroko aurrekontu bideratuz. Bi herrietako aterpeak kudeatzen dituzten Alzuri Zugarramurdi, S.I. eta Orbel Haizea, S.LU enpresak izan ziren esleipendunak.

Kontaktua: Hezkuntza Kabinetea