angle-left Nafarroako ikasleek aldizkari multimedia sortuko dute ‘Sormen digitala’ irakasgai berrian

Foru Komunitateko zazpi ikastetxetako DBHko 2. eta 3. mailako ikasleek euskal kulturaren ezagutza landuko dute sormen artistikoaren bitartez

2020/10/06

Ikasleak 'Sormen Digitala' irakasgaian.

Nafarroako D ereduko zazpi ikastetxetako ikasleek aldizkari digitala nola egin ikasiko dute ‘Sormen digitala’ irakasgaiaren jarduera osagarrien barruan. Ikasgai horren bitartez DBH-ko 2. eta 3. mailako ikasleek esperimentazioaren bitartez euskal ondarea ezagutuko dute.

2020-2021 ikasturtean landuko den irakasgai berria Barañaingo Alaitz, Altsasuko eta Lekarazeko institutuetan, zein Iruñeko Jaso Ikastola, Eunate, Iparralde eta Iturramako ikastetxetan garatuko da.

Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalak diseinatutako ‘Sormen digitala’ irakasgaiaren baitan aste honetan gauzatzen ari den ikastaroan gazteei gidoiak nola egin; plano orokorrak, amerikarrak eta plano motzak nola tartekatu; leku argietan eta leku ilunetan nola grabatu; grabazioetan soinua eta musika nola txertatu eta mugikorrarekin grabatzeko programak nola erabili irakatsiko zaie.

Horretarako, EIBZko irakasleek lau tailer diseinatu dituzte –Ezpainzapiak, Handia eta Maskarak, Frontoia eta Txalaparta-, proposamen sortzaileez betetako unitate didaktikoak. Unitate hauen bidez, sortze askea bultzatu nahi da: dantzaren, musikaren, antzerkiaren edota arte plastikoen bidez irudikatzea tailerretan ikusi eta ikasitakoak eragindako sentipen, gogoeta eta sentimenduak, eta irudikapen horiek bideoan bildu eta aldizkari digital batera igotzea gero. Ikasleek ZUT aldizkaria izango dute eredu eta proiektu horren sustatzaileak gidatuko dute ikastaroa. Lehen saioak, Altsasuko institutuan, Alaitz BHIn eta Iturrama Institutuan izango dira aste honetan, eta gainerako hiru ikastetxeetan, hurrengo egunetan.