angle-left Lanbide Heziketako Donibane Ikastetxeko ikasleek Albaola museoko erabilera anitzeko aretoa sortuko dute GaztEgur mugazgaindiko proiektuan

Pasaian aurkeztu berri den ekimenean, Angeluko Les Compagnos du Tour de France eskolako ikasleek ere hartuko dute parte

2020/10/16

GaztEgur proiektuaren aurkezpena Albaola Itsas Kultur Faktorian

Iruñeko Donibane Lanbide Heziketako Ikastetxeko ikasleek Angeluko Les Compagnos du Tour de France eskolako ikasleekin batera Pasai San Pedroko (Pasaia, Gipuzkoa) Albaola Itsas Kultur Faktoriako jatetxea eta erabilera anitzeko aretoa sortuko dute. Gipuzkoako herri horretan aurkeztu berri den ekimena Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen GaztEgur proiektuaren baitan gauzatuko da. 

Proiektuaren helburua hiru eskualdeetako ikasleen trukea sustatzea eta erraztea da, partekaturiko kultur dibertsitatean integratzea eta lanbidea ikastea bultzatzeko. Horrez gain, hauspoa eman nahi zaio ekonomiaren, kulturaren eta lanaren arloetan interes handikoa den elkarlanari.

Honezkero, Lanbide Heziketako bi ikastetxeetan diharduten 16 eta 30 urte bitarteko ikasleak hasi egin dira aurrez muntatutariko zurezko egituradun moduluak eraikitzen, irakasle-taldeak eta Lekuona arkitektura-bulego nafarrak ikuskaturik eta zuzendurik. Nafar ikasleen lehenbiziko urratsa Cadwork marrazketa-programa erabiltzeko trebatzea izan da, maketak diseinatzeko eta eskala txikiko prototipo bat ekoizteko xedez. Prozesuan zehar, halaber, bisita eginen diote proiektu honetarako laguntzen dien zentroari, ezagutza eta ikasketa-materiala trukatzeko elkarrekin. 

Ikastetxeetan moduluak eraikita daudenean, Nafarroako eta Akitania Berriko ikasleek batera eginen dute azken muntatze-lana, Pasaiako Itsas Kultur Faktorian. Hantxe du egoitza APRENDIZTEGIk, Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskolak, eta hantxe ari dira eraikitzen XVI. mendeko baleontzi baten erreplika, UNESCOren babespean.        

Parte hartzen duten ikastetxeak

Gaur egun, Donibane Lanbide Heziketako Ikastetxeak 450 ikasle eta 50 irakasle inguru ditu, Oinarrizko LH eta Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako zikloetako ikasketetan dihardutenak. Ikastetxeak Zura eta Altzariak, Elektrizitatea eta Automatika eta Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza arloetako ikasketak eskaintzen ditu. Gainera, 100 enpresa baino gehiagorekin du lankidetza; horietan, ikasleek prestakuntza-praktikak egiten dituzte, eta parte hartzen dute Europako Erasmus+ mugikortasun-programan.      

Compagnons du Tour de France de la Federación Compagnonnique Nationale ikastetxeak prestakuntza etengabe eskaintzen du eraikuntzaren eta ingeniaritzaren arloko lanbideetarako. Urtero, 350 lan-eskatzaileri, 150 aprendizi eta Frantziako Tourrean laguntzen duten 35 gazteri ematen die arreta Angelun duen egoitzan, Akitania Berriko eskualdean. 

Albaola

Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasaiako balea-portu historikoaren ahoan dagoen Museo-Ontziola bat da, ondare-ontziak egiten dituena jendaurrean, teknika eta lanabes tradizionalak erabiliz. Gune berritzailea da, artisautzazko itsas teknologia errekuperatu eta balioesten duena.   

Ontziolari eginiko bisitaldietan bertatik bertara beha daitezke ontzigileen artisau-lana eta San Juan baleontzi historikoaren erreplika sortzeko prozesuaren azken urratsak. Ontziak ia 30 metroko luzera du, Pasaiako portuan bertan egin zuten, eta 1565ean hondoratu zen Labradorreko itsasertzean, Kanadan.