angle-left Holanda, Finlandia eta Italiako ikasle zaurgarriak Nafarroan izango dira, Hezitzaileen Eskolaren eta María Ana Sanzen Zentroaren jarduera ezagutzeko

NAVE proiektuari esker, ikasle nafarrak herrialde horietako ikastetxeetara joan dira prestakuntza-egonaldiak egitera

2021/11/08

Herbehereetako, Finlandiako eta Italiako ikasle eta irakasleek Nafarroako lanbide heziketako bi ikastetxe bisitatuko dituzte azaroan: Hezitzaileen Eskola Integratua eta Maria Ana Sanz CI. NAVE2 izeneko Nafarroako Gobernua buru duen Erasmus KA2 proiektuaren barruko bisita da. Proiektuaren buru den Nafarroako Gobernuaz gain, ROC Midden Nederland (Herbehereak), Consorcio Degli Istituti Professionali (Italia), Saimaan ammattiopisto Sampo (Finlandia) eta K+M (Erresuma Batua) enpresak proiektuaren zuzendaritza- eta kalitate-gaietan aholku ematen dute.

Proiektuaren helburua da, bereziki, ikasle zaurgarrien, abandonatzeko arrisku handia duten eta egokitze-arazoak edo gizarte-bazterketako arriskua dituzten ikasleen eta ezgaitasun fisiko edo psikikoa duten ikasleen mugikortasuna sustatzea. Ikasle horiek Nafarroako LHren egituran Oinarrizko LHko eta LH bereziko ikastaroetan trebatu dira.

Lau kideen artean ikasleak hartu eta bidaltzeko protokoloak ezartzea da helburua. Horretarako, agiriak, datu-baseak eta plataformak garatuko dira, izapideak azkartzeko eta herrialde kideen arteko ikasle-trukea errazteko.

Protokolo horiek mobilizazio pilotu batzuen bidez probatzen dira. Mobilizazio horietan, erakunde bakoitzak bazkide bakoitzari zaurgarritzat jotzen dituen ikasleak bidaltzen ditu 15 eguneko mobilizazioetarako. Ikasleak irakasleekin joan dira, eta bisita horiek guztiak urriaren 31tik azaroaren 13ra bitartean egiten ari dira. Nafarroak sei ikasle bidali ditu herrialde elkartuetara hiru irakasleren laguntzarekin, eta bederatzi ikasle eta hiru europar irakasle hartu ditu.

Guztiek aldi berean egonaldia egitea erabaki da, izan dezakeen eragin mediatikoagatik eta erakunde bakoitzean harrera antolatzeak dituen abantailengatik.

Horrela, María Ana Sanz CI zentroak bi irakasle eta bi ikasle jaso ditu, Herbehereetako ikastetxeko Garraio eta Logistikako Oinarrizko LHkoak, eta Hezitzaileen Eskolak Finlandiako irakasle bat eta bi ikasle eta Italiako irakasle bat eta bi ikasle, guztiak Care Gizarte Hezkuntzako Oinarrizko Lanbide Heziketakoak eta Eskola Berezikoak.

Joan den azaroaren 2an harrera egin zitzaion taldeari Hezkuntza Departamentuan, eta bi aste hauetan zehar hainbat jarduera aurreikusi dira ikastetxeetako parte-hartzaileekin, bai eta bisita kultural eta ludikoak ere, Nafarroako gizartearen aberastasuna eta aniztasuna erakusteko eta gure erkidegoko ekonomia- eta gizarte-sarean lanbide-prestakuntza garatzeko.

Parte hartzen duten ikastetxeak

Nafarroan, hauek dira jarduera horretan parte hartzen duten ikastetxeak:

- CIP ETI Informatikako Oinarrizko LHrekin, zeinaren ikasleak Herbehereetara joan baitira

- CI San Juan-Donibane, Finlandiara joan den Ehungintzako Oinarrizko LHrekin

- Huarte BHIa, Sukaldaritzako Oinarrizko LHrekin; ikasleak Italiara joan dira.

NAVE2 proiektua elkarte estrategikoen taldeari dagokio. Horren helburua da jarduera berritzaileak garatzen, transferitzen edo ezartzen laguntzea eta lankidetza, berdinen arteko ikaskuntza eta Europa mailako esperientzien trukea sustatzeko ekimen bateratuak gauzatzea.