angle-left Ander Miranda Matematika Olinpiadako txapeldun

2022/01/31

Pasa den urtarrilaren 21ean ospatutako Nafarroako Matematika Olinpiadan urrezko domina lortu du Batx 2H taldeko Ander Miranda Zapata ikasleak. Berri bikain horren harira elkarrizketatxoa egin diogu ikastetxeko web orrirako:

Hasteko zorionak Ander, lortu zenuen emaitzagatik. Kontatuko diguzu nola izan zen ostiraleko lehiaketa?

Bai, Olinpiada bi saiotan banatzen da, bakoitza 3’5 orduko iraupenarekin. Saioetako bakoitzean zailtasun gorakorreko 3 problema ebatzi behar dira, ikastetxean lantzen ez diren edukien ingurukoak. Edukiok gure kabuz edo prestakuntzetan landu behar izaten ditugu. Problema hauek ez dute bilatzen ikasleak ezagutza handiak edukitzea, baizik eta pentsatzea eta arrazoitzen jakitea.

Beraz prestaketa berezia egin zenuen lehiaketaren aurretik, nolakoa izan zen?

Prestaketa iaz hasi nuen, tokian tokiko fasean parte hartzea eskaini zidatenean. Larunbatetan izaten genituen saioak, Nafarroako beste ikasle batzuekin batera. Iaz 3. postua lortu nuen Olinpiadan, eta prestakuntzekin jarraitu nuen talde murriztuago batean eta maila altuagoko edukiekin. NUPek izaten dira saio hauek, Gustavo Ochoa irakaslearen eskutik, eta batzuetan Nafarroan izan diren beste olinpiko batzuk ere etortzen dira.

Eta lehenago? Ikastetxean ere joan zara klasekoaz aparte beste eduki batzuk ikasten?

Bai, 2.DBHn ere matematika olinpiadan ere parte hartu nuen, baina ez nuen irabazi. Orduan atsedenaldietan prestatu nuen, eta honetarako Telegram bidez jaso dut irakasleen laguntza.

Matematika mintegiko Javier Ortiz, Iker Irañeta eta Mikel Beaumont irakasleen laguntza ezinbestekoa izan da emaitza hau lortzeko.

Zuk matematikarako gaitasun handia daukazu, baina ez da hori bakarrik.

Nire ustez matematikan, bizitzako beste esparruetan bezala, egindako lanak arrakastaren %90a azaltzen du. Doai handiak eduki ditzakezu, baina goi mailara ailegatzeko ezinbestekoa da lana eta egiten ari zaren hori gustuko izatea.

Izan ere, larunbatetako saio horietaz gain zuk zure kabuz ere lan egiten duzu etxean, irakurtzen duzu…

Ez zait batere kostatzen lan hori egitea, nik gustuko dudalako egiten dut hori eta nabaritzen da azkenean.

Nafarroakoa irabazita Espainiako fasera zoaz orain…

Oraindik ez dakigu non izango den, baina martxoaren amaieran ospatuko da. Espainia osoko 70 bat ikasle sailkatu dira bertarako.

Prestaketa berezia eskatuko dizu honek?

Bai, larunbatetan elkartuko gara Nafarroatik sailkatu garen hiru ikasleak.

Eta etorkizunera urrutiago begira jartzen bagara, zer egin nahi duzu hurrengo urtean?

Nire helburua Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoan matematika eta fisikako gradu bikoitza ikastea da, notak ematen badit behintzat. Oso nota altua eskatzen dute, baina hori da nire ilusioa.

Eta gero ibilbide akademikoa eta ikerketakoa egitea?

Niri hori gustatuko litzaidake enpresa batean lan egitea baina gehiago, baina beste aukerarik ez badago… matematika eta fisika teorikoa gustuko ditut.

Azkenik, Fisika eta Informatikako olinpiadetan parte hartzeko asmoa daukazula esan didate...

Bai eta Kimikakoan ere… dena den Matematika eta Informatitakoak dira gaitegitik ateratzen diren bakarrak, eta nire ustez zailenak eta politenak. Besteak kurrikularragoak dira, ikastetxen lantzen diren edukiei bideratuak, eta ez naute horrenbeste asetzen.

Zorionak Ander ikastetxearen izenean, eta jarrai ezazu ilusio berdinarekin erronkei aurre egiten!