angle-left Aniztasunari erantzuteko plan estrategikoren itxiera ekitaldia antolatu du Hezkuntzak

Parte hartze prozesuan jasotako ekarpenen berri ematez gain, inklusioa lantzeko Katalunia, Euskadi, Aragoi eta Nafarroako ikastetxeetako esperientziak ezagutzeko aukera egongo da apirilaren 17an jardunaldietan, NUPen.

2018/04/12

Aprilaren 17an NUPen izango dira saioak, goizez eta arratsaldez

“Aniztasunari erantzuteko plan estrategikoa: aldaketa global eta inklusiboak ikastetxeetan” izeneko jardunaldiak antolatu ditu Hezkuntza departamentuak apirilaren 17an. Unibertsitatez kanpoko zeinahi etapatako irakasleei zuzenduta daude eta Gerardo Echeita Sarrionaindiak emango du hitzaldi nagusia. Goizez nahiz arratsaldez, Katalunia, Euskadi, Aragoi eta Nafarroako ikastetxeetako esperientziak ezagutzeko aukera ere egongo da. Hezkuntza departamentuko Antolamendu, Orientazio eta Aukera Berdintasun Zerbitzuak itxitzat emango du Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoaren gardentasun prozesua jardunaldiokin.

Aniztasunari Erantzuteko Plan Estrategikoak 91 ekarpen jaso ditu parte hartze prozesuan eta %45 onartu dira Antolamendu, Orientazio eta Aukera Berdintasun Zerbitzuak antolatutako mahai teknikoetan. Horien guztiaren berri emateko eta Planaren beraren ardatz den inklusioaz aritzeko, jardunaldiak antolatu dira apirilaren 17an, NUPen. Izan ere, Aniztasunari erantzuteko plana  aurten abiarazi da eta 3 urtetan garatuko da mailaz maila Nafarroako ikastetxeetan. Era honetako ekintzak abiarazi dira, tartean Nafarroako 21 ikastetxetan egiten ari dena kontratu-programa bidez, ikastetxe horiek eraldaketa global eta inklusiboen prozesuak garatzeko.

“Hezkuntza inklusioa eta aniztasuna” kontzeptuak bilakaera handia izan dute azken urteetan. UNESCOk berak dioen bezala, “haur bakoitzak bere ezaugarriak, interesak, gaitasunak eta hezkuntza premiak ditu eta ezaugarri eta premia dibertsitate handi horren arabera diseinatu behar dira hezkuntza sistemak eta abian jarri hezkuntza programak”. Oinarri horrekin abiatu zuen Hezkuntza departamentuak Aniztasunari Erantzuteko Planaren prozesua. Are gehiago, 93/2008 Foru Aginduak dioen bezala, "Ikasteko prozesuetan ikasle guztiak desberdinak dira, jarrera, interes, motibazio, gaitasun, ikasteko estilo eta aurreko esperientzia desberdinak dituztelako. Beraz, ikastetxeetan aniztasuna egon badago eta irakasle guztiek egin behar diote aurre, normalizazioa, banakako laguntza eta inklusioa direla medio".

Horrek esan nahi du haurren ikaskuntza oztopatzen duten trabak kendu behar direla, ikastetxeen barneko antolamendu aldaketen, proposamen malguen, laguntza inklusiboen, irakaslan konpartituaren, familiekiko eta erkidegoarekiko irekitasunaren eta abarren bidez bazterketa oro gaindituz, hezkuntzarako eskubide unibertsalaren ikuspegitik eta ikasle guztiei bermatuz kalitatezko hezkuntza batean sartzeko, parte-hartzeko eta arrakastaz ikasteko aukera.

Hezkuntza inklusio eta aniztasuna kontzeptuaren egungo ikuspegi horretatik ere sentsibilizazio saioak egin ditu Antolamendu, Orientazio eta Aukera Berdintasun Zerbitzuak, plan estrategikoaren baitan. Izan  ere, asmoa da denboran zehar globalak, errealistak eta iraunkorrak izanen diren aldaketak sartzen laguntzeko estrategia eta ereduak ematea eta erakustea irakasle guztiei.

Saioa, goizez eta arratsaldez

Goizeko saioa batez ere orientatzaile eta zuzendaritza taldeei zuzendu bada ere, arratsaldekoa irakasleei eta hezkuntza inklusiboan interesa duen orori irekita egongo da; hala, Departamentuak, hezkuntza komunitateko agenteak gonbidatu ditu jardunaldietara, hala nola, Eskola Kontseilua eta Parlamentuko Hezkuntza Batzordea, besteak beste. Egitaraua goizez nahiz arratsaldez berbera izango da, interesatuek aukera dezaten ondoen datorkien ordutegia eta ahalik eta jende gehiengoarengana iritsi ahal izateko.

Gerardo Echeita Sarrionandia UAM unibertsitateko irakasleak emango du ponentzia nagusia: “Educación de calidad para todos. Equidad, inclusión y atención a la diversidad”. Ondoren, Hezkuntza departamentuko Antolamendu, Orientazio eta Aukera Berdintasun zerbitzu-zuzendari Ander Domblasek emango ditu Aniztasun Planaren inguruko xehetasunak eta parte hartze prozesuaren nondik norakoak. Izan ere, ekitaldi honekin itxitzat emango da Planaren gardentasun prozedura. Bestalde, inklusioa lantzen duten sei ikastetxetako esperientziak ezagutzeko aukera ere egongo da, goizez nahiz arratsaldez: Berri HLHIP (Donostia), Doña Álvara Álvarez HLHIP (Faltzes), Ibarberri HLHIP (Lekunberri), Joaquin Ruyra HLHIP (L´Hospitalet de Llobregat), Cinco Villas BHI (Ejea de los Caballeros) eta Castejón DBHI (Castejón).

Jardunaldietara joan ahal izateko izen-ematea apirilaren 15ean amaituko da eta onartuen zerrenda apirilaren 16an argitaratuko da, Iruñeko ILZko webgunean:

http://formacionprofesorado.educacion.navarra.es/web/eu/onartuen-zerrenda/