angle-left Sare publikoan irakasleak masiboki kontratatzeko urte anitzeko gastua eta sare itunduko moduluak gehitzea onartu da

Hezkuntza Departamentuak 595,77 kontratu berri egin ditu aniztasunari erantzuteko eta COVID-19 indartzeko

2020/10/08

Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, erabaki bat hartu du zeinaren bidez baimena ematen den 2020-2021 ikasturterako eta hurrengoetarako urte anitzeko gastu bat egiteko, horietako bakoitzean 2.861.451 euroko zenbatekoarekin, irakasleen kontratazio masiboa handitzeko, irailaren 1eko 14/2020 Foru Legeak sare publikoan xedatutakoa betetzeko.

Foru Lege honetan bertan jasotako neurrien finantzaketa agertzen ez denez, aurrez dagokion aurrekontu-aldaketa egin behar izan da, Hezkuntza Departamentuaren aurrekontuaren kontura.

Nafarroan Irakaskuntza Publikoa hobetzeko ituneko neurriak betetze aldera (14/2020 Legean sartutako neurriak), 57 urtetik gorako irakasleen irakasjarduna murriztu beharra dago eta zuzendaritza-laneko ordutegia gehitu Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan. Horrela, 2020-2021 ikasturteari begira, 63,59 irakasle baliokide inguru gehitzea aurreikusi da.

Era berean, onartutako akordioaren bitartez, funtsen mugimendua egingo da; hau da, Nafarroako Aurrekontu Orokorren inguruko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legean ezarritako hezkuntza-kontzertuetako modulu ekonomikoak aldatuko dira 2020. urterako, eta urte anitzeko gastua baimendu da, itundutako sarean irailaren 1eko 14/2020 Foru Legean xedatutakoa gauzatzearren.

Sare publikoan bezala, irailaren 1eko 14/2020 Foru Legean sartutako neurrien finantzaketa Aurrekontuan sartu gabe zegoen; beraz, funtsen mugimendua egin behar izan da Hezkuntza Departamentuaren beraren aurrekontuaren kontura.

Erretiro partzial aurreratua hartzen duten edo hartuko duten langileei zuzendutako eta onartutako neurriak, sektorearekin egindako Akordioan jada jasotakoaren arabera, honako hauek dira:

- Ordu-murrizketan bi ordu gehitzea erretiro partzial aurreraturako aurreikusitako adinaren aurreko lau urtetan.

- Gizarte Segurantzatik jasotzen duenari gehituta, ordainketa eskuordetuan duen lanaldiarekin egokituko litzaiokeena  baino txikiagoa ez den soldata bermatzeko behar den osagarria ordaintzea.

595,77 kontratu berri jada eginda

Bestalde, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, Gobernuaren gaurko bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, sare publikoan eta itunduan irakasleen kontratazioak gehitzearen egungo egoeraren berri eman du, ikasleen aniztasuna artatzera bideratutako neurriei dagokienean eta COVID-19ak eragindako pandemia bidezko aparteko neurriei erreparatuta.

Zehazki, Nafarroako ikastetxeetako plantilletan 595,77 kontratuko errefortzua dute jada: 461,11 sare publikoan eta 134,66 itunduan. Zehaztu daitezkeen premien arabera, oraindik esleitu gabe daude beste 69 plaza sare publikoan eta 8 sare itunduan.     

 

Prentsaurrekoa