angle-left Baluartek asteazken honetan ikasturte amaierako Skolae Jardunaldia hartuko du eta bertan aurten ikastetxeek eginiko lana ezagutzera ematearekin batera “bideak zabaltzen dituzten” emakumeen lana omenduko da

Amaia Remirez Garcia, Fatima Djarra eta Osasunako jokalariek “SKOLAE erreferenteak, bideak zabaltzen dituzten emakumeak” errekonozimendua jasoko dute

2019/06/06

Pilar Mayo, Maria Solana eta Aitor Lakasta

María Solana, jarduneko Hezkuntzako kontseilariak, Baluarten ospatuko den Skolae Jardunaldia aurkeztu du gaur goizean. Aurten lehendabizikoz orokortu da 2017-2021 Hezikidetza Planaren baitan gauzatzen den Skolae plana eta ikastetxeek eginiko lana ezagutzera ematea eta errekonozitzea izango du helburu zitak. Jardunaldian gainera Amaia Remirez García, Fatima Dijarra eta Osasunako jokalariak omenduko dira "Bideak irekitzen dituzten emakumeak, Skolae erreferenteak" programaren baitan. Iaz eman zitzaion hasiera ekimenari eta arlo ezberdinetan egindako lana omentzea du xede, hala nafarroako ikasleek beraien bitzitzako proiektuak garatzerakoan emakume erreferenteak ere eredu izan ditzaten. Ikastetxeek ikasgeletan bideak zabaltzen dituzten beste hiru emakumeen irudiak izanen dituzte. 

Hezkuntza Sailak ekitaldi handia antolatu du datorren ekainaren 12rako Baluarten. Goizean ikastetxeak izanen dira tailerren bitartez jardunaldiaz gozatuko dutenak eta arratsaldez jadanik, 16:30etik aurrera, aurretik izena eman eta gero, jardunaldia irakasleei, familiei eta jende guztiari irekita egonen da. Irekiera María Solana Arana Hezkuntza Kontseilariaren eskutik etorriko da, eta haren ondoren Roberto Pérez Elorza Hezkuntza zuzendari nagusia, Aitor Lakasta Zubero Ebaluaketa, Kalitatea, Formazioa, Berdintasuna eta Bizikidetza zerbitzu-zuzendaria, Pilar Mayo Falque Berdintasun zerbitzuko burua eta Marian Moreno Llanea eta Miguel Ángel Arconada Melero programaren pedagogia koordinazioko arduradunak arituko dira, “Skolae programa, pausoak eta erronkak” solasaldi laburrarekin. Jardunaldian, gainera, Elena Fernández Treviño filosofia irakasleak “Herritar anitzei zuzenduriko berdintasuna” izeneko hitzaldia emanen du. Zuzenean ezagutzen du berdintasunaren aldeko lana, kulturanitzeko testuinguruetan irakasle gisa aritzen baita, eta berdintasunaren ikasketaren aniztasuna haurtzarotik integratzeko garrantziari buruz duen ikuspegia hurbilduko digu, gure ikasleei, neskei eta mutilei, beraien bizitza proiektuak berdintasunean oinarriturik aurrera eramateko gakoak aurkitzeko aukera emanen dioten bakarrak hezkuntza konpartitua, gogoeta, eztabaida eta elkarrizketa direla azpimarratuz. Marta Macho Stadler matematika doktore eta EHU-UPVko irakasleak “Kon-tzientzia duten emakumeak” gaiari buruz hitz eginen du. Azalduko duenez, lehen urteetatik beharrezkoa da hezkuntzan balioak transmititzea, neskatoentzako mugak hedatzeko eta bizitzak ekarriko dizkigun lanen, azterlan zientifikoen edo egitekoen aurrean gai edo ezgai sentitzera eramanen gaituen banakako kontzientzia hori eraikitzeko.

Igualdade komandoa

Bertze alde batetik, Chis Oliveria Mavar eta Priscilla T. Retamozo Igualdade komandoko koordinatzaileek, “Gazteak gazteak prestatzen: Galiziako berdintasun komandoen esperientzia” izeneko esperientzia ekarriko digute. Berdinen arteko prestakuntza egitasmoa da, eta ardatzak berdintasuna, zainketa, enplegua, indarkeriaren prebentzioa, norbanakoaren eta taldearen ahalduntzea eta berdintasunerako bidean elkarrekin aurrera egiteko norbanako eta taldeko konpromisoaren aurrean kontzientzia hartzea dira. Vigoko institutu batean sortu zen ideiak, gogoetak eta prestakuntza konpartituz bertze institutu batzuk ere bisitatzen dituen “Berdintasun komandoa”. Inspiratzen gaituen eta datorren ikasturtean Nafarroako bigarren hezkuntzako bost ikastetxetan, pilotatze gisa, hasiko den esperientzia erakutsiko dugu: Zizur BHI, Iturrama BHI, Burlata HHZ, Iruñeko hezitzaileen eskola.

Skolae erreferenteak

Emakumeen lana eta partaidetza ikusgai bilakatzeko helburuaren barruan, Hezkuntza Departamentuak, kohezkuntzaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten emakumeen lana aintzatestea bilatzen duen ekimena jarri zuen martxan joan den ikasturtean, haien ibilbideak ikusgai bilakatuz, ikasgelak apaintzen dituzten posterren bitartez. Helburua, emakume horiek aintzatesteaz gain, ikasleek hurbileko erreferente garaikideak izatea da, ezagutu ditzaketen eta beraien lana dela eta erreferente eta eredu izan daitezkeen emakumeak. Aurten, Fatima Djarraren, Amaia Remirez Garcíaren eta Osasuna taldeko emakume jokalarien lana aintzatetsiko da:

  • 2008tik Nafarroako Munduko Sendagileak erakundeko kide den Fatima Djarra lan aktiboa ari da egiten Afrikako emakumeen integrazioaren alde, emakumeak, familiak eta Nafarroako komunitatearen gainerakoa trebatuz, berdintasuna integratzeko, berdintasunean bizitzeko eta berdintasunean hezteko. Nafarroan eta Nafarroatik ugalketarako eta mutilazio genitalaren prebentziorako sexu osasun egitasmoan eta hartzen du parte, eta oso harreman estua du bere familia bizi den bere jatorrizko herrialdearekin. Bere ibilbidea eta dibulgazio lana aintzatesteko, Nafarroako Gobernuak Carlos III Gurutzea eman dio aurten. Ikusten duzuenez, Fátima Djarra benetako erreferentea da eskolako komunitaterako, duen inplikazioarengatik, eta berdintasunaren eta kultur aniztasunaren eta emakumeen integrazioaren alde aurrera daraman lan aktiboarengatik. Funtsezko mezu baten defendatzaile da: “ez dago desberdintasuna eta emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria justifikatzen duen inolako arrazoirik, ez kulturan ezta erlijioan ere”.
  • Amaia Remirez García: nafar ekoizlea eta gidoilaria Kanaki Films konpainian, eta 2 Goya sariren eta Urteko Europako Ekoizle onenaren sariaren irabazlea Bordeleko Cartoon Movie izenekoan, animaziozko filmen ekoizpenerako foro handian, ‘Un día más con vida’ lanarengatik, bertze sari eta aintzatespen asko jaso izanaz gain. Emakumeek egoera ez oso erraza duten eremuan, zinean eta zine ekoizpenean saritua eta aintzatetsia, benetako erreferentea da zinearen munduari ikus-entzule gisa begiratzera mugatzen diren neskatoentzako eta neskentzako. Mundu horretan ere neskek egiteko eta esateko asko dugu, ekoizle, zuzendari, gidoilari gisa edo kamera ostean dagoen bertze edozein zereginetan.
  • Osasunako nesken taldea: Neska erreferenteak, nahi dituzten guneak betetzeko egiten duten ahaleginarengatik, betidanik gizonek bete izan dituzten guneak badira ere. Talde horrek ikusgai bilakatzen du taldean futbolean jolastearen ikasketaz, esfortzuaz eta arrakastez gozatzen duten neska kirolari askoren errealitatea, eta baita bertze kirol batzuetan ere, neska izanik horietara heltzea, eta jarraitzea, batez ere, pixka bat zailagoa baita. Osasunako nesken taldea erreferentea da, bakoitzak konkistatu nahi dituen munduak konkistatzeko, egon nahi genukeen tokietan egoteko eta horretaz gozatu ahal izateko borrokatzeko. Kirola berdintasun gunea izateko egin behar den bidea luzea da oraindik, eta hori lortzeko lanaren erantzukizuna ez da soilik neskatoena edo neskena izanen. Hala ere, taldeko kideek beraiek eskuratu dute gune hori, ateak irekiz, bertze haur batzuentzat erreferente aktibo izanik, zailtasun gehiago eta aintzatespen gutxiago duten arren. Horregatik guztiarengatik, gure errespetu eta aintzatespen osoa.

Aurtengo erreferenteek bat eginen dute, horrela, iazko ikasturteko Uxua Lopez Flamarique, Amparo Tomé González eta Teresa Zabalegi Reclusa erreferenteekin.

Partaidetza Skolaen

Skolaen 2.303 irakaslek hartu dute parte (1.808 emakumek eta 492 gizonek). Horiek guztiak programan trebatu dira, eta programa zabaldu dute hizkuntz eredu eta etapa guztietako 116 ikastetxetan, publiko zein kontzertatuetan, eta baita haur udal eskoletan ere. Kohezkuntza programa Nafarroako hezkuntza sareko 17.617 ikaslerengana (8.705 neska eta 8.902 mutil) heldu da.

Horrez gain, 33 tutore, online plataformaren bitartez egin duten prestakuntza prozesuan zehar irakasleen banakako jarraipena egiteaz arduratu dira. Tutoretza taldea, kohezkuntzan adituak diren pertsonez, lan horretarako trebaturik dauden irakaslez, dago osaturik, eta horien artean daude joan den ikasturtean lan azpimarragarria egin zuten irakasleak. Parte hartu duten irakasleen %90ak amaitu du Skolae progamako prestakuntza.

Programaren proposamen didaktikoak batez bertzeko 8,7ko notarekin baloratu dira, eta prestakuntzaz arduratu den tutoretza taldeak 7,5eko batez bertzeko balorazioa jaso du.

Goizeko eta arratsaldeko egitaraua

Jardunaldia goizean hasiko da, euskaraz eta gaztelaniaz gai hauei buruzko zenbait tailer eginen dituzten ikasle taldeei zuzenduriko jarduerekin: “Berdintasun istorioak sortuko ditugu”, “Tratu onerako istorioak”, “Berdintasunean bizi gara”, “Berdintasunaren aldeko mutilak al gara?”, “Berdintasuna maitasunaren mitoen aurrean”, “Kultura desberdinak berdintasunean bizitzen ikasten”, “Berdintasunaren aldeko neskak al gara?”, “Sexu aniztasunari buruz ari gara hitz egiten”, etab. Arratsaldean, jardunaldia irakasleei, familiei eta jende guztiari zuzendurik egonen da, ikastetxe kohezitzaile nortasunerako lau jardunbide kolektibo onenei Skolae sariak emanen zaizkie eta aipatu ditugun emakumeen lana aintzatetsiko da. Skolaeko ikasturte amaierako jardunaldia Ohiulari Klown-eko Virginia Imazek emanen dituen ondorioekin amaituko da. Gainera, arratsaldez, “Skolae, berdin bidean” erakusketa bisitatu ahal izanen da. Erakusketak, azken bi ikasturteetan ikastetxeek egin dituzten lanei buruzko irudiak jasotzen ditu.