angle-left Buztintxuriko lanak 90 eguneko epean amaitzea aurreikusi du Hezkuntzak

Departamentuak bere konpromisoarekin betez, Buztintxurin matrikulatutako ikasleak bertan geratuko dira

2017/08/21

Hezkuntza departamentuak dagoeneko sinatu du Buztintxuri ikastetxeko lanak amaitzeko zuinketa berresteko akta. 2017ko azaroaren 20rako amaitu egin beharko ditu lanak Erri-Berri eraikuntza enpresak.

Lehen hezkuntzako eraikina amaitu beharko du enpresak azaroaren 20rako, 90 eguneko epean, beraz. Hala jasota dator lanen esleipen kontratuan. Ordurako lehen hezkuntzako eraikineko lanak amaituta eta azpiegitura erabiltzeko moduan egon beharko da.

Lanak egiteko ardura zuen enpresaren arazo ekonomikoak tarteko, geratu egin ziren obrak maiatzaren 12an eta hori dela eta, Buztintxuriko ikasleek ezin izango dute ikasturtea eraikin berrian hasi. Hori dela eta, lehen hezkuntzakoek ikastetxe -ondoan ezarritako moduluetan hasi beharko dute 2017-18 ikasturtea eta azaroan mugiaraziko dituzte eraikin berrira. Soluzio horrekin, bada, Hezkuntza departamentuak lanak geratu zirenean hartu zuen konpromisoarekin bete ahal izango du; orduan Maria Solana kontseilariak esan baitzuen “matrikulatutako ikasle bat bera ere ez zela mugituko ikasturte berrian”.