angle-left Hezkuntzarako COVID-19aren lan-batzordearen lehen bilera egin da

Hezkuntza, Osasun eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko departamentuek eta Nafarroako Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak osatzen dute

2020/09/04

COVID-19aren hezkuntzarako lan-batzordearen lehen bilera egin da.

Nafarroako Eskola Kontseiluak eta foru gobernuko Hezkuntza, Osasun eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko departamentuek hezkuntzarako COVID-19aren koordinazio batzordearen lehen bilera egin dute. Batzorde horren ardura izanen da ikastetxera modu seguruan itzultzea bermatzeko ekintzak gainbegiratzea eta koordinatzea, bai eta ikasturtearen garapenaren zaintza eta kontrola ere, ikastetxeetan ager daitezkeen kasu positiboen aurrean. 

Atzoko egunean Nafarroako Eskola Kontseiluaren egoitzan, Iruñeko Ezpeleta jauregian, egin duten bileran hezkuntza komunitateko zein osasun publikoko hainbat ordezkarik parte hartu dute.

Batzordean hezkuntza-komunitateaNafarroako Eskola Kontseiluko (CEN) Batzorde Iraunkorraren bidez dago ordezkatua. Batzorde horretako burua Manuel Martín da, CENeko presidentea, eta bertan parte hartzen dute ikastetxe publikoen sareko irakasleen ordezkariek, Nafarroako gurasoen elkarteen federazioek, Foru Erkidegoko ikastetxe pribatuen entitate titularrek eta itunpeko ikastetxeetako irakasleen ordezkariek.

Batzordeko kide dira, halaber, Osasun Departamentuaren menpeko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko ordezkariak, Hezkuntza Departamentuaren mendeko Hezkuntza Ikuskaritzako, Hezkuntza Azpiegituretako eta Hezkuntzako Informazio Sistemetako zerbitzuetako zuzendariak eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren mendeko Unibertsitate Zerbitzuko zuzendaria.

Nafarroako Eskola Kontseiluaren baitan sortutako lan batzorde berria arduratuko da, halaber, hezkuntza komunitateko sektore ezberdinei pandemiak irakaskuntzan duen eraginari buruzko informazioa koordinatzeaz. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak informazio liburuxka bat prestatu du, pandemiaren aurrean prebentzio eta segurtasun protokoloei eta ikastetxeen antolaketari buruzko informazioa jasotzen duen ikasgeletara itzultzeari buruzkoa, eta ikastetxe guztietara bidaliko duena.