angle-left Hezkuntza Departamentuak Abartzuzako Ikastetxe Publiko berria eraikitzeko lanak esleitu ditu

Lanak maiatzean hasi eta eskola 2019-20 ikasturtean zehar martxan jarriko da

2019/04/17

Abartzuzako eskolaren diseinua

 

Hezkuntza Departamentuak, Azpiegituren Zerbitzuaren bidez, Abartzuzako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa eraikitzeko lana, Aldi Baterako Enpresa Batasuna osatzen duten ondorengo enpresei esleitu die: Construcciones Boreste S.A; BECSA, S-A eta Electricidad Fija, S.Lri. 1.710.940 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) eraikitze lana maiatzean hasi eta 7 hilabete luze iraunen du. Deierri, Lezaun zein Gesalatz bailaretako ikasleek eraikin berria 2019-20 ikasturtean zehar estreinatu ahal izango dute.

Ikastetxe berria 2.700m2-koa izango da, eta Abartzuzako Pieza Roya inguruan kokatuko da. Zentroa solairu bakarrekoa izango da, landa-inguruneko estetikari jarraiki, eta kontsumo ia deusezekoa; "baserri-eskola" kontzeptupean eraikiko da. Abartzuzako Eskola Publikoak Haur eta Lehen Hezkuntzako 5 unitate izango ditu, eta gelak eta tailerrak bereizten dituzten bloketan eraikiko da. Modu horretan, Haur-zikloak bi gela eta arte eta sormenerako tailerra izango ditu, eta Lehen Hezkuntzak hiru gela eta arte eta sormenaren tailerrerako espazioa. Horrez gain, denek erabiltzeko guneak eraikiko dira; hala nola, patio estalia, sukaldea, jangela eta erabilera anitzeko gela (gimnasioa, psikomotrizitate gela eta ekitaldi-aretoa), edota administraziorako eta irakasleentzako espazioak. Eraikin berria baliabideen kudeaketa adimentsura egokituko da, eta guneak hezkuntza-metodologia berrietara moldatuko dira, Hezkuntza Departamentuak bultzaturiko lan-ildoa jarraituz.

Ikastetxe berria Abartzuza, Gesalatz, Lezaun eta Deierriko ikasleek erabiliko dute; orain arte, ikasleek Lizarrako ikastetxeetara joan behar izan dute.