angle-left Hezkuntzak Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redín ikastetxeei jakinarazi die Batxilergoan ez dutela itunek jarraituko

Hezkuntza maila horretan ikasleak bereiztuta dituztenez, ez dituzte betetzen ituna mantentzeko ezaugarriak

2023/01/30

Hezkuntza Departamentuak gaur, astelehena, urtarrilak 30 Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redín ikastetxe pribatuei jakinarazi die Batxilergoan ez direla itunak mantenduko. 

Hezkuntza Departamentuak erabaki hori hartu du ikastetxeen alegazioak jaso eta aztertu ondoren, atzera bota baititu. Bi kasuetan, itunak iraungitzeko arrazoia da ikastetxeek  bete ez dutenez LOMLOEren 25. xedapen gehigarria, Batxilergoko ikasleak generoa dela-eta bananduta izateagatik, ez dituztela ituntzeko baldintzak betetzen; beraz, ez betetze hori egiaztatuta, ituna iraungitzea egokitzen da.

Dagokion prozedura izapidetu eta gero, 2022ko apirilean Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko etapetarako ituna berritu zitzaien Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redín ikastetxe pribatuei, bi ikastetxeek beren eskaeretan adierazi baitzuten Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusiak 2021eko abenduaren 28an emandako 489/2021 Ebazpenean eskatutako baldintza guztiak betetzen zituztela, eta, zehazki, LOEren 25. xedapen gehigarrian eskatutakoak.

Ikasturte honen hasieran, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuak egiaztatu zuen aipatu ikastetxeek, Batxilergoko etapan, ikasleak bananduta zituztela generoaren arabera. Kontuan izanik horrekin LOEren 25. xedapen gehigarria bete gabe gera zitekeela, 2022ko irailean, Hezkuntza Departamentuak Zerbitzuak egindako akta bidali zuen bi ikastetxeetara, alegazioak egin zitzaten.

Bi ikastetxeek alegazioak aurkeztu eta Administrazioak baloratu ondoren, Batxilergoaren etapan hezkuntza-ituna iraungitzeko ebazpen-proposamena bidali zitzaien aipatu ikastetxeei iazko abenduan, beste epe bat ematearekin batera alegazioak aurkezteko.

Iraungitzearen ondorio-datari dagokionez, 2023ko abuztuaren 31ra arte atzeratu da, arrazoi pedagogikoak medio, 2022/2023 ikasturtean ituna berehala iraungitzeak ikasleengan eraginik izan ez dezan.

Nabarmendu behar da Batxilergoaren etaparen kasuan ezin dela ituna luzatu, joan zen ikasturtean ikastetxe horietan bertan Lehen Hezkuntzako itunaren iraungitzearekin egin zen moduan; izan ere, horretarako gaitzen duen arauak, 11/1998 Foru Legeak, soilik luzatzeko aukera eskaintzen du ikasleak egiten ari diren derrigorrezko irakaskuntzak amaitu arte, eta Batxilergoko etapa ez da derrigorrezko irakaskuntza.