angle-left Hezkuntzak 2 milioi euro eman ditu Haur eta Lehen Hezkuntzako 42 ikastetxe hobetzeko

Aurkeztutako proiektuen artean, irisgarritasunean edo energia-eraginkortasunean egindako hobekuntzak nabarmentzen dira

2022/05/26

Hezkuntza Sailak NAOn argitaratu du Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntzako eta DBHko) ikastetxe publikoak hobetzeko eta birmoldatzeko proiektuak gauzatzeko laguntzen deialdiaren ebazpena. Guztira, 2.000.000,00 euro erabiliko dira 38 herritako 42 ikastetxeren 73 proiektu finantzatzeko.

Deialdi honen xedea da toki entitateen, udalerrien edo kontzejuen titulartasun publikoko zentroen jarduketak diruz laguntzea, presako esku-hartzea behar duten eraikin edo instalazioak hobetzeko edo birmoldatzeko obrak egiteko, hala nola, egiturazko segurtasuna, eraikinaren iragazgaiztasuna, berokuntza, elektrizitatea edo iturgintza eta saneamendua.

Espazioak eta instalazioak segurtasunaren arloan indarrean dagoen araudira egokitzeko obrak ere finantzatuko dira, bai eta energia aurreztu eta eraginkortasunez erabiltzeko jarduketak ere. Horrekin batera, espazioak irisgarritasun unibertsalari buruz indarrean dagoen araudira egokitzeko obrak ere diruz laguntzen dira.

Onartutako 73 proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Irunberriko San Juan HLHIPko eta Artaxoako Urraca Reina LHIPko estalkiak birgaitzea, Beteluko Araxes HLHIPan igogailu bat jartzea edo Larraintzar Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoko jantokiko eraginkortasun energetikoa hobetzea.