angle-left eTwinning kalitate zigilu europarra jaso dute Nafarroako zortzi ikastetxek

Departamentuak gaur eman ditu aintzatespenak nabarmendutako proiektuen aurkezpen jardunaldian

2019/06/10

Jarduneko Hezkuntza kontseilari Maria Solana Aranak eTwinning diplomak banatu dizkie 13 proiektuetan lan egin duten 12 irakasleri; gainera, 8 ikastetxek kalitate-zigilu europarra jaso dute. Ekitaldian izan dira Hezkuntzako zuzendari orokor Roberto Perez Elortza eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioan Irakasleen Prestakuntza eta Hezkuntza Teknologien Institutu Nazionalean Europako Proiektu Zerbitzuburu Mirian Cecilia Martinez.

 

Erasmus+ programaren baitan Europako Komisioak IKTen bitartez herrialde ezberdinetako ikasleen artean informazioaren trukaketarako zein elkarlanerako proiektuak bultzatzea du helburu eTwinning proiektuak. Nafarroan, ekimena abiarazi zenetik, 827 proiektu garatu dira, eta horietako 52k jardunean dihardute egun ere. Gainera, Foru Komunitateak plataforman erregistraturiko 1.275 nafar irakasle ditu.

Jarduneko Hezkuntzaz kontseilari María Solana Aranak zorionak eman dizkie parte-hartzaileei ekimenean hartutako neke eta konpromisoagatik, izan ere, “ekimen honek aukera paregabea ematen dizue beste herrialde batzuetako ikasle eta irakasleekin batera lan egiteko, esperientziak trukatzeko eta beste ezagutza mota bat hartzeko”, adierazi du, “beste herrialde batzuetako adin berbereko gazteekin elkarlanean jarduteko eta talde-lanaren bitartez komunikaziorako gaitasunak garatzeko aukera” nabarmentzeaz gain. Horrekin batera, eTwinning proiektuaren enbaxadoreen lana eskertu du. Nafarroak 11 ditu gaur egun, eta horiei esker, sare hau “Europako irakasle eta ikasleen sarerik handiena bihurtu da, eta hazten eta ezagutzera ematen jarraitzen du”, ziurtatu du.

Bestalde, Hezkuntzako jarduneko zuzendari nagusi Roberto Pérez Elorzak eTwinning programak Nafarroan lortu duen heldutasun maila nabarmendu du. “Pixkanaka-pixkanaka, gure ikastetxeek ateak ireki dizkiote nazioartekotzeari, modu naturalean eta berritzailean”, azaldu du, eta haren esanetan, “lan honetan funtsezkoa da irakasleen ahalegina, hauexek baitira ikasleei parte hartzeko gogoa igortzen dietenak, eTwinning proiektuaren enbaxadoreen sare dinamikoan”. Azkenik, zera esan du: “Hezkuntzatik gure ikastetxeek kalitateko eTwinning proiektuetan parte hartzeko aukera bultzatzen jarraituko dugu”.

Saritutako proiektuak

Europako kalitate zigilua lortu duten irakasleen artean, honako hauek daude: Marisol Montañés, Tuterako Huertas Mayores HLHIPekoa, ‘Rudolph is in town’ proiektuagatik; eta Daniel Serrano, Marisa Garde, Luisa Pérez eta Marisol Montañes, Tuterako Huertas Mayores HLHIPekoak, ‘eTwinning Space Explorers’ proiektuagatik; Adrina Rípodas, Iruñeko Navarro Villoslada BHIkoa, ‘My History is my Pride’ eta ‘A journey around the Mediterranean” proiektuengatik; Izaskun Jorajuria, Atarrabiko Pedro de Atarrabia DBHIkoa, ‘Science is fun’ eta ‘Challenge in Science’ proiektuagatik; Isabel Canal, Iruñeko Jesuitinas Ikastetxekoa, ‘The best of both words’ eta ‘Euro Teen Generation’ proiektuagatik; Juan Peñas eta Oscar Valiente, Ablitasko San Babil HLHIP eta Fustiñanako Santo Justo y Pastor HLHIPkoak, ‘Detectwinning’ proiektuagatik; Aurea Garde, Castejon DBHIkoa, ‘Incluso, Eti, Even’ proiektuagatik; Mathilde Hugrel, Garesko Seminario Padres Reparadores ikastetxekoa, ‘Twinsketches: notre monde en scène/s’ proiektuagatik; eta Miren Askasibar, Lesakako Irain HLHIPekoa, ‘Postcards from Europe!’ proiektuagatik.

Gainera, eTwinning Ikastetxearen zigilua jaso dute honako hauek: Tafallako IIP, Iruñeko Jesuitinas Ikastetxea, Tuterako Huertas Mayores HLHIP; Ablitasko San Babil HLHIP; Iruñeko Navarro Villoslada BHI; Iruñeko Gurutzearen Plaza BHI.